Arkitektoak

Cortazar Urruzola, Ramon

Arkitektoa. Donostia, 1867; Donostia, 1945 abenduaren 12a.

Ramon Cortazar Urruzola arkitekto gipuzkoarrak probintzian zehar hainbat eraikin burutu zituen, Foru Aldundiko arkitekto nagusia izan baitzen, baina bereziki ezaguna da hiriburuan, Donostian bertan, Eklektizismoari jarraituz gauzatu zituen eraikin multzo zabalengatik.

Antonio Cortazarren semeak ikasketak aukeratu behar izan zituenean ez omen zuen zalantza handirik eduki. Gogoan izan dezagun Donostiako lehen zabalgunearen egilea izateaz gain, aitak hirian zehar hainbat eraikin garrantzitsu diseinatu zituela eta neurri handi batean esan dezakegu egun ezagutzen dugun Donostiaren erdigune nagusia Pedro Manuel de Ugartemendia, Antonio Cortazar eta Jose Goicoa arkitektoen lanen emaitza eta ondorioa dela. Baina ohikoa den Donostiako irudi hori hobekiago ulertzearren, aipatutako hirukote horri laugarren arkitektoa gehitu behar diogu, eta hori Ramon Cortazar Urruzola dugu.

Baina aurreko arkitektoen antzera, Ramon Cortazarrek bere arkitektura lanetan Eklektizismoaren aldeko apustua egin zuen. Dena den, ibilbide hori Ugartemendiarekin hasi zen eta Ramon Cortazarren lanetan amaitzen da. Bilakaera handia eta nahiko argia da. Horrela, hasierako proposamenetan hizkuntza arkitektoniko nagusia neoklasizismoa bazen, bukaera aldean, Ramon Cortazarren eraikinetan eklektizismoa aberatsagoa eta anitzagoa izateaz gain, adierazkortasuna nabarmendu egin zen. Horren ondorioz, bere ibilbidearen amaiera aldean modernismoaren eta arrazionalismoaren aztarnak aurkituko ditugu. Horregatik, Euskal Herriko arkitektura garaikidean Ramon Cortazarren garrantzia handia da. Eraikin multzo zabal baten egilea izan zen eta horietako asko oraindik zutik daude, eta Donostiako paisaia arkitektonikoan txertatuta geratu dira, berezko arkitektura balitz bezala. Gainera bere ibilbide profesionalak oso ongi laburbiltzen du XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako garapena eklektizismotik hasita modernismoraino. Alde horretatik, nabarmentzekoa da -eta hori bere liburutegi pertsonala aztertuz ikusi daiteke da- bere bizitza luzean zehar egokitu zitzaion garaiko arkitekturaren inguruan erdietsi zuen ezaguera. Gainera, bere neurrian saiatu zen egoera berrietara moldatzen, bere burua aldatzen edota egokitzen.

1891. urtean Madrilgo Arkitektura Eskolan titulua lortu ondoren, Ramon Cortazar Donostian bere aitarekin lanean hasi zen, eta hau hil zenean, estudioa utzi eta Manuel Echaveren esanetara honen estudioan lanari ekin zion. Aldaketa hori oso erraza eta naturala izan zen, Manuel Echave Ramonen koinatua baitzen. Horrez gain, honek ere Antonio Cortazarren lekua hartu zuen Gipuzkoako arkitekto probintziala bezala. Gero, Manuel Echave hil zenean, Ramon Cortazar arkitekto probintziala bihurtu zen. Lehen urte horietan, hasiera batean aitari laguntzen aritu zen eta gero Manuel Echaveri; azken horren kasuan, Artzain Onaren katedrala egitea egokitu zitzaionez, Ramon Cortazar izan zen dorre nagusiaren azken erremateak bukatu zituena. Baina nahiz eta harreman ona izan, Ramon Cortazar eta Manuel Echave eta bere aitaren artean aldea handia zen. Hirurek garai hartako ohiko heziketa jaso zuten, hots, heziketa akademikoa. Horren eraginpean, Eklektizismoa zen irizpide nagusia. Antonio Cortazarrek eta Manuel Echavek, nahiz eta belaunaldi desberdinekoak izan, ildo berari helduz lan egin zuten hausturarik gabe. Baina Ramon Cortazarren belaunaldian aurrekoarekin konparatuta desberdintasunak nabariak ziren, agian ez hizkuntza formalari dagokionean, baina bai jarrera kontuetan. Orain askoz askeagoa zen, aurreiritzirik gabekoa, eta neurri batean, prestatuagoa etor zitezkeen hizkuntza eta proposamen berriei aurre egiteko, edota zuzenean egokitzeko.

