Kontzeptua

Ekonomia Ituna

Lan honen helburua Hego Euskal Herriko zerga sistema berezia eta honen ondorioz euskal erakunde eta ogasun zentralaren artean ematen diren zerga eta finantza publikoen harremanak aztertzea da ekonomia ikuspegitik.

Ekonomia Teoriaren adar garrantzitsu bat Ogasun Publikoarena da zeinek sektore publikoaren ekonomia aztertzen duen eta nolanahi ere sektore publikoa oso zabala da. Izan ere, administrazio publikoaren jarduera ekonomiko guztiak hartzen ditu kontutan, hala nola enpresa publikoena, administrazio zentralarena, erregionalena edo, gure kasuan, autonomia erkidegoena, probintzialena, udalena, etab. Bestalde, sektore publiko honek bere sarrera eta gastuak ditu, guztiz bereziak, sektore pribatukoekin alderatzen baditugu. Beraz, Ogasun Publikoak estudiatzen duen eremua oso zabala izan daiteke, hala ere, ez da honela izango aurrean duzun liburuxka honetan eskainiko dena, zerga eta horiei lotuta sortzen diren finantza harremanak ikusiko baitira.

XIX. mendearen ostetik, Hego Euskal Herriko lau Lurralde Historikoak eta gobernu zentrala zerga itunaren errejimenapean aritu dira, antzinako Foru sistemaren ondorio edo hondakin bilakatu direnez Itun eta Hitzarmen Ekonomikoa. Honela, gaur egungo zerga sistema berezi hauek jatorria lehen gerrate karlistaren amaieran (1833-1839) aurkituko dugu. Izan ere, 1841eko Itundutako Legea (Ley Paccionada) gauzatu zen Nafarroa eta Espainiako gobernuaren artean eta ondorioz Nafarroak etengabe ezagutu duen Hitzarmen Ekonomikoa abian jarri zen. Ez zuten, ordea, honela egin beste hiru Lurralde Historikoek, hau da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak, eta, nolabait bada ere, antzinako sistemari heldu zioten. Hala ere, behin bigarren gerrate karlista bukatu ondoren, Cánovas del Castillo Presidenteak 1876ko Espainiar Konstituzioa derrigorrez betetzea behartu zituen euskal lurraldeak, baina ateak ireki zituen Ekonomia Ituna gauzatzeko.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak beren Ekonomia Ituna abian jarri aurretik aldaketa ekonomiko handiak ematen hasi ziren herrialde hauetan, batik bat Bizkaian eta gutxixeago Gipuzkoan. Izan ere, Enkarterrietatik Ibaizabalera burdin meatze garraiatzeko azpiegiturak egiten hasi ziren, finantzen antolakuntza areagotu zen, 1857an jaio baitzen Bizkaiko burdingintzan eta beste zenbait sektore ekonomikotan hainbateko garrantzia izan duen Banco de Bilbao, eta abar. Gipuzkoan, aldiz, ehungintzak eta papergintzak izango dute protagonismoa. Oro har, euskal ekonomiak ezagutuko zuen industrializazioaren lehen "take off"erako baldintza erosoak zeuden bigarren gerrate karlista hasi zenerako.

1876ko Espainiar Konstituzioak erresumako probintzia guztien parean jarri zituen euskal Lurralde Historikoak, nahiz ordurako Nafarroak bere berezitasun apurra gorde 1841eko Itundutako Legea zela eta, baina hurrengo urtean, 1877ean, Hitzarmen Ekonomikoa berritu zuen, orduko egoerak eskatzen zituen aldaketak jaso ostean; beraz, gobernu zentralarekiko harremanetan bere bidea hartua zeukan Nafarroak. 1878an gauzatuko zen gainontzeko euskal lurraldeentzat lehenengo Ekonomia Ituna, zeina 1878ko otsailaren 28ko Erret Dekretuaren bidez onetsi baitzen zortzi urterako.

Ekonomia Ituna indarrean jartzearen zergatiak egon, badaude, baina ezin daiteke esan ezagutza objektiborik dagoenik. Izan ere, batzuek diote zergen bilketa Foru Aldundien esku utzi zirela iraganeko daturik ez zegoelako aberastasunez, ezta hiritar eta nekazaritza jabetzez, eta horrek ezinezkoa egiten zuela zergak ezartzea eta eskatzea Lurralde Historikoetan; estatistika ezak ere zailtzen omen zuen zergak behar zen bezala eskatzea; eta azkenik, euskal burgesiari gozokiren bat eskaini behar omen zitzaion Espainiar Konstituzioa onar zezan, jadanik euskal liberalak foruen galeren ondorio kaltegarriak pairatzen hasi baitziren.

Lehenengo Ekonomia Itunean hiru alderdi nagusi azpimarratuko nituzke. Alde batetik itundutako zergak daude, hala nola ondasun higiezin, abeltzaintza, laborantza, industria, merkataritza, gatza eta abarren gaineko zergak. Halaber, zerga bakoitzarengatik zenbateko kopurua ordaindu behar zitzaion gobernu zentralari edo azpikupoaren antzeko diru kopurua zeinen baturak kupo guztia osatzen baitzuen; honela ateratzen zen zenbait ordaindu behar zion Lurralde Historiko bakoitzak ogasun zentralari; Foru Aldundiek ahalmena zuten zerga berriak sortzeko, baina aurretik baimena eman behar zien gobernu zentralak eta kupo gehigarria onetsi, zerga bakoitza kupoarekin lotuta baitzegoen.

Bigarrenik, Foru Aldundien eskuduntzak azaltzen dira. Izan ere, gobernu zentrala ez da arduratuko errepideez, hezkuntzaz, osasunaz, eta abarrez. Eta azkenik, udalen aurrekontu jardueraren gaineko ardura eta beronen finantziazioan partehartzea ere Foru Aldundiena izango da.

Honela jarri zen indarrean Ekonomia Ituna eta epea amaitu bezain laster, 1887ko ekainaren 29ko Aurrekontu Legeak bigarren Ekonomia Ituna jaso zuen. Itun honetan Kupoa ehuneko 50 igotzen da, nahiz Foru Aldundien nahia ehuneko 42 gehitzea izan, baina lortzen dute iraupenak datarik ez izatea. Hala ere, bigarren Itun honek iraupen oso laburra izan zuen, zerga berriak itundu behar zirela eta, 1894ko otsailaren lehenean, Erret Dekretu baten bidez, onartu baitzen hirugarren Ituna.

Hirugarren Ekonomia Itunaren arabera gobernu zentralari Kupo handiagoa ordaindu behar zitzaion, hain zuzen, milioi bat pezeta gehiago, zeina Bizkaiak 700 mila irentsiko zituen eta Gipuzkoak gainenontzako 300 mila; baina zerga berriak sartuko dira Itun berri honetan eta ondorioz, Foru Aldundien zerga etekinak ere handituko dira. Itundutako zerga berrien artean udal langileen eta probintziako erakunde ofizialetako langileen soldaten gaineko zergak, bidaiari eta merkantzien garraioen gaineko zergak eta luxuzko gurdien gainekoak daude. Berantago, 1900ean, jokoetxe, elektrizitate eta gasaren gaineko zergak ezarriko ziren eta ondorioz Kupoa ere egokitu egin zen.

Laugarren Ekonomia Ituna 1906ko abenduaren 13ko Erret Dekretuak onetsi zuen eta euskal gizarteko eragile gehienek begi onez ikusi zuten Itun berri hau. Bertan azpimarra daitezke 20 urterako onartu zela, Kupoa 2,5 milioi pezeta igo zela eta kopuru hori kopuru horretan mantendu 1916ra arte; urte horretatik aurrera, urtero 500 mila pezeta igoko zen; beraz, Kupoaren nolabaiteko eguneratzeko irizpidea sartzen hasi zen, nahiz bilakaera ekonomikoarekin loturarik ez izan. 1920ean zerga berriak onetsi ziren hala nola meategien gainekoa eta tinbrea paketegintzarentzat.

Esan denez, laugarren Ekonomia Itunaren iraupena 20 urtekoa zen, baina epe hori amaitu baino 18 bat hilabete lehenago hasi ziren bosgarrena negoziatzen. Negoziaketa honen aurreratzearen zergatia Bizkaia aldeko meatzegintza jasaten ari zen krisialdian dago; izan ere, meatze enpresak ezin zituzten kredituak ordaindu eta ondorioz banketxeak arriskuan zeuden, krisialdiaren eragina finantza erakundeetara ere iritsi zelako; eta diru-etxeek Bizkaiko Foru Aldundira jo zuten laguntza eske eta honek egokia ikusi zuen Ekonomia Itun berria negoziatzea, jadanik arras kritikatua baitzegoen zerga sistema berezi hau Madril aldean eta Hego Euskal Herrian susmo handiak baitzeuden Itunaren berritzeaz.

Egoera honetan, eragin handia izan zuten Bilboko oligarkiak Madrileko erakunde politikoetan eta, azkenik, Calvo Sotelo Ogasun Ministroak onespena eman zion bosgarren Ekonomia Itunari, zeina 1925eko ekainaren 9ko Erret Dekretuaren bidez onetsitako baitzen. Aurreko Itunek ez bezala, bosgarren hau erregalamenduak garatzen zuen, zeina 1926ko abenduaren 24koa baitzen. Gero, Espainiako gerra zibilaren garaian, Franco jeneralak Bizkaia eta Gipuzkoari kendu zien Ekonomia Ituna, Arabarena mantendu zuen bitartean; neurri hau 1937ko uztailaren 27koa da.

Ekonomia Itun honen ezaugarri nagusiak honako hauexek dira: Lehenik, oinarrizko Kupoa 40 milioietan finkatu zen, nahiz Foru Aldundiek 37 milioi pezetakoa izan behar zuela proposatu eta gobernu zentralak 60koa; iraupena 25 urtera luzatu zen, aurrekoak baino 5 urte gehiago; lau urtetik behin Kupoa handituko zen, azken urtean, 1951ean, 50 milioi pezetara iritsi arte; 13 zerga sartu ziren eta negozioen zifra erlatiboak indarra hartu zuen lurralde komunean eta Foru Lurraldeetan negozioak zituzten sozietateei aplikatzeko; Itunaren jarraimena egiteko Batzorde Misto bat sortu zen eta beronen eginkizunen artean zerga bakoitzaren etekinak ikuskatzea zen eta etekin hauen arabera determinatzen zen Kupoa.

