Olerkariak

Elizanburu, Jean-Baptiste (1828-1891)

1828ko abuztuaren 14an jaio zen Saran (Lapurdi) Istillar auzoko "Piarresenea" etxean. 1891ko urtarrilaren 2an hil zen Saran, bere jaioterrian, seminarioko lagun zaharra, Gracien Adema "Zalduby" bertan zela.

Michel Elissamburu izan zuen aita eta Juana Irazabal ama. Lehen ikasketak Saran burutu zituen. Ondoren Larresoroko seminarioan sartu eta Gracien Adema apaizgaia ezagutu zuen, gerora "Zalduby" poeta izango zena. 21 urterekin, apaizgorako deiera ez zuela ikusita, seminarioa utzi eta Frantziako ejertzitoko infanteriako errejimentu batean sartu zen.

1855ean Urruñako (Lapurdi) literatur lehiaketan lehen saria jaso zuen Emazte edalea olerkiari esker. 1858an, beste sari nagusi bat eskuratu zuen Sarako lehiaketan, Tam, tam, tam, tam, ratapetamplan... olerkiari esker.

32 urterekin ejertzitoko ofizial kargua lortu zuen eta, beranduago, Guardia Inperialean granadari sartu zen. 1860an, "Harluche" izengoitiarekin, berriz ere lehen saria eskuratu zuen Sarako lehiaketan Gazte hiltzera dohana olerkiari esker. Baina 33 urte zituela, Nere etchea konposizio ezagunari esker jasotako lehen saria izan zen agian garrantzitsuena. Lan hori Euskal Herriko zazpi probintzietan ahoz aho zabaldu zen berehala. 1862an Apexa eta lorea poesiarekin beste sari bat pilatu zuen eta 1864an Solferino'ko itsua poesiak jaso zuen saria, "Sallaberry" izengoitiarekin. Bi urte beranduago beste poesia ezagun batek jaso zuen saria, Maria izenekoak, hain zuzen.

Urte horretan (1866) teniente kargua eskuratu zuen Frantziako ejertzitoan, eta hurrengo urtean kapitain izango zen. 42 urte zituenean (1870) Frantziak porrot egin zuen, ondorioz, ejertzitoa utzi eta Saran finkatu zen bake-epaile modura. Han Urruñako F. Eiherabururekin ezkondu zen (1870). Jadanik 1871n beste sari bat jaso zuen Xori berriketaria olerkiari esker, orduko hartan "Doyarzabal" izengoitia erabili zuen. Garai hartan Saran bizi zen Wentworth Webster euskaltzale ingelesa ezagutu zuen.

Ustez Elissamburuk erebili zituen izengoiti guzti horiek benetan bereak ote ziren eztabaidatu izan da, horrek arazo interesgarria azalarazi du euskal literaturan. Hona atxikitzen zaizkion izengoitiak: "Harluche", "Saratar bat", "Piarre Adame", "Darrupe-Harluz", "Doyarzabal", "Sallaberry", "Lewy d'Abartiague", "Ziburuko Xantrea". Elissamburu kalitate goreneko egiletzat (Villasante) edo hizkuntzaren maisu handitzat hartu izan da (Michelena).

  • Labayen, A. M., Elizanburu, bere bizitza eta lanak. "Egan", 1945, 1-2 eta 3-4
  • id. Quién es el autor de Solferino'ko itsua. "Homenaje a J. de Urquijo", II. liburukia
  • Mújica, G., Destellos de historia vasca. Elizanburu. "Auñamendi bilduma", 25. zenbakia
  • id. Elizanburu, "RIEV", 1912
  • Etxaide, Jon., Elizanburu. "Amasei seme Euskalerriko"
  • Lafon, R., Hommage à la langue et à la littérature basques. "Eusko-Jakintza", 1949
  • Lafitte, P.: Le Basque et la littérature
  • Villasante, L., Historia de la Literatura Vasca (180-183. or.)
  • Michelena, L., Historia de la Literatura Vasca (134-135. or.)
  • Mourlane M. P., Los poetas en lengua vasca. "Eusko Ikaskuntzen Lehen Kongresua", 1918
  • Webster, W. (Nekrologia) "Euskalerria", 1892
  • Lafitte, P. (Larresoroko seminarioan emandako hitzaldia), "Gure Herria", 1928
  • Ormaetxea, N., Elizanburu. "Euskal Esnalea", 1927