Kontzeptua

Upeltegiak. Arkitektura

Beste edariekin gertatzen den bezala, besteak beste, garagardoa edota pattarra, ardoaren ekoizpena eta biltegiratzea gizakiaren garapenean funtsezko elementua izan da eta horren inguruko berriak historiaurrean bertan aurkitu ditugu. Hala ere, lehenengo garai historikoetan ardoaren ekoizpena gehienbat kontsumo pribatuarekin lotuta aurkituko dugu eta ondorioz etxe bertan garatzen zen prozesua izaten zen.

Baina prozesu horretan zenbait baldintza ezinbesteko diren neurrian -klima, lurra, aireztapena, hezetasuna, argia-, hainbat ezaugarri arkitektonikoek baldintzatzen zuten ardoaren ekoizpena eta biltegiratzea. Horrela, Aitzin Aroan zehar eta hainbat zibilizaziotan -bereziki Grezian eta Erroman-, ardoa egiteko prozesua lur azpian eratutako espazioetan garatzen zuten, edota mendietako haitzuloetan, zenbait ezaugarri geologikoak betez gero alegia.

Erromatarren garaian eremu ekonomikoak Italia gainditu zuen eta aldi berean egitura ekonomikoa aldatu egin zen. Horren ondorioz, etxeko nekazaritza eta artisautzako enpresa familiarren ordez labore bakarreko latifundioak, estatu enpresak eta salgai solteak egiteko manufaktura pribatuak azalduko dira. Horrekin batera hainbat fabrika eraiki ziren. Ardogintzan horrelakorik gertatu zenaren berririk ez dugu eta ondorioz suposa dezakegu ardoaren ekoizpenak etxearen eremuarekin loturak mantenduz jarraitu zuela. Dena den villa handietan -landa eremuetako etxeetan- eraikinen bat ekoizpenari eta biltegiratzeari bereziki eskaini zitzaion.

Erdi Aroan oinarrizko egoera hori ez zen gehiegi aldatu. Gizartearen bizimoduan ardoa oinarrizko elikagaia izanik honen ekoizpenak, biltegiratzeak eta salmentak eremu pribatuarekin bat egiten jarraitu zuten. Izatekotan, eliza eta bereziki monasterioen lana aipatu beharko litzateke, horietako askok ekoizpen horretan espezializatu baitziren. Bina lan horietarako berriro ere eraikin espezifikorik gauzatu. Aitzitik, monasterioetako eraikinetan ekimen horiek besterik gabe txertatu zituzten.

Orokorrean, Aro Modernoan egoera bere horretan mantendu bazen ere, zenbait lurraldetan eta etxetan, hainbat monasterioetan bezala, espezializazioaren aldeko jarrera nabarmendu egingo da. Horren ondorioz, zenbait landa eremutan ardoaren ekoizpena soilik jorratzen zuten landa etxeak aurkitzen hasiko gara. Etxe horietan printzipioz ez zen upeltegiei eskainitako tipologia arkitektoniko berezirik garatu. Era berean, argi ikusten zen ekoizpena areagotuz gero, espazio handien beharra ezinbestekoa zela. Gune zabalago horiek eta ardoaren prozesuan hasieran aipatutako baldintzak errespetatzea ezinbestekoa zen -aireztapena, hezetasuna eta argia, adibidez-, eta horretarako hainbat egokitzapen burutu ziren. Hala ere, benetako aldaketa eta tipologiaren sorrera Aro Garaikidearekin batera etorriko dira.

Biztanleriaren kopurua eta eskaria handitzen diren heinean, ardoarekin zerikusia zuten prozesu industrialak bizkortu egin ziren. Ardogintzak ere kontsumorako beste ondasun gehienak bezala, bere iraultza propioa ezagutuko du. XIX. mendearen amaieran kontsumo gizartea gero eta espezializatuagoa garatzen den neurrian, ardoaren ekoizpenak eremu pribatua gainditu egingo du eta ondasun ekonomiko garrantzitsua bihurtuko da, berezko industria garatuz eta ekoizpenerako enpresa propioak sortuz. Horietako asko hasiera batean kooperatibak besterik ez ziren, gero garrantzitsuenak sozietate mugatuak edo anonimoak bihurtuko dira. Ardoa ekoizteko eta biltegiratzeko eraikuntza handiak behar zituzten. Industriako beste jardueretarako lantegiak sortu ziren bezala, upeltegiek ere euren lantegi propioak eraikiko dituzte, ezaugarri bereziekin alegia.

Hasieran, lehen upeltegi horiek hasieran ardoa biltegiratzeko eraiki ziren ere, pixkanaka ekoizpenaren fase guztiak bertan bateratzen hasi ziren. Azkenean eraikinak antolamendu horizontala izango du, mahatsaren prozesua errespetatuz -eraikinaren albo batetik mahatsa sartzen baitzen eta bestetik ardoa atera botiletan-. Upeltegiak ardo-lantegi bihurtuko dira. Lehen eraikin horiek XIX. mendearen amaieran eraikitzen hasi baziren ere, material berriekin burututako arkitekturak eskaintzen zituen aukera guztiez baliatuz -espazio zabalak, altuera handia, hezetasuna eta argia kontrolpean izateko aukerak alegia-, urrezko garaia XX. mendearen lehen hamarkadetan ezagutuko dute, modernismoaren eraginpean. Horrela, lehen eraikinak arrazionaltasunaz eraikitzen baziren ere, hizkuntza arkitektoniko eklektikoarekin bat eginik, bigarren belaunaldian egiturak eta apaindurek bat egingo dute eta eredu liluragarriak sortuko dira, horietako asko "katedrala" ezizenez ezagunak direnak.