Bosgarren Ekonomia Ituna 1951era arte indarrean egon zen Araban, ez beste bi lurraldeetan, eta Arabak, bere kabuz, seigarrena negoziatu zuen zeina 1976ra arte indarrean egon baitzen. Beronen ordez zazpigarrena sinatu zen, baina urte horietan gauzak aldatzen hasi ziren eta 1978an Konstituzioa onetsi eta hurrengo urteko urrian Autonomia Estatutua, zeinek Ekonomia Itunen izaera eta garapena jasotzen baitzituen. Ekonomia Itun hau 1981eko maiatzaren 13ko 12/81 Legea da. Beraz, Autonomia Estatutua onartu eta bi urte berantago, Estatutu horren Ogasun Publikoaren atala garatu zen eta indarrean egon 2002ko maiatzaren 24ra arte.

Beraz, hauek izango dira, laburbilduta izan arren, Ekonomia Itunaren aurrekariak. Begi-bistakoa da, egun indarrean dagoen Konstituzioaren aurrekoak direla Ekonomia Itunak eta zerga sistema honek ondo funtzionatu duela eta ez dela pribilegio zantzurik nabarmendu, nahiz honelako egozpenak egin diren Madrileko agintarien aldetik, estatuko lurralde guztia berdin-berdin eta soilduta utzi nahi baitzuten, hain zuzen. Gaur egun ere badago zenbait jende honelako planteamenduak egiten duena eta gustura kenduko zuena Foru zerga sistema berezi hau.

Ekonomia Itunaren edukian ezaugarri ugari azpimarratu daitezke eta horien artean, esanguratsuena, testu aldakorra dela esan daiteke, behin eta berriz egokitu baitaiteke. Horretarako prozedimenduak jasota daude Ekonomia Itunaren Bigarren Xedapen Gehigarrian. Xedapen horren arabera, estatuko zerga sistema aldatzen baldin bada, zerga berriren bat sortu eta zergaren bati dagokion arautegia ukitu, bi administrazioek testuaren egokipena negoziatu behar dute eta legean sartu. Zentzu honetan, aldaketa hauek nabariak izan ziren 1981-2001eko Ekonomia Itunean, sakonki eraldatu zelako. Hauek guztiak beherago azaltzen dira, hain zuzen A) epigrafearen barruan, B) eta C) epigrafeetan, aldiz, beste zenbait ezaugarri azalduko dira.

a) Aldaketa Nagusiak

Ekonomia Itunaren ezaugarrietako bat bere egokitzapenarena dela azpimarra daiteke. Ituna, ezaguna denez, lege bat da eta lege batek, edozein izanda ere, hutsuneak dituenean aldatu egin behar da. Legea gizarte harremanak, kasu honetan zerga eta finantza harremanak, arautzeko izan behar du eta harreman horiek beste era batera arautu behar direla susmatzen denean, aldatu egin behar da. Honela egin zen, behin baino gehiagotan, 1981ko Ekonomia Itunean . Aldaketak burutzeko ateak irekita zeuden Itunean, bere Bigarren Xedapenak horrela jasotzen baitzuen eta ondorioz gauzak hobekiago funtzionatzea ekarri du.

Lehenengo aldaketa garrantzitsua 1985eko abenduaren 27ko 49/85 Legeak jasotzen du. Lege honen bidez Ekonomia Itunari Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) egokitu zitzaion. Izan ere, espainiar estatua Europako Erkidegoan sartuko zen 1986eko urtarrilaren lehenean eta behartuta zegoen Balio Erantsiaren gaineko Zergak indarrean zegoen Enpresa Trafikoen gaineko Zerga Orokorra ordezkatzea, eta ondorioz Ekonomia Ituna aldatu behar izan zen.

Bigarren aldaketa 1990eko ekainaren 8ko 2/90 Legeak burutu zuen. Lege honen bidez, Ekonomia Itunari Toki Ogasunen Lege Arautzaile eta Tasa eta Prezio Publikoena egokitu zitzaion. Lege honek tokiko zerga sistema aldatu zuen eta zerga berriak sortu. Eta Ekonomia Itunak toki zergak, tasak eta prezio publikoak jasotzen dituenez, testu zaharra egokitu egin behar zen.

Urte berean, Ekonomia Itunak Sozietateen gaineko Zergaz zioena aldatu zuen, bederatzi urtetako eskarmentuak agerian utzi baitzituen atal horrek sortzen zituen disfuntzioak; gainera, 1990ko Nafarroako Ekonomia Hitzarmen edo Komenio berriak jadanik jasotzen zuen eragiketa erlatiboen gaia era objektiboagoan, eta berau EAEko testura eraman zen. BEZa ere ukitua geratu zen Sozietateen gaineko Zergaren edukia berriarekin eta berau ere jaso zuen aipatu 1990ko abenduaren 29ko 27/90 Legeak.

Laugarren aldaketa 1993ko abenduaren 13ko 11/93 Legeak gauzatu zuen, BEZa eta Zerga Bereziak egokitu egin baitziren Ekonomia Itunean. Egokipen honen zergatia Europako Erkidegoak zerga harmonizaziorantz daraman bidean ipini behar da. Jakina da urte horretan Europako Batasunaren barruan ondasunen zirkulazio librea areagotu zela, estatu kideen arteko merkatal harremanak errazago bilaka zitezen; eta ordura arte BEZak zituen zenbait oztopo ezabatu egin ziren. Honela, espainiar estatuko zerga sistema hurbilago bilakatu zen gainontzeko estatu kidekoengandik, eta berdin EAEkoa.

Modu honetan, mugetan sortzen ziren kamio ilarak ekidin nahi ziren eta eskuratze-edo adkisizioa- BEZa biltzeko ondasunen jasotzaileen gain geratu zen eta honen lurraldeko ogasunaren eskuduntza bilakatu zen zerga honen etekinez profitatzea, salmenta jatorrizko estatutik kanpo egiten baldin bazen, baina beti EBren barruan.

Azkenik, 1997ko abuztuaren 4ko 38/97 Legeak jasotzen ditu Ekonomia Itun honek ezagutu dituen aldaketa garrantzienak, gainera, aldaketa horrek zerga bat baino gehiago ukitzen ditu. Hasteko, zerga zeharkako berri bat sortu zen espainiar estatuko zerga sisteman, Aseguru Primen gaineko Zerga, hain zuzen, eta zerga zeharkako moduan Itunean sartu behar izan zen. Horrez gain, bi administrazioen arteko harmonizazio eremua aldatzen da, ez-egoiliarren zerga, Pertsona Fisikoen gaineko Zerga, sozietate taldeena, eta Zerga Bereziak ere sartu ziren Itunaren barruan, estatu monopolioak desagertu ostean. Aldaketa hauen guztien ondoren, Kupoaren kalkuluan konpentsazioak erabat urrituta geratu ziren eta horren ondorioz, bere kopuru likidoa handitu.

Aldaketa hauek guztiek 1981eko Ituna perfekzionatu egin zuten eta 2002ko testuak aldaketa hauek jaso egingo ditu, beste gehigarri batzuekin batera. Baina aldaketa hauek ez dute bultzatuko itun berria onartzea, baizik 1981eko Ekonomia Itunak berak zioen indarrean hogei urte egongo zela, alegia, 2001eko abenduaren 31era arte. Haatik, beste itun bat negoziatu zen garai berrietarako.

b) Beste Ezaugarriak

Zerga eta finantza harremanak. Gaur egungo Ekonomia Itunak EAE eta estatuaren arteko zerga eta finantza publikoen harremanak arautzen ditu, inolako zalantzarik gabe. Horrela, Aurrekontuaren Egonkortasunerako Lege Orokorra aplikatzerakoan, hain zuzen 2001eko abenduaren 13ko 18/2001 Legea, Nafarroan bezala, tratu berezia izango du EAEk, bere zerga eskuduntzak direla eta.

Mugagabeko iraupena. Orain arte ezagutu diren Ekonomia Itunak iraupen finkokoak izan dira, bigarrena eta orain indarrean dagoena salbu. Iraupenak mugarik ez izateak alde baikorrak ditu, ziurtasun juridikoa bermatzen baitu, baina bigarren Ekonomia Itunean horrek ez zuen askorako balio izan, ezagutu den denbora gutxien iraun baitzuen, 1887tik 1894ra bitartean; zerga berriak sartu behar zirela eta, Ekonomia Ituna bertan behera garatu zen eta hirugarrena negoziatu, 1894tik 1906ra bitartean indarrean egon zena.

Gaur egun indarrean dagoen Ekonomia Itunak iraupen mugagabea dauka eta hori oso abantailatsua da ekonomiarentzat eta gizartearentzat, eragile ekonomikoei, batik bat enpresaburuei, ziurrago jokatzeko aukera ematen baitzaie, zergen ikuspegitik bederen. Bestalde, Autonomia Estatutuak ere ez du eperik eta bertan kokatzen denez Ekonomia Ituna, zentzuzkoa da honek ere iraupen mugagabea izatea.

Hitzartutako legea. Ekonomia Itunaren testua Batzorde Misto batek adosten du eta gero, Espainiako Legebiltzarrean artikulu bakarrean aurkezten da, atxikita testu artikulatua daramala. Legeak artikulu bat du eta beraz, onetsi edo atzera bota daiteke. Orain arte, beti aurrera atera da Batzorde Mistoan hitzarturiko testua, horregatik esatea itundutako legea dela. Ekonomia Itun hau garatzeko badaude, egon ere, beste bi batzorde, aipatu Batzorde Mistoaz gain.

Zergak arautzeko gaitasuna. Azkena indarrean egon zen Ekonomia Itunak zergak arautzeko gaitasuna onesten zitzaien Lurralde Historikoetako Biltzar Nagusiei eta indarrean dagoenak ere gauza bera egiten du. Beraz, Biltzar Nagusiak izango dira zerga arauak onartuko dituztenak lurralde bakoitzean eta hiru lurraldeen artean gutxiengo koordinazioa egon dadin, Eusko Legebiltzarrak 1989ko maiatzaren 30eko 3/89 Legea, EAEko Zergak Harmonizatzeko, Koordinatzeko eta Elkar Lankidetzarako Legea pasatu zuen, eta bertatik dator Zergak Koordinatzeko Organoa non hiru kide Eusko Jaurlaritzakoak diren eta beste hirurak Foru Aldundien ordezkariak.

Autonomia zergen kudeaketa. Foru Aldundietako Foru Ogasunek, bakoitzak bere Lurraldean, erabateko autonomia izango dute zergak ordainarazteko, kudeatzeko, likidatzeko, ikuskatzeko, berrikusteko eta biltzeko. Beraz, edozein estatuko ogasun publikoaren autonomia eta eskuduntzak izango dituzte Foru Ogasunek, Goi Ikuskaritzaz kanpo, zeina estatuari baitagokio.