Hasierako fase hori 1896an amaituko da Manuel Echaverengandik aldendu eta bere ibilbide propioari heltzen dionean. Hasierako lanak Luis Elizalde arkitekto donostiarrarekin batera sinatuko ditu. Horien artean, bi nabarmendu behar ditugu: Banco Guipuzcoano delakoaren egoitzaren birmoldaketa lanak (1900), Askatasuna etorbidean, eta bereziki, Artzain Onaren katedralaren atzealdean, Postetxearen eraikinaren ondoan, Bigarren Hezkuntzako Institutu Probintziala (1896). Bi lan horietan, batez ere aurreko belaunaldietako arkitektoen lanekin konparatzen baditugu, aldaketak nabariak dira. Neoklasizismoa baztertu egiten da, eta bereziki Errenazimendua eta Barrokoko elementuak erabiltzen dira, apainketak oparotasunez garatuz, eta orokorrean, dinamismoa eta adierazkortasunaren aldeko apustua eginez. Fase eta estilo horretakoa da Eibarko udaletxea ere (1899). Bertan Cortazarrek -oraingoan bakarrik- udaletxeen inguruko tipologiaren berezitasunak aintzat hartzen baditu ere, beste elementu berriak erabiltzen ditu, emaitza orijinala eta berritzailea izanik.

Baina handik urte gutxira, 1903an alegia, Ramon Cortazarren ibilbidean aldaketa berria sumatzen dugu. Urte hartan Donostiako Garibai kaleko 21. zenbakian diseinatzen duen etxebizitza multzoan bere hizkuntza sinplifikatzen du, Eklektizismoan ohikoak ziren ezaugarriak aldatuz, esaterako, fatxadan landu gabeko harria lehen solairuan paratu ordez, goiko solairuetan ezartzen du. Modernismoaren hainbat xehetasun eta apaindura gehitzen dizkio eraikinari. Joera berbera aurkituko dugu berak eraikitako Zubieta (1906) eta Prim (1911) kaleetako beste etxaditan, eta neurri txikiago batean Ozeanoko Perla eraikin multzoan (1911). Hala ere, urte horietan beste zenbait eraikinetan -Hernanin kale Nagusiko 33. zenbakiko etxadian (1907), edota Zizurkileko Haur Etxean (1903)- ez ditugu modernismoaren aztarnak aurkitzen eta bai ohiko hizkuntza arkitektoniko eklektikoa. Berez, Ramon Cortazarren ibilbidean ez da erraza faseak argi eta garbi bereiztea, eraikin asko egiteaz gain oso tipologia desberdinak garatu baitzituen, eta bere jarrera oso aldakorra izan zen, denbora guztia modari so egin baitzion.

Hala ere, 1913an Cortazarren ibilbidean laugarren fase bat nabarmentzen da. Berez, epe honetan garai hartan sortu berria zen arkitektura inguruko tipologia jorratu zuen, hau da, zinemari bereziki eskainitako aretoen eraikuntza. Hurrengo urtetan hiru diseinatu zituen Donostian: Miramar aretoa (1913), Bellas Artes antzokia (1915) eta Printzipe antzokia (1922). Lehenengoan -tamalez egun eraitsia- aldaketa berriaren ezaugarriak ikusi ditzakegu: erabiltzen duen hizkuntza arkitektoniko nagusia eklektikoa bada ere, nabaria da soiltasunarekiko egiten duen apustua, apainketak gutxituz eta formen bolumenak handituz, eraikuntzaren estruktura geometriko bera azpimarratuz. Bellas Artes antzokian, bestalde, apainketarako tartea handitzen badu ere, funtsean aurreko dinamismoa eta adierazkortasuna baztertu dituela nabaria da, eta eraikuntzaren karga sinbolikoa handia bada ere -kokagunea, bigarren zabalgunearen amaieran- hau ez du lortzen apainketak pilatuz aurreko fasetan bezala, baizik eta estruktura eta konposizio geometrikoa nabarmenduz.