XX. mendearen bigarren erditik aurrera upeltegiek gero eta itxura industrialagoa hartuko dute eta askotan kanpotik behintzat, ez dira beste lantegi industrialetatik bereiziko. Baina egoera hori XX. mendearen azken hamarkadetan nabarmenki aldatuko da, berriro ere upeltegi berriak eraikitzeko orduan grabitatea irizpide gisa kontutan hartzen hasiko baitira. Horrela, eraikuntza horizontalki antolatu beharrean bertikalean egingo da, goialdean mahatsa jasoz eta behealdean, lur azpian, ardoa bilduz, aurrena kupeletan eta gero botiletan.

Horrekin batera, aipatu beharrekoa da ere upeltegien inguruan sortu den turismo enologikoa eta fenomeno honek izan dituen ondorioak tipologi arkitektoniko honetan. Berez, orain upeltegiek ez dute soilik ardoa ekoizten, biltegiratzen eta saltzen, aitzitik beste zerbitzu asko ere eskaintzen dituzte, esaterako bisita gidatuak, ardo dastaketak edo otorduak. Horretarako bezeroen arreta guneak, tabernak, jatetxeak eta hotelak gehitu dizkiete upeltegiei.

Euskal Herrian ardogintzaren lehen testigantzak Erromatarren garaiarekin lotu behar ditugu, ager vasconum eremuan ardoaren ekoizpenaren arrastoak aurkitu baitira. Ondorengo garaietan ekoizpenak eta kontsumoak aurrera egin bazuen ere, eremu pribatuetan besterik ez zen garatu eta horren ondorioz XIX. mendera arte itxaron beharko dugu tipologiaren sorrera ikusteko.

Kasu honetan, beste askotan gertatu den bezala, hasieran tipologia kanpoko faktoreen eraginez sortu zen. Filoxera izeneko gaixotasunak Frantziako mahatsondo gehienak hil zituen heinean, Araba eta Nafarroako ardoaren eskaria nabarmenki igo zen Europan eta orduan sortuko dira lehen upeltegi garrantzitsuak. Horiekin batera, lehen eraikin handiak gauzatuko dira ardoaren prozesuari eskainiak. Hain zuzen, Arabako Errioxa aldean Marques del Riscal izango da sortzen den lehen upeltegia. Lehen eraikin horiek, nahiko arruntak dira. Gehienetan eraikin bakar bat izan ordez, bi edo hiru eraikinez osatuta zeuden, funtzionaltasun xumez eta soilez eraikiak, industriarako eraikinen ezaugarriak landa eremuetako etxeen ezaugarriekin uztartuz.

Egoera hori eta ezaugarri nagusiak XX. mendean zehar bere horretan mantenduko dira. Baina azken hiru hamarkadetan sektoreak aldaketa handiak jasan ditu. Kalitatezko ardoen kontsumoa gora egin duen heinean, Euskal Herriko upeltegi ospetsuenak eraikin berriak gauzatzen hasi dira, ez bakarrik ardo hobeagoa egiteko asmoarekin, aipatu ditugun zerbitzu berriak ere eskaintzeko asmoz, hau da, bisita gidatuak, ardo dastaketak edo otorduak. Horretarako bezeroen arreta guneak, tabernak, jatetxeak eta hotelak eraikiko dituzte. Gainera, hedabidetan doako publizitatea aurkitu nahian, upeltegi gehienek ere arkitekto ospetsuengana jo dute, izarrak kontsideratzen diren arkitektoak alegia. Printzipioz eraikin on bat lortu nahian, baina baita ikusgarria eta mediatikoa ere.

Eredu asko aurki baditzakegu ere, ospetsuenak honako hauek dira: Frank Gehryren hotela Eltziegon Marques del Riscal upeltegirako, Ysios upeltegia Biasterin Santiago Calatrava arkitekto valentziarraren eskutik, Viña Real upeltegia Biasterin ere Philipe Mezier arkitekto frantziarrak eraikia, eta Araban ere, Iñaki Aspiazuk euskal arkitektoak eginiko lana, Baigorri upeltegia Samaniegon. Nafarroari dagokionean, hiru eredu azpimarratuko ditugu: Erriberrin Marco Real upeltegia Patxi Mangadok eraikia, Aberin -Lizarra ondoan- Rafael Moneok zaharberritu eta burututako Chivite upeltegia, eta Etxaurin Otazu upeltegia, Jaime Gaztelu, Paloma Baranjuen eta Ana Fernandez de Mandiak elkarlanean eraikia.

Eraikin horietan, gehienetan, ardoaren prozesua grabitatearen irizpidearen arabera antolatuta dago eta aurreko garaietako eraikinetan ez bezala, oraingoan eraikinak inguruan duen paisaiarekin bat egiten du. Arkitekturaren inguruko hizkuntzari so eginez, aniztasuna da nagusi. Horrela, zenbait upeltegietan eraikinaren espresioa bilatu bada ere, orokorrean, eraikin gehienek funtzionaltasuna errespetatzeaz gain, forma erakargarriak bilatu dituzte, naturarekiko adierazkortasuna eta errespetua modu egokian uztartuz.

  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbo: Ibaizabal, 2004.
  • MULLER, Werner; VOGEL, Gunther. Arkitektura Atlasa 1: Gai orokorrak. Mesopotamiatik Bizantziora. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2005.
  • MULLER, Werner; VOGEL, Gunther. Arkitektura Atlasa 2: Erromanikotik Gaur egunera. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2007.