Alde bateko arriskua. Ekonomia Itunak adierazi nahi du estatuak ez duela parte hartuko EAEko zerbitzu publikoen finantzaketan, hauek jadanik transferiturik baldin badaude. Lurralde komuneko autonomia erkidegoren batean zerbitzu publiko baten eskaintza estatuak finkatzen duen gutxiengo mailara ez bada heltzen, estatuak berak lagundu egingo dio maila horretarainoko eskaintza egon dadin. Horretarako, estatuak bere aurrekontu orokorretan partida bat du finkatuta. Baina partida hau ez da erabilgarria EAEn, ezta Nafarroan ere, Foru Sistema dutelako eta arrisku oro beren gain dagoelako.

Kupoa gastuarekiko lotua. Aurreko Ekonomia Itunera arte, Kupoa itundutako zerga sarreren arabera kalkulatzen zen. Baina 1981-2001ko Ekonomia Itunean Kupoa kalkulatzeko metodologia aldatu egin zen eta estatuak EAEn burutzen dituen gastu publikoen arabera determinatzen da. Oraingo Itunean ere metodologia berau dago indarrean, apenas aldaketarik gabe.

c) Batzordeak

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa. Ekonomia Itunaz diharduten batzorde guztien artean garrantzi handienekoa Batzorde Mistoa da eta berau 12 lagunek osatzen dute. Horiek guztietatik sei gobernu zentralaren ordezkari dira, hiru Eusko Jaurlaritzarenak eta bana Foru Aldundi bakoitzetik. Batzorde honetatik irten behar du Itunaren testua aho batez onartuko da.

Batzorde honen funtzioen artean hauexek dira azpimarragarrienak: 1) Ekonomia Itunaren aldaketak adostu; 2) aurrekontuaren estabilizazioak eskatzen dituen koordinazioa eta elkarlana burutu; 3) Kupoa kalkulatzeko metodología adostu; 4) Arbitraje Batzordearen hiru kideak adostu, nahiz izendapen formala Ogasun Ministroak, eta Ogasun eta Administrazio Publikoko Sailburuak egingo duten, baita adostu ere beronen funtzionamendurako arauak; 5) zerga edo finantza gaietarako beharra egonez gero, Batzorde honetan adostuko da.

Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordea. Zortzi kidek osaturiko Batzordea da. Lau Administrazio zentralaren ordezkari dira eta besta lauak EAErenak, hiru Foru Aldundien izenean eta besteak, laugarrenak, Eusko Jaurlaritza ordezkatzen du.

Batzorde honen funtzioak hauek dira: 1) Ekonomia Itunean egin behar diren arau aldaketak ebaluatu; 2) lotura guneetan sortzen diren arazoak konpondu; 3) ikerketa egokiak behar direnean egin, lurralde komuneko eta Foru Lurraldeetako zerga sistemak uztartzeko; 4) ikuskapen arloan administrazio zentral eta Foru Aldundien artean sorturiko arazoak aztertu; 5) bi zerga administrazioen arteko informazioa trukatu eta bitarteko egokiak erabili, zerga bilketa eroso eta efizientea izan dadin.

Arbitraje Batzordea. Gorago esan denez, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak onetsitako hiru kide jakitun eta adituk osatzen dute Batzorde hau eta 6 urterako izendatzen dira. Kide hauetako edonork bertan behera uzten badu bere postua, aurreikusita dago bere ordezkapena.

Batzorde honen eginkizunen artean hauexek azpimarra daitezke: 1) Administrazio zentral edo edozein autonomia erkidegotako administrazio eta Foru Aldundien artean auziak sortzen baldin badira, ebatzi; 2) Sozietateen gaineko Zerga eta BEZa administrazio bati baino gehiagori badagokie, lotura puntuen arabera banatu zerga bi hauen etekinak; 3) banakako zerga harremanak administrazioen artean sortzen dituen arazoak konpondu, Ekonomia Itun hau behar den moduan ulertu ostean; 4) zergadunen egoitza dela eta sortu daitezkeen arazoak ebatzi; 5) eskuduntzak direla eta eragindako administrazioan sortu daitezkeen gatazkak konpondu. Azkenik, Batzordeak zuzenbidean oinarrituko ditu bere ebazpenak eta berauek betetzeko exekuzio formula zehatzak emango ditu; eta beronen erabakiak errekurri daitezke Auzitegi Gorenean.

Espainiar estatuko Konstituzioaren 157.1 artikuluak adierazten digu zein diren autonomia erkidegoen finantza baliabideak, zeinak Autonomia Erkidegoen Finantzaketarako Lege Organikoak (AEFLO) garatuko baititu. EAEren Autonomia Estatutuak, bestalde, azken finean, Konstituzioaren ondorio eta garapen juridikoa besterik ez denez, zerbait gehiago zehazten du. Honela, Autonomia Estatutuaren 3. atala, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ogasun eta Ondareari buruz dihardu, gainontzeko autonomia erkidegoek bezala, EAEk ere eskubide guztia baitu bere ogasun propioa izateko eta beraz, dagokion talde politikoak, hain zuzen gobernuak, bere programa politikoa aitzinera eramateko bere aurrekontu publikoak izango ditu.

Estatutuaren artikulatuan sartuz gero, 41.ean esaten da EAE eta Estatuaren arteko zerga-harremanak Ekonomia Itunaren bidez arautuko direla, baina itundutako zergen gaineko eskuduntza guztia, honela espresuki onesten da, Lurralde Historikoetako Erakundeek izango dute. Izan ere, Erakunde hauek "zerga sistema mantendu, ezarri eta arautzeko" ahalmena eta gaitasuna izango dute, Lurralde Historiko bakoitzean.

Artikulu berak xehetasun ugariago ere ematen du. Foru Aldundiek, halaber, zerga-exazio, -kudeaketa, -likidazio, -bilketa eta -ikuskatze egiteko eskuduntza izango dute. Salbuespen, estatuak bere gain gordetzen dituen monopolio zergak eta mugetakoak izango dira. Beraz, zerga sistema itundua EAEn aplikatzeko da, baina beronen gauzatzea Foru Aldundietako Ogasunei dagokie.

Autonomia Estatutuaren 41. artikulu honek, beste gauza batzuen artean, EAEk estatuari Kupo bat ordainduko diola azaltzen du, estatuak EAEn egiten dituen gastuak finantzatzeko. Foru Aldundiak, azken finean, izango dira Madrileko Gobernuari ordainduko diotenak. Izan ere, gobernu zentralak EAEn gastuak egiten ditu bere eskuduntzak burutzeko eta gastu horiek nolabait finantzatu behar dira, hain zuzen, Kupoaren bidez. Baina Kupo honen kontzeptupean ez dira bakarrik gastu arruntak eta inbertsio gastuak sartzen, elkartasuneko funtsa ere hor baitago, gero ikusiko denez; beraz, Kupoaren kontzeptua nahiko zabala da, ez bakarrik legediak ematen duen definizio zehatza, edukia konplexuagoa baitu.

Aurrera jarraituz, Autonomia Estatutuak esaten digu zein izango diren Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasunaren sarrera garrantzitsuenak. Era honetan, bere 42. artikuluan sarrera publiko hauen zerrenda azaltzen da eta ondoko hauexek dira, izan ere, garrantzi handienekoak:

1) Hiru Foru Aldundiek Jaurlaritzaren Ogasun Autonomoari egiten dizkioten ekarpenak, 2) Euskal Autonomia Erkidegoak berak sortutako zergen etekinak, 3) Euskal Autonomia Erkidegoak zergei ezartzen dizkien gainkargen bidez erdietsitako sarrerak. 4) Lurralde-arteko Konpentsaziorako Funtsetik eskuratutako dirutzak, 5) Zor Publikoa jaulkita lortutako sarrerak, 6) Tasak, eta 7) Beste zenbait iturritatik sortutako sarrerak.

Sarrera garrantzitsuena, dudarik gabe, lehenengo iturrian aurkitzen da. Beraz, Foru Aldundiek, lehenbizi zerga-bilketa egiten dute, azken finean, Ekonomia Itunean transferituta edo, hobekiago, itunduta agertzen diren zergak Foru Aldundiek gauzatzen baitituzte eta gero, eskuratutako dirutza horren zati bat, Ekarpen Legearen arabera, Ogasun Autonomora transferituko dute. Hain zuzen, Jaurlaritzaren sarrera guztien ehuneko 91 inguru da Foru Aldundiek egiten duten ekarpen hauen portzentaia.

Sarrera publiko hau ez da azaltzen Konstituzioaren 157. artikuluan, beraz nolabaiteko hutsunea dagoela ematen du ordenamendu juridikoan. Izan ere, gainontzeko autonomia erkidegoetan, Nafarroakoa salbuespena da ere, aipatu artikulu hori aplikagarria da, ez ordea EAEn. Nola estaltzen da hutsune hori? Horren erantzuna Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian aurkituko dugu, bertan onesten baita Foru Sistema eta sistema honen garapenean oinarritzen dela, hain juxtu, Ekonomia Ituna.

Gipuzkoa eta Bizkaiari beren Ekonomia Ituna 1878tik gerora indarrean izan ostean, 1937an, gerrate zibilean traidoretzat jota, 1925ean onetsitako Ekonomia Ituna kendu zien Franco jeneralak eta demokrazia berreskuratu ondoren berriro egoera normaldu zitzaien bi lurralde hauei. Normalizazio hori, 1978ko Konstituzio eta 1979ko Autonomia Estatutuari esker izan zen. Haatik, 1981ean garai modernoetako lehen Ekonomia Ituna onetsi zen eta 2002ra arte indarrean egon Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Ekonomia Itun honen iraupena 2001eko Abenduaren 31ra artekoa zen eta orduan, beste berri bat onetsi, baina arazoak egon ziren eta onespen hori hilabete batzuk atzeratu zen, itunaren izpiritua kolokan geratu zen bitartean. Azkenik, jada bost hilabete beranduago izan arren, 2002ko maiatzaren 23ko 12/2002 Legea da itundutako zerga sistema berria. 1981eko testua bezala, 2002koa ez da guztiz finkoa, eta behar den aldiro aldatu egingo da, horretarako Ekonomia Itunaren Bigarren Xedapen Gehigarriak jasotzen duen prozedura erabilita.

