Literatoak

Ertzilla, Manu

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Bilbo, 1953.

Manu Ertzilla Bilbon 1953an jaio bazen ere, Durango herriarekin oso lotura estua du. Pott bandako partaide izan zen, Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde, Jon Juaristi, Joseba Sarrionandia eta Ruper Ordorikarekin batera. Halaber, Federico Krutwigek sortutako Jakintza Baithako jarraitzaile. Egun euskara irakaslea da Bilboko La Salle ikastetxean. Ertzillaren obra lau liburuk osatzen dute: bi poesiazkoak, Hitzik ainitz idatzi dut (1977) eta Ezpondetako pneuma (1989), eta Ez (1999) eta Obligazio bat (2006) eleberriek. Sorkuntza-lanez gainera, Montesquieren Gutunak bilduma itzuli zuen 1998an. Bi poema liburuak sarituak izan ziren, lehenengoak Kritika Saria irabazi zuen 1978an eta, bigarrenak, Bizkaiko Foru Aldundiko Literatur Saria, 1988an.

Hitzik ainitz idatzi dut liburua, postmodernitatearen neke sentsazioarekin erlazionatu behar da, "dena esanda dago" ideiarekin, edo "ez dago deus berririk zerupean" esaldi biblikoarekin. John Barth-ek "The literature of exhaustion" eta "The literature of replenishment" artikulu ezagunetan, literatura postmodernoak (lehenengoan ez du adjektibo hau erabiltzen, gero erantsi zuen), XX. mende amaierakoak hain zuzen ere, abangoardien berrikuntza alde batera utzita, literaturaren ezintasuna adieraztea duela helburu agertzen du. Harek dioenez, ez dago literatura berria sortzerik, salbuespen batekin: literatura berriaren ezintasuna adierazten duen literatura. Korronte horretan koka genezake Ertzillaren poetika. Jon Kortazarrek honela laburbiltzen du poeta bilbotarraren lehen liburua:

"Bukatu da estetizismoa, bukatu da hizkeran sinesteko garaia: heldu da postmodernitatea. Baudelaire-ren eta Mallarmé-ren asperdura da, agian, poetak agertu nahi duena (...). Izenburuak garbi adierazten du nola jokatu nahi duen idazleak. Hitza erori egin da, galdu, beste espresabide bat behar dugu, baina Manu Ertzilla hartan geratzen da, ezintasun baten adierazpenean" (2003: 90).

Ezpondetako pneuma liburuarekin Ertzillak bide berri bat urratu zuen. Bigarren lan honetan poemak aurrekoan baino luzeagoak eta intelektualagoak dira eta, Kortazarren ustez, horietako askotan egitura hirukoitza nabarmentzen da. Egitura honakoa da: lehen atalean, ni poetikoak egunerokotasuneko elementu bati so egiten dio; bigarren atalean, elementu hori abiapuntu dela, ni poetikoa hausnarketan murgiltzen da; hirugarren atalean, hausnarketa horretatik ni poetikoak alegoria moduko batera egiten du jauzi.

"Poema gehienetan joko berbera agertzen da: poemaren nitasunak zerbait ikusten du (...). Ondoren poemak beste bide bat hartzen du, begiradaren mundutik pentsakizunaren mundura igarotzen du (...). Hirugarren une batean hausnarketa alegorizazio bide bihurtzen da" (Kortazar 2003: 93).

Eleberriei dagokienez, Ez lana Manu Ertzillak Thomas Bernhard idazle austriarraren Bai nobelari ematen dion erantzuna da. Umezurtz geratu ostean, gurasoek Pirinioetan zuten benta saltzeko zorian dagoen pertsonaia isolatuaren gogoetak islatzen dituen narrazioa da Ez. Notarioaren aurrean, ondasunekin zer egin erabakitzeko kinkan dagoela, bizitza oroitzeari ekiten dio pertsonaia horrek. Haren nortasunari buruz, honakoa dio Javier Rojok (1999):

"Lehenengo pertsonan, pertsonaia horren buruan sartuta beraz, idazleak horren historia kontatzen digu nobelan zehar. Pertsonaia hau patetikoa dela esango nuke: besteekiko harremanetarako guztiz ezindua, bere neurriko mundu batean bizi izan da beti, bai fisikoki (gurasoekin Pirinioetako leku urrun batean), bai espirituari dagokiola".

Ertzillaren azken lana Obligazio bat izenburua daraman nobela da, bi narrazio luzez eta epilogo batez osatua. Lehenengo narrazioa Heriotze edo mutilazio kasuan... da, non Goti izeneko milizianoaren istorioa kontatzen den. Gerra Zibilean besoa galdu zuen unea erabakigarria da, bai bere bizitzan eta baita narrazioan ere. Bigarrena, Modu optativo verbalaren inzertitudea: apaltasunezko exerzizioa, Federiko Krutwige idazle eta pentsalariaren inguruan idatzitako testua da. Hizkera du berezia eleberri honek, Iratxe Retolazak (2207) aipatzen duen bezala:

"Esango nuke -irudipen hori izan dut narrazioa amaitzerakoan-, bereziki lapurtera klasikoaren eredua proposatu zuen Federiko Krutwig idazlearen hizkuntza eredua/mundu ikuskera azalarazteko beharra sentitu duela, eta horretarako, ezin hobeto, Krutwigek proposaturiko idaztankerari heldu diola, haren mundu ikuskerara hurbiltzeko molde ezin aproposagoa".

  • BARTH, John. "The Literature of exhaustion". The Friday Book. Essays and Other Non Fiction. New York: Putnam, 1984. 62-76 orr.
  • BARTH, John (1984): "The Literature of Replenishment". The Friday Book. Essays and Other Non Fiction. New York: Putnam, 1984. 193-205 orr.
  • KORTAZAR, Jon. Pott Band. Bilbo: Bilboko Udala, 2003.
  • KORTAZAR, Jon. "Hitzik ainitz idatzi dut (1977)". Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara Institutua, 2008. [Kontsulta data: 2012-04-27].
  • RETOLAZA, Iratxe. "Obligazio bat". Berria. 2007-05-06.
  • ROJO, Javier. "Ez". El Correo. 1999-09-08.