Eskultoreak

Echevarria, Jesus

Eskultorea. Baranbion (Araba) jaio zen 1916an, eta Kanbon (Lapurdi) hil 2009ko otsailaren 4an.

Harginen seme eta biloba zen. Gerra Zibila hastean, "Araba" batailoi errepublikarrean engaiatu zen soldadu, eta gatibu hartu zuten 1937an. Bere gurasoak Kanbora (Lapurdi) joan ziren bizitzera bere arrebarekin eta beste errefuxiatu batzuekin. Gerora, Gurseko kontzentrazio-esparrura igorri zuten bere aita. 1944an askatu zutenean, bere sendiarekin bildu zen Kanbon. Maialen Gastigardekin ezkondu zen, eta, bere emazte izateaz gainera, musa eta lankide izan zuen.

Bere kasa ikasita hasi zen zizelkatzen berrogeita hamarreko hamarkadan. Oso gustuko zituen gai historikoak, Biblia eta espainiar literatura, hala nola, Mío Cid olerkia, El Romancero, Lazarrillo de Tormes, Arcipreste de Hita, serranillak, etab.; laster saiatu zen horiek zurean, harrian edo lurrean zizelkatzen. Horrela sortu ziren Cantar del Mío Cid-ekin lotutako hamaika piezak eta pertsonaia ugari, hala nola, Le changeur du Moyen Age, Le forgeron forgeant Durandal, L'alchimiste, Thérèse d'Avila écrivant le livre de sa vie, Guzmán el Bueno, El domine Cabra, La reine Margot, Boabdil le dernier prince maure de Grenade, Les neiges d'Antan, Tristan et Yseult etab.

Genesiko kontakizunetan oinarritzen dira L'esprit de Dieu sur les eaux, La terre était uniforme et vide, Le ciel et la terre, Le jour et la nuit, La naissance des oiseaux, La germination, Adam et Eve eta Le typhon; estilo aszetikoa eta sinbolikoa dute. Lorcaren lanean inspiratuta sortu zituen La monja gitana eta El romance de la pena negra. Eta, haurtzaroa gogoan, Maternités eta La femme au marché lanak sortu zituen.

1964an UBAren Bienalean parte hartu zuen Baionan, Arte Sakroaren atalean, eta lehenengo domina lortu zuen bertan. 1966an, bere Esculturas Polícromas bilduma erakutsi zuten Biarritzen egindako erakusketa kolektibo batean, eta kritikaren saria jaso zuen.

Harremanetan jarri zen eskultoreekin eta margolariekin, eta, Philippe Comteri esker, erakusketak egin ahal izan zituen Pauko museoan eta Centre Georges Pompidoun; La Gènese bildumako 10 piezak egon ziren bertan ikusgai 1979an. Sthalyren lantegia ere bisitatu zuen, bai eta Andreou Otanirena ere. Giacomettiren, Brancusiren, Di Teanaren, Otani japoniarraren eta Oteizaren lanak ezagutu zituen. Bai eta Rambreren, Casamaren eta Laffargueren margolanak ere.

1985eko irailean, eskultura batzuk aurkeztu zituen Arnagako negutegian, eta, 1995ean, Bokalen, Le Sacré du printemps erakusgai jarri zuen 48e. Salon d'Automne du Cercle des Amis de l'Art de Boucau-Tarnos aretoan.

Angelun (Hommage à Ravel), Baionan, Biarritzen, Kanbon, Maulen, Paun, Donibane Lohitzunen edo Donapaleun daude bere lanak.

Bizitza osoan zehar egin zuen lan intimista, baina adierazpen handikoa, indartsua eta garbia, zuzenean funtsera doana gauza ukigarriak eta ukiezinak biltzeko, materia eta argia. Erromatar arkitekturak liluratu egiten zuenez, gero eta garrantzi handiagoa eman zion argiari bere lanaren bilakaeran.

2003ko azaroan, Claude Dendaletchek Echevarria, escultor de la luz izeneko liburua argitaratu zuen. Urte horretan bertan, Eusko Ikaskuntzaren Baiona Hiriko Ohorezko Saria jaso zuen artistak; beren jarduerekin edo ekoizpenekin euskal kulturaren edo Iparraldeko zientziaren alde egin duten pertsonei ematen zaie sari hori.

2006an, Baionako Euskal Museoak erakusketa monografiko bat egin zuen bere lanekin; hain zuzen ere, museo horren bilduma iraunkorrean daude Jeu de tute eta Le Condor izeneko lanak. Seaskak ere egin zion omenaldia, Ikastolen Federazioari lagundu izanagatik, zenbait erakusketa antolatu baitzituen euskara irakastearen alde.