Lege honek Lurralde Historikoetako Erakundeei eskuduntza ematen die estatuko zerga-sistema "mantentzeko, ezartzeko eta arautzeko, Lurralde hauen esparruan". Beraz, arautzeko eskuduntza mantentzen dute Lurraldeetako Biltzar Nagusiek. Baina inportazioen gaineko eskuduntza guztiak, ez EBtik datozenak, estatuarenak dira eta Monopolio Fiskalak, nahiz testu berri honetan espreski ez aipatu, estatuaren ogasun publikoak bilduko ditu eta berak izango ditu eskuduntza guztiak, nahiz gero Kupoan eta doikuntzetan islatuta geratu. Monopolio Fiskalen artean kinielak eta estatuaren beste zenbait zorizko apustu sartzen dira. Bestalde, aipatu bezala, Aduanetako Errentetan ez dira sartzen Europako Batasuneko herrialdeetan erosten diren ondasun eta zerbitzuek sortutako BEZa, berau helmugako estatuko ogasun publikoak jasoko baitu eta Hego Euskal Herriaren kasuan, Foru Aldundiek.

Lurralde Historikoetako zerga-sistema osatzen duten zergak ordainarazteko, kudeatzeko, likidatzeko, ikuskapenerako, berrikusteko eta biltzeko ahalmena Foru Aldundiek izango dute. Beraz, lurralde bakoitzean, Foru Ogasun bat egongo da eta hauetako bakoitzari ordaintzeko zenbait baldintza bete beharko da, baina, printzipioz, edozein ogasunen ahalmen guztiak izango ditu, nahiz, goi-ikuskapena estatuko ogasun zentralak gordeko duen.

Esan denez, Lurralde bakoitzak bere Foru Ogasuna izango du, baina, beraien artean eta praktikak erakutsita edo behartuta, koordinatu eta harmonizatu egin dira; horretarako onetsi zen 1989ko maiatzaren 30eko 3/1989 Legea. Bestalde, Foru-Ogasunek Espainiako estatuak onartzen dituen nazioarteko zerga hitzarmenak bete behar dituzte, batik bat Europako Batasunetik datozenak. Beraz, Europako Batasunetik datozen harmonizazio arauak, BEZa dela, Sozietateen gaineko Zerga dela, edo beste zergaren bat dela eta, aldaketa hauek guztiek, Ekonomia Itunean bere isla izan beharko dute.

Gero, azpimarratu behar da EAEko eta lurralde komuneko zerga sistemek harmonizaturik egon behar dutela, merkatu bateratuak eskatzen duen bezala, nahiz horrek ez duen esan behar, zehatz-mehatz, zerga guztiek berdinak izan behar dutenik, zenbait ñabardura edo diferentzia egon baitaitezke. Ñabardura hauek zerga arauetan gauzatzen dira eta indarreko testuak lau printzipio nagusi aipatzen ditu bi zerga sistemak, lurralde komunekoa eta Foru Lurraldeetakoa, harmonizatuta egoteko.

Lehenengo arau harmonizatzailearen arabera, Lurralde Historikoetan estatuko zergen sistematiko, terminologia eta kontzeptu berak erabiliko dira eta hauek Espainia Estatuko Ley General Tributariatik, Abenduaren 17ko 58/2003 Legea, jasotakoak izango dira. Hau izango da, hain zuzen, EAEko zerga sistema mugituko den esparrua eta beraz, autonomia mugatuko da, azken finean, estatu osoan aplikatuko diren zerga arauak eta berauen gaineko xehetasun tekniko guztiak berdinak izango baitira.

Horrez gain, badaude, egon ere, beste baldintza batzuk. Hain zuzen, neurri fiskalak hartzeko orduan kontutan izan behar da EAEko benetako presio fiskala estatuko gainerako lurraldekoaren berdina (baliokidea edo ekibalentea) izan behar duela. Eta honek esan nahiko luke presio fiskal hau neurtzeko metodo zehatza eta parekidea ezarri behar dela. Gainera, ondo bereiztu behar dira presio fiskal nominala eta benetakoa edo efektiboa, legeak gauza bat esan baitezake eta praktikan beste errealitate bat azaldu. Izan ere, iruzurra egitea zenbait zergatan ez da harrigarria izaten eta horrek zerga etekinak desitxuratu besterik ez ditu egiten, eta eragina du presio fiskalean.

Halaber, estatuak eskuduntza osoa izango du arautzeko, kudeatzeko, ikuskatzeko, berrikusteko eta biltzeko inportazio eskubideen gain, baita inportazioak sortzen dituen Zerga Berezi eta BEZaren gain ere. Goi Ikuskaritzaren eskuduntza estatuari dagokio, baina ogasun zentrala, Euskal Jaurlaritza eta Foru Aldundia elkar lanean arituko dira zerga etekin oparoenak erdiesteko.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) eta Ondare Netoaren gaineko Zerga (ONZ) zerga itunduak dira eta arautegi autonomoa aplikatzeaz gain, ordainketa dagokion Foru Ogasunari egingo zaio. PFEZa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1998ko abenduan onetsitako hiru Foru Arauek jasotzen dute. Bestalde, zerga hau Foru Aldundiek eskatuko dute subjektu pasiboa EAEko egoiliarra denean. Beraz, EAEn bizi diren zergadun gehienak eremu honetan sartuko dira, baina badaude, egon ere, zalantzazko kasuak eta horien egoera argitzeko lotura-puntuak daude. Lotura-puntu hauek marra baten eginkizuna betetzen dute eta nahiko gardenki geratzen da zein subjektu pasibo kokatzen den EAEren eremuan eta beraz, Foru Arauak aplikatuko zaizkio eta Foru Aldundi bati ordaindu. Zalantzak sortzen badira zehaztapen honetan, zalantza horiek argitzeko eginkizuna Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzorde, eta Arbitraje Batzordeari dagokie.

Honela, zergadun bat bi lurraldetan bizi bada, denbora gehien egon den lurraldean egingo du aitorpena eta horko arautegia aplikatuko zaio. Baina, badaude, egon ere, kasu konplexuagoak. Izan ere, zergadun bat lurralde komunean 160 egun egon bada, Araban 100 eta Gipuzkoan 105, zer gertatuko da? Lehenbizi, ikusten da EAEn 205 egun egon dela, lurralde komunean 160 egon den bitartean eta beraz, Foru Arautegia dagokio eta Foru Ogasunaren eskuduntzapean geratuko da; egun gehiago igaro dituelako Foru Lurraldeetan lurralde komunean baino; baina gero, Gipuzkoan Araban baino denbora gehiago egon denez, Gipuzkoan burutuko ditu zerga betekizunak eta bertako arautegia aplikatu.

Irizpide hau egokia ez bada bi lurraldetan egun kopuru berdintsu egon delako edo zaila delako jakitea zein lurraldetan egin dituen egun gehien; kasu honetan oinarri zergagarriaren zati handiena lortu duen lurraldea identifikatu behar da; honela jakiten da zein arautegi eta zein ogasunari ordaindu. Eta hirugarren irizpidea azken egoitzarena da, lurralde komunean ala EAEn ordaintzeko eta jakiteko zein arautegipean dagoen. Azkenik, familia unitate bezala egiten bada aitorpena eta ohiko bizilekua lurralde desberdinetan izan, orduan, PFEZaren eskuduntza, oinarri likidagarri handiena erdiesten duen kidearen lurraldeko erakundeek izango dute; hala ere, azken irizpide hau datorren PEFZean ez da baliagarria izango, aitorpena norbanatuko delako eta beraz, unitate familiarra desagertuko delako.

Arautzeko eskuduntza, bestalde, PFEZaren atal guztietara heltzen da, bai besteren kontura lana egiten den kasurako zein bakoitza bere kontura ari denerako. Normala denez, kapital higigarrien etekinak kalkulatzeko irizpide berdinak erabiliko dira lurralde komunean eta Foru Lurraldeetan, kapitalen zirkulazioan lurralde abantailatsuak ez daitezen sortu. Arazo hau oso ohikoa da Europako Batasunean non merkatu batuaz mintzatzen den, baina estatu kide abantailatsuak daude Luxenburgo edo Herbeherak bezala.

Atxikipenarekin jauzi handi bat eman da 1981eko Ekonomia Itunak jasotzen zuenarekin alderatuta, nahiz 1997ko aldaketetan gaur egun onartuta dauden eskuduntza berberak izan; beraz, atxikipen-taula autonomoak eratzeko aukera dago EAEn, jadanik enpresa jarduera guztietan. Honela, lanak edo zerbitzuak EAEn egiten baldin badira eta hemendik eskaini, Foru Ogasunek eskuratuko dute atxikitutako dirua; lanak edo zerbitzuak bi lurraldeetan gauzatzen baldin badira, jarduera horiek EAEn eginak daudela kontsideratuko da behargina EAEn kokatutako lantegira atxikituta badago, nahiz gero lana lurralde komunean gauzatu. Horrez gain, ondoriozta daiteke lantegiak bi lurraldeetan baldin badaude eta beharginek bietan jarduten badute, atxikipenak bi ogasunek jasoko dituztela, eragiketen proportzioan.

Pentsioak jasotzerakoan onuradunek EAEn badute beren egoitza, nahiz ordainketa Gizarte Asegurantzak, INEMek, Pentsio Planek edo BGAEk egin, Foru Ogasunek izango dute eskuduntza atxikipen sarrera hauen gain. Administrazio kontseiluetako kideen gain egiten diren atxikipenak Foru Ogasunetan sartuko dira sozietatearen eragiketa oro EAEn burutzen badira; baina, eragiketak bi lurraldeetan egiten badira, orduan Foru Ogasunetan eta ogasun zentralean sartuko da, eragiketa erlatiboen proportzioan. Estatuko funtzionarioen gaineko atxikipenak ogasun zentralak jasoko ditu ordainketak administrazio zentralak egiten dituenean, baina ez da horrela gertatuko organismo autonomoak edo enpresa publikoak direnean ordaintzaileak; kasu hauetan Foru Ogasunek dute eskuduntza atxikipenak jasotzeko. Administrazio zentralak eskuratutako diru kopurua, bestalde, Kupoa kalkulatzerakoan kontutan hartuko da, konpentsazioen atalean.

Azkenik, lurralde komuneko atxikipen-tasa berak aplikatuko dira jarduera ekonomikoetan, kapital higigarrien (tituluak) etekinetan eta ondarearen balio aldaketa batzuetan, nahiz helbidearen arabera egin atxikipenak.

Badaude, egon ere, zenbait jarduera ahalbidetzen dutenak egoitza lurralde batean edo bestean izatea atxikipen tasak direla eta. Izan ere, jarduera batean atxikipen tasa apalagoa bada Lurralde Historikoetan, zerga egoitza hor kokatuko luke jarduera honetan diharduen pertsonak. Atxikipen tasa desberdinen eragina, batik bat, mugan kokaturiko pertsonek jasango lukete. Hori ekiditeko, jarduera ekonomikoko etekinak direnean, ordaintzaileak bere zerga egoitza EAEn baldin badu, dagokion Foru Ogasunean sartuko du dagokion diru kopurua, baina beti ere lurralde komuneko atxikipen tasak aplikatuko zaizkio, berdinak izan behar dutelako. Halaber eta esan bezala, atxikipen tasa berdinak erabiliko dira, interesetan, kapital higigarri eta zenbait ondare etekinetan.

