Zuzendariak

D'Abbadie D'Arrast, Henry

1897ko maiatzaren 6an, jatorriz ekialdeko Euskal Herriko sendia ospetsu baten baitan Buenos Airesen (Argentina) jaiotako zine zuzendaria. Montecarlo 1968. urtean zendu zen. Henry izenez bataiatua, bere amerikar arte-ibilbidean Harry izena hartu bazuen ere.

Bere aitite, Arnauld d'Abbadie leinu sortzailearen semea, Jean Charles d'Abbadie izan zen, Antoine eta Arnaud Michel d'Abbadieren anaia. Antoine sendi-leinuko pertsonaiarik ospetsuena da. Bere Hendaiako gaztelua -Chatteau Abbadie- Pariseko Zientzia-Akademiari utzi zion. Jean Charles d'Abbadiek Baigorrin zegoen Etxauzko gaztelua erosi eta bere abizenari d'Arrast, bere aitaren jaioterria zenaren toponimoa erantsi zion. Bere semea Arnaud Michel d'Abbadie d'Arrast ingeles Katherine Taylor emakumearekin ezkondu eta Argentinan ingeniari bezala lanean ekin zion, bere semea eta gerora zinemagilea izango zen Henri d'Abbadie Arrast bertan jaioz. Nolabaiteko ukitu aristokratikoaz gain ingelesa, frantsesa eta gazteleraren ezagutza zituen heziketa kosmopolita hori Hollywoodera iristeko bere etorkizunean ezinbesteko izan ziren.

Horrela, Arkitektura ikasi ondoren eta Lehen Mundu Gudan borrokan izanik -esku bat betirako hebainduta eta Ohorezko Legioaren domina utzi zizkion abentura- Henri Hollywooen aberastasun handiak egiteko aukera handiez Parisen hitz egin zion amerikar batekin aurkitu ondoren, zinearen bihotzera abiatu zen. Bere zorroztasunak eta estilo airosak behingoan aukera asko eman zizkion eta laster Hollywoodeko onenekin harremanetan jarri zen. Charlie Chaplin, Marion Davies, William Randolph Hearts, Sam Wood, Douglas Fairbanks, Mary Pickford edo Gloria Swanson bezalako izar distiratsu mitikoek Europatik etorritako atzerritar lirain eta jakintsua zoragarri begitantzen zuten. Gloria Swansonek industrian sartu zuen Sam Wood-en The Impossible Mrs. Bellew (1922) filmean aholkulari lanpostua lortuz. Geroago zuzendari berberaren My American Wife (1923) filmean gautxo musikariarena egiteko aukera eman zion. Baina urrats erabakigarria Charlie Chaplinekin izan zuen egotaldia izan zen. Zine-jeinu handiak ez zuen Harryren kultura-jakintzaz baliatzeko inolako zalantzarik eta bere A Woman of Paris (Una mujer de París) (1922) filmerako arte-aholkulari bezala kontratatu zuen. Gero bere The Gold Rush (La quimera del oro) (1924) lan ikaragarrian zuzendari-laguntzaile gisa kontratatu zuen. Zinemagile bi horien artean sortu zen adiskidetasuna -Chaplinek Baigorrin Harryk zeukan gazteluan ostatuan oporraldi batzuk igaro zituen- andeatu egin zen. Baina Harryk urte horietan zine-maisurik hoberena izan zuen eta laster bere filmak zuzentzeko abenturan abiatzeko bere burua gertu ikusi zuen.

Bere lehen Service for Ladies (1927) eta A Gentleman of Paris film luzeek ez dute Chaplinen eraginetik ihes egiterik. A Gentleman of Paris eta A Woman of Paris izenburuen antzekotasuna nabarmena da. Gainera, Adolphe Menjou, azken filmeko protagonistak, Harryren bi filmetan lan egin zuen. Geroago Serenade (1927) zuzendu zuen, Adolphe Menjou aktore nagusi zela ere, The Magnificent Flirt (1928) eta Dry Martini (1928) bere lehen soinudun filma, Mary Astor eta Albert Conti izarrekin. Guztira egilearen nortasun xarmagarriaren ispilu bezala azaltzen ziren bost komedia sofistikatu, gatzdun eta lirainak. Harryren kameraren osteko lanak arrakasta handia izan zuen jendaurrean eta kritikak ere Harryren arte-proposamenaren liluragarritasunari amore eman zion Ernst Lubitsch judutar-aleman jeinuarekin erkatuz.

Baina zoritxarrez Harryk ez zuen lilura bakarrik. Handikeria, harrokeria eta izaera txarra ere bere nortasunaren zati ziren. Eta jarrera horrek Hollywoodeko ekoizlerik garrantzitsuenekin areriotasunak ekarri zizkion. Samuel Goldwynekin aurkakotasun garratz baten ondoren, filmaren zatirik handiena eginda zeukanean Raffles (1930) filmetik kendu egin zuten. Urte horretan Frederic Marchekin, Hollywooden geroztiko musika-komediarentzako erreferente garrantzitsua izango zen Laughter filmatu zuen. 1931an, film horretan egindako bere lanari esker, Egokitutako Gidoirik Hoberenarentzako Akademiaren Oscarrerako izendatua izan zen, aipamen hori lortzen duen lehen euskalduna izanez. Baina bere zoria bideratuta zegoen Hollywooden. Irving Thalberg indartsuarekin eten eta Joe Shenck ekoizlearekin istilu bat izan ondoren Hallelujah, I'm a Bum ? filma bertan utzi zuen. Oraindino Topaze (1933) filmatu ahal izan zuen, John Barrymore eta Myrna Loyrekin.

Une horretatik aurrera Estatu Batuak utzi eta Espainiara jo zuen bere emazte Eleanor Boardman aktoresa amerikarrarekin. Bertan filmatu zen La traviesa molinera (1934), garaiko espainiar filmik hoberenetariko bat. Tamalez jatorrizko negatiboa gordetzen zen laborategiko suteak eta aldakien desagerpenak arte-lan hori gure eskuetara iristea eragotzi egin du, zoritxarrak markatutako zinegile horren patu tragikoa areagotuz. Federico Garcia Lorcak La traviesa molinerari gorazarre hau eskaini zion: "es tan exquisita y bella esta película... que no parece española". Eta Chaplinek, Nueva Yorkeko Arte Garaikidearen Museoko Film Libraryk egindako zinemaren historian film hoberenetarikoez egindako galde-sortan izenburu hori besterik ez zuen aipatu. Baina Fritz Lang handiak, Harryren film amerikarrez hitz egitean "entre las más deliciosas películas de toda la historia del cine" jarri zituen. Hala ere, bere arte-lorpenak gorabehera, ez zuen inoiz berriz Hollywooden lan egiterik izan. Bere zine-ibilbidea berreskuratzeko ahalegin guztiak alferrik izan ziren. Zinearen bihotzean arerio aberats larregi egin zituen. Baigorriko sendi-gaztelura itzuli zen. Montecarlora sarri zihoan joko zalea baitzen. Bertan hil zen 1968an, ahaztuta. Baxe Nafarroako herri txiki horretako sendi-hilobian lurperatua, 1990ean Donostiako Zinemaldiak bere lanaren atzera begirakoa erakutsiz eta Jose Luis Borauren El caballero d'Arrast liburua argitaratuz bere irudia berreskuratzen du.