Baina 1922an Ramon Cortazarrek berriro aldaketak egiten ditu bere ibilbidean oraingoan atzera eginez, eta alde batetik eklektizismo oparoena berreskuratuz, eta bestetik modernismoaren hainbat apainketa detaileak berriro erabiliz. Bosgarren fase hau bere hirugarren zinema aretoarekin hasiko da, Donostiako Alde Zaharreko Printzipe aretoa alegia. Hemen agerian dago bigarren eta hirugarren faseko oparotasuna. Bide beretik jarraituko du Tomas Gros kaleko 5. zenbakiko etxadian (1922), Hispano Amerikano hotelaren berreraikuntzan (1922) edota Usandizaga kaleko 21. zenbakiko etxadian (1926); azken lan horrek garaiko arkitekto gazteak guztiz atsekabetuta utzi omen zituen, batek baino gehiagok merengez eginiko tarta batekin parekatu baitzuen. Garai horretakoak dira ere Azkoitia, Zestoa eta Zumaiako tren geltokiak; 1924 eta 1925 artean diseinatuta. Oraingo honetan, Cortazarrek eklektizismoa eta modernismoa baztertu, eta arazorik gabe "neoeuskalduna" izeneko estiloaren aldeko apustua egin zuen, euskal baserrien estetikaren itxura bateratuz modernitatean sortutako tipologi berritzaile horrekin.

Baina Cortazarren ibilbide profesionala amaitzear zegoenean aldaketa berria sumatzen dugu. 1928an Infanta Beatriz kaleko 7. zenbakiko etxea eraikitzerakoan berriro bere laugarren faseko soiltasuna eta sinpletasunaren aldeko joera berreskuratzen du. Adierazkortasunari uko egiten dio eta bere burua garai berrietara egokitzeko prest dagoela ez erakusten digu. Arkitektura modernoa eta arrazionalaren aldarrikapena hasia da. Horren eredu da Jose Manuel Aizpuruak eta Joaquin Labayenek gauzatutako Nautiko Elkartearen eraikina. Dena den, Cortazarrek diseinatutako eraikinaren oinplanoa aztertzen badugu, segituan ikusten dugu estilo berriekiko egokitzapena fatxadan eta zenbait xehetasunetan soilik geratzen dela. Hala ere, azken fase horretako eraikin ausartena 1938an Irunen egingo du, San Martzial kalean, oraingoan ere etxadi batean eta kasu honetan arrazionaltasuna eta adierazkortasuna modu bikainean konbinatuz.

Ramon Cortazar Donostian hil zen 1945ean, 78 urte zituela.

  • ARSUAGA, M.; SESE, L.: Donostia-San Sebastián: Guía de Arquitectura. Donostia: Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, 1996.
  • AZPIRI, A. [et al.]: Gipuzkoa. Guía de Arquitectura de 1850-1960. Donostia: Nerea-Gipuzkoako Foru Aldundia-Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala Gipuzkoa, 2004.
  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier: Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
  • HERNANDO, J.: Arquitectura en España. 1770-1900. Madrid: Cátedra, 2004.
  • LABORDA YNEVA, J.: Arkitektoak Donostian: 1880-1930. Donostia: EAEAO, Gipuzkoako Ordezkaritza, 2008.
  • MAS SERRA, E.: 50 años de arquitectura en Euskadi. Vitoria-Gasteiz: Gobierno Vasco, 1990.
  • MENDIETA, J.M.; OLAZABAL, M.; SANZ ESQUIDE, J.A.: Archivo de arquitectura en el País Vasco años 30. Bilbao: Gobierno Vasco-Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, Delegación de Bizkaia, 1990.
  • MOYA, A; SAENZ DE GORBEA, X; SANZ ESQUIDE, J.A.: Arte y Artistas vascos en los años 30. San Sebastián: Diputación Foral de Gipuzkoa, 1986.
  • ORDOÑEZ VICENTE, M.: "Obras de Ramón Cortazar. Tres teatros para San Sebastián", en Ondare, nº 20. Donostia, Eusko Ikaskuntza, 2001.
  • URRUTIA, A.: Arquitectura española siglo XX. Madrid: Cátedra, 1997.