Ondare Garbiaren edo Netoaren gaineko Zerga (OGZ) itundutako zerga da eta arautegi autonomoa aplikatuko zaio. Zerga honen gaineko eskuduntza Foru Aldundiek dute aitortzailearen ohiko egoitza, PFEZaren kasuan bezala, Lurralde Historikoetan dagoenean, eta egoitza definitzeko PFEZan erabili ditugun irizpide berberak aplikatuko dira.

Halaber, ez du axolarik ondarea non dagoen kokatuta, lurralde komunean baldin badago eta aitortzailearen ohiko egoitza EAEn, arautegi autonomoa aplikatzeaz gain dagokiona Foru Aldundiari ordainduko baitio. Beste gauza bat da zergadunak EAEn zuen ohiko egoitza Espainiako estatutik kanpora eramaten badu. Kasu honetan aukera bi dauzka: Lehen bezala aitorpena dagokion Foru Aldundian egin, nahiz horretarako espresuki azaldu behar, edo bestela, obligazio errealaren arabera aitortu, ondasun eta eskubide gehienak EAEn baldin badaude.

Hirugarren itundutako zerga Sozietateen gainekoa da (SZ). Zerga hau ere arautegi autonomikoaren eremupean sartzen da, sozietatearen egoitza EAEn baldin badago. Baina sozietate horren negozio bolumena aurreko urtean 6 milioi eurokoa baino handiagoa izan bazen eta bolumen horren ehuneko 75 baino gehiago lurralde komunean burutua izan, orduan, arautegi komuna aplikatuko zaio. Gero, zergak sortutako etekinak eragiketa erlatiboen arabera banatuko dira ogasunen artean.

Eta bigarren salbuespena da sozietate batek bere zerga egoitza lurralde komunean edo EAEn badu, aurreko urteko negozio bolumena 6 milioi euro baino gehiago bazituen eta hauek guztiak EAEn lortu, kasu honetan arautegi autonomoaren pean sartuko da sozietate hau eta ordainketa guztia Foru Aldundiei dagokie.

Baina, zer gertatzen da sozietate batek aurreko urtealdian 6 milioi euro baino gutxiagoko negozio bolumena izan bazuen? Honelako kasuetan ondorioztatu daiteke zerga egoitza EAEn baldin badu sozietateak, arautegi autonomoaren eremupean sartuko dela eta horrez gain zerga osoa Foru Ogasunei ordainduko diela, nahiz eragiketak bi lurraldetan gauzatu. Eta alderantziz, zerga egoitza lurralde komunean baldin badu, arautegi komuna aplikatzeaz gain, zerga ordainketa osoa ogasun zentralean burutuko da .

Gaur egun enpresek taldeka jarduteko joera eta beharra dute, bestela lehiatzea ezinezkoa baitute kasu asko eta askotan. Izan ere, edozein proiektu aurrera eroateko kontratatzaileak eskaintza globala egitea nahi izaten du eta horretarako enpresek elkartu behar izaten dute, proiektua bere osotasunean heltzeko. Hori dela eta, elkartze formula bat baino gehiago dago. Elkartze hauen artean "Interes Ekonomikoko Elkartzeak" (IEE) eta "Aldi Baterako Enpresa Elkarteak" (ABEE) ditugu. Bai baten kasurako, bai bestarako, EAEn Foru Arauak emateko gaitasuna dago enpresa osatzaile guztiak Foru Arautegiren eremupean baldin badaude. Baina elkarte hauek ez dute SZrik ordaindu behar. Baina bai elkarte horren mozkinak gehitu sozietate kide bakoitzari dagokion oinarri zergagarria kalkulatzerakoan eta orduan ordainduko du dagokion zerga.

Zerga taldeak edo talde fiskalak ere araudi autonomoa izango dute, honelako araudipean baldin badaude bai sozietate nagusia, baita menpeko guztiak ere. Eta araudi komuna sozietate nagusia eta menpeko guztiak lurralde komuneko arautegia badagokie. Baina talde hauetatik atera egingo dira euskal arautegiaren eremupean sartzen diren sozietateak eta horrela, EAEko arautegipean geratuko dira sozietate horiek. Dena dela, estatua izango da talde hauen definizioak eta xehetasun oro emango dituena.

Oinordetza eta Dohaintzaren gaineko Zerga itundutako barruan kokatzen da eta araudi autonomoa eta ahalmena Foru Aldundiek izango dute ondoko kasu hauetan:

1) Oinordetzaren kausatzaileak bere helbidea EAEn duenean, 2) Ondasun higiezinen dohaintzetan, hauek EAEn kokatzen direnean eta gainontzeko ondasun (higikorra) eta eskubideetan, dohain-hartzaileak bere ohizko egoitza EAEn duenean, eta 3) "Mortis causa" dela eta eskuratutakoa, edo hil dela eta bizitza aseguruaren onuradunek lortutakoa, kausatzailearen egoitza EAEn bazegoen sortzapenaren (devengo) datan.

Bestalde araudi komuna aplikatuko da kausatzaileak edo dohain-hartzaileak, zerga sortzeko eskubidea gauzatzen denean, 5 urte baino gutxiago bada bere egoitza EAEra aldatu zuela, nahiz ordainketa Foru Ogasunei egin. Honek suposatzen du EAEko araudia lurralde komunekoa baino abantailatsuagoa izango dela eta onurak ekiditeko 5 urteko baldintza hau ipintzen zaio subjektu pasiboari.

Zerga honen araudia arakatuta esan daiteke ahalbide handia ematen diela EAEko Foru Erakundeei zerga honi buruz arauak ematerakoan. Baina 1997tik urrera gainontzeko autonomia erkidegoek ere zerga hau arautzeko gaitasuna eskuratu dute eta, zerga-lehia dela medio, zerga diferentziak oso txikiak izan daitezke. Hala ere, arautzeko gaitasuna osoa dute euskal erakundeek, ez hainbat lurralde komuneko autonomia erkidegotako legebiltzarrek, zenbait murriztasun eta baldintza bete behar baitituzte, EAE edo Nafarroan ez bezala.

Normalki, sozietate batek lurralde komunean eta historikoetan bere negozioak egiten ditu eta urteko mozkinak (edo galerak) non egin diren, zein lurraldean sortu diren, zaila da jakitea, jarduera homogeneoa izan badu ere. Beraz, sozietate batek bere salerosketak bi lurraldeetan, lurralde komunean eta historikoetan, egiten baditu, nola dakigu zenbat mozkin izan duen sozietateak lurralde batean edo bestean? Horretarako, 1981ean Ekonomia Ituna onetsi zenean, zenbait irizpide finkatu zen eta irizpide horiek sozietateen higiezinen balio, salmenten balio, eta zuzendaritza eta administrazioaren helbidean oinarritzen ziren. Ez ordea 1990an onetsi zen testu aldatuan.

1991etik aurrera, antzinako testua aldatuta geratu zen eta 2002ko testuak berdin mantentzen du. Oraingo testuak sozietateak ekoitzitako ondasunak eta zerbitzuak nondik emanak diren kontutan hartuko ditu, hein handi batean behintzat. Irteeren balioa edo kontra-prestazioa izango da negozio erlatiboa kalkulatzeko oinarria. Baina kontra-prestazio honek suposatuko duen sarrerari BEZa kendu behar zaio.

Gaur egun, kontutan izan behar da sozietate batek, normalki, faktoria bat baino gehiago dituela. Sozietate batek faktoria bat bakarrik balu, garbi dago, indarrean dagoen Ekonomia Itunaren arabera, bere eragiketa guztiak faktoria hori kokatuta dagoen lurraldean egiten dituela. Izan ere, mota honetako sozietateak 6 milioi euro baino gutxiago edo gehiagoko eragiketak egiten baditu ez du inolako eragozpenik izango jakiteko Foru Ogasunei ordaindu edo ogasun zentralari, faktoria Lurralde Historikoetan badago lehenengoei eta bigarrengoari lurralde komunean badago.

Arazoak faktoriak bi lurraldeetan dituenean sortuko dira. Faktoriak bi lurraldeetan daudenean, Ekonomia Ituna erreformatuak, gardenki, egotziko ditu lurralde batera edo bestera sozietate baten eragiketak, honek ondasunak produzitzen baditu. Testu honen arabera, eragiketa Lurralde Historikoetan egina dela kontsideratuko da ondasun higikorraren emateak EAEn kokatuta dauden lan- edo eraldaketa-zentroetatik egiten direnean. Orain, lan- edo eraldaketa-zentroak bi lurraldeetan badaude, orduan azken fabrikazio-prozesua EAEn egin beharko da EAEri egotzi nahi bazaio eragiketa. Beraz, ez da nahikoa izango ondasunak EAEra Madriletik, adibidez, ekartzea eta Donostiako biltegitik saltzea, Lurralde Historikoetan eragiketa egina dagoela esateko, honetarako lan-prozesua edo eraldaketa egitea eskatzen baita, aipatu kasu honetan existitzen ez dena.

Normalean, ondasun higikorra saltzen denean bere instalazioa ere sozietate berak egiten du eta fakturatzeko orduan alde batetik ondasunaren balioa azaltzen da eta instalatzeagatik ordaindu behar dena bestetik. Mota honetako ondasunak EAEn sortzen badira eta bertan instalatu, orduan ez dago inolako eragozpenik eragiketak non egin diren baieztatzeko. Baina ondasuna EAEtik eman bada eta lurralde komunean instalatu, eragiketa korapilatu egiten da. Kasu hauetan, ondasuna instalatzeagatik ordaindutako diru-kopurua faktura osoaren ehuneko 15 baino gutxiago bada, eragiketa guztia EAEn egina izan dela kontsideratuko da. Alderantzizko kasua, hau da, prestakuntza lurralde komunean egiten bada eta instalakuntza EAEn, honen kontra-prestazioa ehuneko 15 baino apalagoa bada, instalakuntza horren eragiketa lurralde komunari egotziko zaio.

Sozietatearen jarduera elektrizitatea produzitzea bada, emateak EAEn eginak direla kontsideratzeko, beraz eragiketek, elektrizitatearen sortze-guneek, EAEn kokatuta egon beharko dute. Baina elektrizitate sortze guneak bi lurraldeetan badaude, ekoizpenaren proportzioan banatuko da enpresa hauek sortzen duten SZ.

