Pintoreak

Bringas y Bringas, Francisco de Paula

Genero-pintorea, herrialdeko lehen pintore kostunbrista gisa hartzen dena. Mexikon jaio zen 1827ko ekainaren 1ean. 1855ean zendu zen.

Gurasoek Bizkaiko Enkarterrietako arbasoak zituzten eta semeak 11 hilabete eskas zituela Bilbora mugitu ziren. Oso gazte zaletu zen marrazketa eta koloreen artearekin. Hala, 17 urterekin hasi zen pintura ikasten Pablo Bausac pintore arabarraren eskutik, hark estudio bat baitzuen Bilbon. 1848-1850 bitartean Madrileko San Fernando Akademian egin zituen ikasketak Francisco de Madrazo irakasle zuela. Irakasle hark, era berean, Leon Bonnat euskal pintorearen (Baiona) lehen urratsak zuzendu zituen.

1853an Bilbora itzuli zen eta artearen munduan murgildu zen erabat. Han askotariko obrak burutu zituen, esate baterako, zezenketa arlokoak, paisaiak, marrazkiak, karikaturak, kartelak edota akuarelak. Horrela, trebetasun handiz islatu zituen Euskal Herriko usadioak, andaluzak, ijitoak, manolak, kaleko eszenak.

Artista polifazetikoa izan zen eta tresna eta teknika ugari (ura, olioa, luma, etab.) baliatu zituen, hautatutako gaiaren arabera. Frantzian egindako egonaldian akuarelak margotu zituen Pariseko bainuetxe batean.

Beste aro batean, pintzela eta luma tartekatuta, egunkari anitzetan kolaboratu zuen, prosa dotorea taxutuz. Emiliano de Arriagaren La Pastelería eleberrian (askoz beranduago argitaratu zena, 1908an) bere irudiak ageri dira. 1854an Bilboko Antzokia dekoratu zuen eta litografia trebe eta arinez hornitutako album bat argitaratu zuen. Bere ekoizpen baliotsuaren barruan, apika, Iparraguirre zenaren erretratu ezaguna izango da bere margolan ospetsuena, Luis Elejabeitiaren bilduman kokatzen dena.