Ondasun higikorra denean eta ondasun hauen eroslearen eskuetan jartzeko garraitu behar bada beste lurraldera; kasu honetan, ematea, espedizioa hasten den lurraldean egina dagoela kontsideratuko da, ez garraioa bukatzen den lurraldean. Beraz, EAEtik Andaluziara garraiatzen bada ondasun bat, ematea EAEn egina bailitzan izango da, fakturazioa bertan egingo baita, nahiz ordainketa eskualde hartzailean egin; eta honelako kasuan, SZ EAEko Foru Ogasunei dagokie.

Ondasun higigaitza denean eta berau EAEko lurraldeetan badago, beronen gain egiten den edozein eragiketa, EAEri egotziko zaio, eta alderantziz ondasun higigaitza lurralde komunean baldin badago.

Beste maila diferente batean zerbitzuak daude. Eta jakina, sozietate batek bere zerbitzuak EAEtik eskaintzen baditu, Lurralde Historikoetatik ematea egin bailitzan izango da eta eragiketa EAEko Foru Ogasunei egotziko zaie. Baina zerbitzu hori jasotzen duena ondasun higiezina bada eta berau EAEtik at kokatuta egon, orduan, nahiz zerbitzuak EAEtik eginak egon edo eskaini, ez zaio honi egotziko, bai ordea lurralde komunari.

Gero, zenbait kasutan sozietateen helbide fiskala izango da eragiketa non egin den determinatzen duena, bestela zehaztea oso korapilatsua delako. Kasu hauen barruan jarduera hauetako sozietateak egongo dira:

1) Nekazal ustiapen, baso-ustiapen, abeltzaintza edo arrantza eta natur ondasunak harrapatzeko elkarteak edo armadoreek eginiko emateak, enpresa hauek guztiek jasotzen dituzten ondasun naturalak badira eta ondasun hauen eraldaketarik ez egon, baizik, berauen laborantza, ustiapena eta ondorioz harrapaketa besterik ez, 2) Garraio-zerbitzuak, nahiz etxez edo tokiz aldatzeko zerbitzuak izan, baita erremolkeak eta garabiak, 3) Garraiobideak akuratzeko elkarteak, eta 4) Hemen aipatzeke geratzen diren jardueretako sozietateek beren helbide fiskala EAEn badute Foru Aldundietan ordainduko dute Sozietateen gaineko Zerga, eragiketak helbide fiskala dagoen tokian egiten direla kontsideratuko baita.

Laburbilduta esan behar da eragiketa bat definitzeko orduan ondasuna edo zerbitzua nondik eskaintzen den, nondik ematen den ikusi behar dela. Salbuespenek helbide fiskala izango dute ordaintzeko zein ogasun den zehaztuko duena. Gero, zerga ordainketa egiterakoan, ogasun bakoitzari eragiketa horien proportzioa egingo zaio. Berdin, zerga itzulketa egin behar badute. Beraz, zerga-ordainketetan lurralde bati edo besteari egozterakoan, lurralde horietan egin diren eragiketen portzentaietan egingo da eta haatik, gardenki geratu behar da nondik egin diren emateak eta hauen kontra-prestazioak.

Beraz, ahalezkoa da jakitea nola banatzen diren sozietate baten eragiketak; orduan, zenbateko balioa izan duten lurralde batean eta bestean kalkulatuko da eta proportzio horretan banatzen dira sozietate honen mozkinak, eta beraz, hortik ondorioztatutako zerga. Honela kalkulatzen diren mozkinen aitorpena egingo da eta erraza da jakitea ogasun bakoitzari, Foru- edo zentralari, ordaindu behar zaion zerga kopurua eta aplikatuko zaion arautegia.

Zerga zeharkakoei araudi komuna aplikatuko zaie eta beraz, lurralde komuna eta Lurralde Historikoen artean benetako harmonizazioa egongo da. Izan ere, printzipio oinarrizko, arau substantibo, egitate zergagarri, exentzio, sortze, oinarri eta zerga tasa berak izan behar baitituzte zerga hauek. Hala ere, Lurralde Historikoetako Biltzar Nagusiek aitorpen-eredu eta likidazio-epeak finkatzeko ahalmena izango dute. Baina aitorpen ereduek, gutxienez, lurralde komuneko aitorpen-ereduen informazioa jaso beharko dute eta likidazio-epeak ez dira asko aldatuko lurralde komunetik Historikoetara. Haatik, edukiari buruz, funtsean, erabat berdinak izango dira zerga hauek bi lurraldeetan.

Esandako hau, BEZari aplikatuko zaio. 1986ko urtarrilaren lehena baino lehenago, oraindik espainiar estatua Europako Erkidegoko kide izan aurretik, Enpresa-Trafikoari buruzko Zerga, Luxozko Zerga, Telefonoaren Erabilpenaren Zerga, Esportazioen desgrabapena, etab. zeuden indarrean eta orain gertatzen denaren antzekoa ematen zen, hau da, arau komuna aplikatu behar zitzaien zerga hauei guztiei. Izan ere, Europako Erkidegoan sartzerakoan, espainiar estatuak eta beraz EAEk (Lurralde Historikoak) BEZa ezarri zuten, Enpresa-Trafikoaren gaineko zergaren ordez. Hau honela da Ekonomia Itunak hala agintzen duelako; nazioartean ematen den zerga hitzarmena EAEn ere bete behar da eta beraz, BEZa egokitzea Europako Batasunak honela eskatu zuenean burutu zen. Eta jakina, espainiar estatuko merkatuaren batasuna ezin zitekeen zatitu zerga honekin eta hortik arau berberak, maila guztietan, ipintzea. Hala ere, muga-zergak kentzeke geratu ziren eta berauen desagerpena 1993ko urtarrilaren lehenean egiteko konpromisoa hartu zuen Europako Ekonomia eta Finantzetarako Kontseiluak (Ekofin) 1989ko azaroko bilkuran.

Horrela, 1993tik aurrera EBan merkatu batua funtzionatzen hasiko zen eta horrek barne salerosketen izaera aldatzea ekarri zuen, jadanik kanpo merkataritzaren arauek ez baitzuten balio. Beraz, inportazioa izan ordez, erkidego barneko "eskuraketak" izatera heldu dira estatu kide batek beste bati erosten dizkion ondasun eta zerbitzuak; hau da, eragiketak ez dira inportazioak bezala kontsideratuko. Gainera, zerga helmugaren arabera, hau da, ondasun eta zerbitzuak eskuratzen diren estatuan ordainduko da sortutako BEZa eta horrek neurri egokiak hartzea eskatzen du estatu kideen aldetik zerga ordainketa efektiboa gauzatu dadin; bien bitartean, estatu kide bertan egiten diren eragiketak jatorri irizpidearen arabera ordainduko da BEZa. Honek guztiak behar den bezala gauzatzeko, kontrol administratibo ugari hartarazi ditu, iruzurra egitea zailagoa izan dadin.

Europako Batasuneko arauen arabera, eskuratzaileak, derrigorrez, BEZaren kuota kalkulatzeko datu guztiak aurkeztu beharko ditu, kenkari ahalgarriekin, bai estatuko barne eragiketetan, baita estatu kideen artekoetan. Horrez gain, zerga tasa eta hauen kopuruak berdintsuak izan behar dute, merkatuan distortsioak ekiditeko. Halaber, eragiketa hauen kontrol elektronikoa estatu kide guztien esku egon behar du, iruzurrik ez dadin eman. Hala ere, iruzurra sarritan egiten da, erraz samarra baita kanpotik datozen ondasunak ezkutatzea eskuratzailearekin bat etorrita, barne-mugak igarotzerakoan ez baita inolako azalpenik egin behar beste edozein estatutik datozenean ez bezala.

Subjektu pasiboak BEZa Foru-Aldundiei ordainduko die bere helbide fiskala EAEn duenean, nahiz edozein lurraldetan egin bere eragiketak eta eragiketen kopurua, aurreko urtean, sei milioi euro baino gutxiago izan bazen. Alderantziz ere funtzionatzen du irizpide honek, hau da, subjektu pasiboak bere helbide fiskala lurralde komunean duenean eta eragiketak, aurreko urtean, sei milioi euro baino gutxiago izan baziren, orduan, ordainketa ogasun zentralari egingo zaio.

Balio Erantsiaren gaineko Zerga ordaintzerakoan subjektu pasiboak lan-zentro bat bakarrik badu ez da arazo handirik sortzen definitzerakoan zein ogasun izan behar duen diru-hartzailea. Baina, subjektu pasiboak bere faktoriak edo lantokiak bi lurraldeetan baldin baditu, orduan eragiketa erlatiboen arabera egingo dira zerga-ordainketak. Dena dela, Sozietateen gaineko Zerga erlatiboa kalkulatzeko erabiltzen diren irizpide berak dira, kasu honetako subjektu pasiboa, zergaduna, zabalagoa delarik, sozietateez gain, edozein eratako fakturazioa egiten duen pertsona guztiak, fisikoak edo juridikoak, sartzen baita. Beraz, BEZaren banaketa ondasun eta zerbitzuen ematearen arabera gauzatuko da.

Baina eragiketa guztiak, sei milioi eurotik gorakoak, EAEn egiten baldin baditu, edozein tokitan izanda ere bere helbide fiskala, BEZ osoaren ordainketa Foru Ogasunei egingo zaie.

Orain erantsi behar da eskurapen intrakomunitarioen kasua. Izan ere, Foru Ogasunei ordaindu beharko zaie garraiobide berriak eskuratzerakoan gizabanakoak edo BEZa ordaintzetik libre diren erakundeak direnean, baldin eta EAEn matrikulatzen badira. Oro har, beste eskuraketa intrakomunitarioak direnean eta hauek legez gaineko diru kopurua gainditzen badute eta eskuratzaileek zerga kentzeko eskubiderik ez dutenean, Foru Ogasunei ordainduko diete berauen helbide fiskala EAEn badute. Eta alderantziz, EAEtik EBko kide batean saltzen direnean ondasunak edo zerbitzuak, hauek BEZarik gabe doaz eta hartzailearen herrialdean zergapetuko dira.

Ekonomia Itunaren barruan, 1997an Zerga Bereziak sartu ziren eta berdin geratu dira indarrean dagoen Itun berrian. Zerga Bereziak arautegi komunaren esparruan sartzen dira, nahiz aitorpen ereduak, gutxienez, lurralde komuneko datuak jaso behar dituen, eta ordainketa datak ezberdinak izan daitezkeen. Zerga hauek Alkohol eta bere eratorritako, Garagardo, Hidrokarburo, Tabako, Elektrizitate eta Zenbait Garraiobideren gainean ipiniko dira.

Ekoitzitakoaren gaineko Zerga Bereziak, bestalde, Foru Ogasunei ordainduko zaie, zerga EAEn sortu baldin bada. Baina Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Berezia denean, Foru Aldundiek eskatuko dute ibilgailua EAEn matrikulatzen bada; salbuespen gisa, zerga honi aplikatuko zaion estatu-tasa ehuneko 10eraino gehitzea ahalko da. Amaitzeko, pertsona fisikoa denean, honek zerga-egoitza duen lurraldean matrikulatuko da ibilgailua.

Halaber, 2001ean helburu jakineko finantziaziorako zerga berezi bat sortu zen eta berau ere Ekonomia Itunean sartuta dago. Hain zuzen, Zenbait Hidrokarburoen Txikizkako Salmenten gaineko Zerga da zerga berri hau, eta bere helburua osasun sistema hobetzeko finantzabideak erdiestea da. Zergak estatu-arautegia izango du eta zerga-tasa alda daiteke arauek uzten duten mugen barruan; hala ere, aitorpen eredu eta ordaintzeko epeak arautzeko ahalmena Biltzar Nagusiek dute eta Foru Ogasunei ordainduko die txikizkako salmenta gunea EAEn baldin badago. Baina, ekoizkin honen azken kontsumitzaileek EAEko zentro batean erosi eta beste erkidego batean kontsumitzen badute, ez dagokie Foru Ogasunei zerga hau biltzea, bai alderantziz gertatzen denean ordea; EBko edozein estatutan egiten badira erregai honen erosketak eta EAEn kontsumitu, hemengo ogasunei dagokie mota honetako kontsumoen gaineko zerga.

Zerga sisteman zerga berri bat sartu zen 1997an; izan ere, Seguruen Primaren gaineko Zerga sortu zen eta zerga zeharkakoa denez, Ekonomia Itunean sartu behar izan zuten. Jakina, zerga mota hauek arautegi komuna eskatzen dute, nahiz aitorpen ereduak eta ordainketa epeak diferenteak izan daitezken bi lurraldeetan, baina Foru Ogasunei ordainduko zaie arriskua edo. konpromisoa EAEn ematen bada, aseguru eta kapitalizazio eragiketetan.

Horrela, arriskua EAEn kokatzen dela ulertuko da honelako baldintzak ematen direnean: a) higiezinak direnean, hauek EAEn baldin badaude; b) higiezinen aseguruaren barruan, higigarriak ere sartzen baldin badira; c) edozein higigarri, ibilgailuak kenduz, ondasun horiek EAEn kokaturiko edukitzailean badaude; d) gerta liteke aseguru berak lurralde komunean eta EAEn kokatutako higiezinak izatea, orduan, ordainketa bi lurraldeetako ogasunei egingo zaie lurralde bakoitzeko higiezinen balioaren arabera.

Asegurua ibilgailuen gain denean, edozein izanda hauen izaera, matrikulatuta daukan pertsonak edo erakundeak bere ohiko egoitza EAEn badu, dagokion Foru Ogasunari ordaindu beharko dio. Arriskua bidaiak edo EAEtik kanpo egoteak sortzen badu eta egoera horretan lau hilabete edo gutxiagoan badago, Foru Ogasunarentzat izango da dagokion zerga aseguru-kontratua EAEn burutzen bada. Aipatu diren kasu hauek ez badira, baina aseguru hartzaileak, bai pertsona fisikoa zein juridikoa, bere zerga helbidea EAEn badu, Foru Ogasunaren bati ordainduko dio.

Konpromisoa EAEn kokatuta dagoela kontsideratuko da bizitza asegurua egiterakoan kontratatzaileak bere ohiko egoitza EAEn badu pertsona fisikoaren kasuan; eta pertsona juridikoaren kasuan, sozietate-egoitza edo sukurtsalarena EAEn badu, hemen gauzatuko da konpromisoa eta beraz, ordaindu ere. Beste kasu batzuetan, aseguru edo kapitalizazioaren konpromisoa EAEn gauzatzen dela kontsideratuko da, kontratatzaileak bere jarduera ekonomikoa EAEtik burutzen badu eta beraz, dagokion Foru Ogasunari ordainduko dio.

Badaude, egon ere, bi zerga zeharkako zeinek arautegi autonomoa izan dezaketen. Hain zuzen ere, Ondare Transmisioen gaineko Zerga eta Ekintza Juridiko Dokumentatuen gainekoa Zerga dira, arautegi autonomopean sartzen diren bi zerga hauek, kapital eta inbertsioetan eraginik ez badute sortzen; ganboi letra edo igorpenen kasuetan arautegi komuna aplikatuko da; honela, kasu hauetan guztietan lege abantailak ekiditeko dira eta ez dira gauzatuko arautegi autonomoak. Bestalde, Ondare Transmisioen gaineko Zerga, Foru Aldundiei ordainduko zaie, aipatu baldintza hauek betetzen baditu behintzat:

Honela, zerga hau hiru atal nagusitan bana dezakegu: a) ondare transmisio diruzkoak; b) sozietate-eragiketak; eta c) ekintza juridiko dokumentatuak. Lehenengoan, pertsona fisiko eta juridiko ororen edozein eratako diruzko ondare-transmisio zergapetzen dira, bai ondasunak baita eskubideak badira ere; horrez gain, maileguak, fidantzak eta akuren gaineko zergak ere sartzen dira. Bigarrenean, sozietate-eragiketak zergapetzen dira, hain zuzen, sozietateen eraketa, bere kapitalaren hedaketa edo murrizketa, banaketa eta deusezketa; bazkideek egiten dituzten diru ekarpenak sozietatearen galerei aurre egiteko; eta Europako Batasunean ez dagoen sozietate batek Espainiako estatura ekartzen duenean zuzendaritzaren egoitza. Hirugarrenean, dokumentu notarialak, merkantilak eta administratiboak zergapetzen direnean.

Ohartu daitekeenez, bigarren ataleko zergaren gain arautzeko eskuduntza izateak EAEn abantailak sortzea ahalbidetuko luke, kapitalen merkatua distortsionatu egin baitaiteke. Izan ere, edozein sozietate-eragiketaren gaineko zerga apalgoa edo abantailatsuagoa balitz EAEn, lurralde komunean egingo liratekeen asko EAEn egitera etorriko lirateke eta horregatik arautegi komuna aplikatzea, nahiz gero zerga-ordainketa Foru Ogasunei egin; hala ere, aitorpen ereduak eta ordainketa-epeak arautu daitezke, baina nahiko parekoek izan behar dute. Aipatu zergez gain, arautegi komuna izango dute ere kanbio-letra eta posta-igorpenen gainekoek. a) eta c)-ren barruan sartzen diren zerga guztiek arautegi autonomoa izango dute beraz.

Bestalde, ondasun higiezinak diruzko transmisioagatik edo garantian uzteagatik edo edozein eratako eskubidegatik sortzen den zerga-obligazioa, EAEko Foru Ogasunetan ordainduko da, ondasun hau EAEn kokatuta badago.

Ondasun higigarriak, aziendak diruzko transmisioagatik, kredituagatik edo edozein eratako eskubidegatik sortzen den zerga-obligazioa EAEko Foru Ogasunetan ordainduko da eskuratzailea, pertsona fisikoa bada eta bere zerga-helbide EAEn; baita pertsona juridikoa bada eta bere helbide fiskala EAEn. Baina, akzio, obligazio eta antzeko kasuetan eragiketa burutzen den tokia hartuko da ordaindu behar den ogasuna zehazteko.

Orain, akzioen salerosketa, harpidetza-eskubide, bazkide-partaidetza, obligazio eta antzeko tituluetan, zerga-ordainketa, eragiketa formalizatzen den lurraldean egingo da. Eta, azkenik, hipoteka higigarria eratzerakoan, edo beste era batera esanda, ontzi, itsasontzi edo aireontzien kasuetan, garantia egiten den lurraldean ordainduko da zerga hau.

Bestalde, mailegu-, fidantza-, errenta ez-higiezina- eta pentsio-eraketetan, mailegaria, errentaria, fidantzagarria edo pentsiogarria pertsona fisikoa denean eta bere ohizko egoitza EAEn badu, Foru-Aldundietan ordainduko da eragiketa hauetan sortzen den zerga; eta pertsona juridikoa bada, eragiketa berberetan, pertsona juridikoaren helbide fiskala dagoen lurraldean egingo da zerga-ordainketa.

Baina, maileguak berma errealekin direnean, hipoteka higiezinak izanez, orduan Foru-Aldundiek izango dute ahalmen guztia zergak biltzeko, ondasun higiezinak EAEn kokatuta badaude. Eta hipotekatutako ondasun higiezinak bi lurraldeetan badaude, ordaindu behar den zerga, ondasun horien balioaren arabera egingo da lurralde batean eta bestean.

Gero, ondoko kasu hauetan helbide fiskala zein lurraldean dagoen, han ordainduko da zerga: 1) Sozietate berriak eratu, fusionatu eta bertan-behera utzi eta 2) Sozietatearen kapitala gehitu eta gutxitu, fusionatu, etab.

Eraketa hauetan kasuistika zabala da, baina, normalki, helbide fiskalak emango digu zerga ordaintzeko gunea.

Ekintza Juridiko Dokumentatuetan, dokumentua egiten den tokian ordainduko da. Beraz, edozein dokumentu EAEn egiten bada, dokumentu honek sortzen duen zerga Foru-Ogasunei ordainduko zaie.

Ekonomia Itun honek aurreikusten ditu estutuak sortuko lituzkeen zeharkako zerga berriak. Izan ere, lurralde komuneko oinarrizko printzipio, arau nagusi, egitate zergagarria, zerga-tasa, eta abar berak izan beharko ditu.

Azkenik, Jokoaren gaineko Zerga dago eta berau itundua eta, oro har, arautegi autonomoa izango du, nahiz egitate zergagarri eta subjektu pasiboaren finkapena estatuak berdindu bere lurralde osorako. Baina Foru-Aldundiek emango dute joko baimenaren eskaera EAEn egiten bada.

Tasak ere Ekonomia Itunaren baitan sartzen dira eta beraz, Foru Aldundiei dagokie tasen etekinak eskuratzea berauen jabaria publikoa denean eta erabiltzaileei edo aprobetxamendua gauzatzen dutenei ordainarazi; berdin zerbitzuak betetzeko jarduera Foru Aldundiek egiten badute.

Amaitzeko, toki zergak arau autonomoen eremuan sartuko dira eta Lurralde Historiko bakoitzean bere bereizitasuna izango dute. Bestalde, toki zergak hauexek dira: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Ekonomia Jardueren gainekoa, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuena eta beste zenbait toki zerga.

Lehenago emana izan da Eusko Jaurlaritzak dituen sarreren zerrenda. Orain, sarrera horiek zein portzentaietan banatzen diren ikusiko da.

1 Taula: Ingresos de la CAV en 2003
Kontzeptua Milioi euro %
Iturria: Eusko Jaurlaritza
Zerga zeharkakoak7,10 0,1
Tasak eta beste sarrerak44,70 0,7
Transferentzia arruntak5645,97 91,3
Ondare sarrerak43,68 0,7
Inbertsio errealen bestetzea0,65 0,0
Kapital transferentziak44,97 0,7
Finantza aktiboen aldaketak7,93 0,1
Finantza pasiboen aldaketak390,00 6,3
Orotariko sarrerak6185,00 100,0

Iturria: Eusko Jaurlaritza

1. taulan gardenki ikusten da Jaurlaritzaren sarrera garrantzitsuena Aldundietatik datorrela, hain zuzen, ehuneko 91,3 inguru. Banaketa hau egiteko Finantza Publikoetako Euskal Kontseilua bildu zen eta Kontseilu honek adostutako 2002ko Urriaren 4ko 6/2002 Ekarpen Legearen arabera banatu zituen. Honela, hiru Foru Aldundiek beraien ekarpen bertikalak -Jaurlaritzari- eta horizontalak- Foru Aldundi bakoitzak zenbateko kopurua jarri behar duen- jakingo dute. Gero, beste zenbait diru iturri ere azaltzen dira, baina finantza pasiboak kenduz gero, ehuneko 6,3, ezer gutxi lortzen da. Beraz, gainontzeko sarrera publikoak ez dira hain nabariak.

2. taulan Foru-Aldundien sarrerak ikusten dira. Izan ere, Foru-Aldundiak dira Itundutako zergen eragiketak burutzen dituztenak eta honexegatik dira hain garrantzitsuak, diru publiko gehienen eragiketak beraiek gauzatzen baitituzte.

2. Taula: Hiru Foru Aldundien sarrerak. 2003
Kontzeptua Milioi euro %
Iturria: Foru Aldundiak
Zerga zuzenak3.938,6743,6
Zerga zeharkakoak4.585,6850,7
Tasak eta beste sarrerak121,061,3
Transferentzia arruntak171,651,9
Ondare transmisioak24,090,3
Inbertsio-err.bestetzea11,450,1
Kapital transferentziak77,540,9
Finantza aktiboen aldaketak11,700,1
Finantza pasiboen aldaketak96,871,1
Orotariko sarrerak9.038,72100,0

Bigarren taula honetan ikusten da zerga zuzenen bidez sarrera publiko guztien ehuneko 43,6 eskuratzen dutela Foru Ogasunek non PFEZa baita garrantzi handiena duena. Gero, zerga zeharkakoak datoz, zeinek sarrera publikoen erdia gainditzen baitute, hain juxtu, ehuneko 50,7; zerga zeharkakoen artean, emankorrena, BEZa da. Gainontzeko zergek, pisu apalagoa dute, hala nola Sozietateen gaineko Zergak, Ondare Transmisioen eta Ekintza Juridiko Dokumentaturen gaineko Zergak. Azken hiru zerga hauek, nahiz garrantzi handikoak diren, hala ere, oso urruti geratzen dira PFEZ edo BEZarekin konparatzen baldin baditugu.

3. Taula: Foru Aldundien Ekarpenak Estatuari eta Jaurlaritzari. 2003
Kontzeptua Miloi euro %
Iturria: Euskadiko Kutxa
Kupoa1.127,2716,8
Ekarpenak5583,9083,2
Orotara6.711,17100,0

3. Taulak gobernu zentral eta Jaurlaritzarekiko hiru Foru Aldundien finantza betebeharrak azaltzen ditu. Bertan Kupoa eta Ekarpenak daude, baina Kupo likidoa da eta ez da argi geratzen gobernu zentralari benetan ordaintzen zaiona, Kupo gordina beste gauza baita, beronen kalkuluan ikusiko den legez.

Azkenik, 4. Taulan, Foru Aldundiek beraien sarrerak nola banatzen dituzten ikusiko dugu, kontutan hartuz, era berean, estatu, Jaurlaritza, Aldundia eta udalen sarrerak ere badirela.

4. Taula: Foru Aldundien erakundeekiko konpromisoak. 2003
Kontzeptua Milioi euro %
Iturria: Euskadiko Kutxa
Kupoa1.127,2712,47
Ekarpenak5583,9061,77
Udal funtsa576,786,38
Foru Aldundiak1750,8619,37

4. Taulan ikus daitekeenez, Foru Aldundien gastu orokorren zati handi bat, ehuneko 80, instituzionalki konprometituta dago eta beraiei gainontzeko ehuneko 20 geratzen zaie. Jakina, estatuari Kupoa ordaindu behar zaio, Jaurlaritzari Ekarpen Ekonomikoa eta udalei gainontzekoa.

Euskal Autonomia Erkidego eta Espainiako estatuko administrazioaren artean zenbait finantza fluxu ematen dira eta horien arteko bik dute zerikusi handia atal honetan. Batak, bi administrazioen arteko aurrekontuekin dauka zerikusia, eta besteak zerga zeharkakoek sortzen dituzten desberdintasunak ordainketak eta bilketak gauzatzerakoan.

Finantza harreman hauek zenbait printzipio bete behar dituzte. Alde batetik, EAEren zerga- eta finantza autonomia bermatzen da bere eskuduntzak gauzatzeko, baina beti ere, Konstituzioak eta Autonomia Estatutuak azpimarratzen duen elkartasuna oinarri bezala hartuta, nahiz elkartasun hori aurrera eramateko ezer gutxi adierazi; gero Lurralde-arteko Konpentsazio Funtsa dela jakingo da, baina zertxobait gehiago ere izango da Espainiako estatuak Europako Batasunetik jasoko baititu zenbait funts elkartasunaren izaera dutenak hain zuzen.

Bestalde, Itunean garbi azaltzen da EAEk Administrazio zentralari ordainduko diola honek eskuduntzak, bai bereak, baita transferitzeke daudenak, mantentzen dituen bitartean. Hau honela, 1981ean ezarri zen sistemaren antzekoa da eta Batzorde Mistoaren esku geratuko da metodologiaren finkapena.

Azkenik, EAEko udalen gain euskal erakundeek duten erantzukizuna azpimarratu behar da eta ziurtatuta geratzen da udal hauen autonomia maila lurralde komunekoarenen adinekoa izango dela, gutxienez. Beraz, udalen beraien sarrera autonomoez gain, zeinak udal zergen eta tasen bidez eskuratuko baitituzte, euskal erakundeek diru ekarpenak ere egin beharko dizkie eskuduntzak egikaritzeko, lurralde komuneko udalei estatuak bermatzen dien moduan.

Ekonomia Itunaren iraupena eperik gabekoa bada ere, ez da honela gertatzen Kupoarekin, berau bost urtetik behin berritu behar baita. Beraz, bost urte igaro ostean aztertu eta berrikusten da, eta bosturtealdi berrirako Kupoaren kalkulurako metodologia onetsi. Jakina, Ekonomia Ituna bezala, Legebiltzar zentralean legez onesten da Kupoa, aurretik Batzorde Mistoan adostasuna lortu ostean eta artikulu bakarra aurkezten da bere edukia atxikituta joaten den bitartean, baina artikulu hauek aldaezinak dira bi ganbaretan, eginkizun hori Batzorde Mistoari baitagokio.

Honela izanda ere, lehenengo Kupoa, 1981etik aurrera indarrean egon zena, behin-behinekoa izan zen eta lege izatera ez zen iritsi. Bai ordea bigarren Kupoa, 1987tik 1992ra bitartean indarrean egon zena, nahiz 1988an onetsia izan, atzeranzko efektuekin; antzeko zerbait gertatu zen 2002ko Kupoarekin, 2001ean onartu behar zen Itun berria eta beronekin 2002-2006 arteko Kupoa, baina ez zen honela izan eta urte hori aurrera zihoala onetsi behar izan zen. Orain, nahiz jadanik 2007- 2010 arteko denboraldian egon, hala ere ez da onetsi urte hauetako Kupoa kalkulatzeko metodologiarik, pentsatu arren aurrekoaren antzekoa izango dela eta egozpen indizeak berdina izaten jarraituko duela.

Horrezaz gain, osasungintza arloan gobernu zentralak eskuduntzak transferitu zizkien autonomia erkidegoei, baita eskuduntza hauek finantzatzeko baliabideak ere. EAEk beregain hartu zuen eskuduntza hau eta Kupoaren logikari jarraituta diru gutxiago ordaindu behar zion gobernu zentralari. Baina, hasiera batean euskaldunekiko PPren jarrera zela bide eta gero PSOEk Madrileko Legebiltzarrean EAJren laguntza ziurtatzeko presio bide erabiliko zuen, eta ondorioz kupoaren ordainketak gora-behera ugari izaten jarraitu zuen, euskal erakundeek Kupotik osasun arloko gastuen kopurua kentzen baitzuen eta erantzunez, gobernu zentralak zerga zeharkakoen doikuntzetatik itzuli behar zien dirutzatik deskontatzen zien euskal erakundeei. Azkenik, afera hau 2005ean amaitu zen eta onartu zaie euskal erakundeei diru gutxiago ordaindu behar dutela Kupo gisa.

Baina, zer da Kupoa? Kupoa EAEk Gobernu zentralari ordaindu behar dion diru kopurua da, gobernu zentralak EAEn egiten dituen gastuak finantzatzeko, bereak dituen eskuduntzetan edo oraindik EAEra transferitu ez direnetan. Hau da, hain zuzen, Kupoaren definizioa.

Jakina da gobernu zentralak zenbait gastu EAEn egiten duela. Gastu horiek bere eskuduntzetan egiten dituenak dira, honela agintzen baitu Konstituzioak eta Autonomia Estatutuak. Bestalde, oraindik gordetzen ditu beste zenbait eskuduntza, adibidez Ikerketarena, EAEra transferitzeke baitago eta hainbat tirabira sortzen dira Madril eta Gasteizen arteko harremanetan. Beraz, bi mota hautako eskuduntzak finantzatuko ditu Kupoak, baina betiere EAEri dagokion proportzioan. Eta horretarako egozpen-indizea definitzen da.

Egozpen-indizea aplikatuz Kupoa zenbatesten da eta beraz, gobernu zentralak EAEn, zehatz-mehatz, egiten dituen gastuak eta Kupoak ez dute zergatik berdinak izan behar; hurbilketa besterik ez da. Haatik, Kupoa, gastuen bidea hartuz, kalkula daiteke beste era batean. Baina ez da honela egiten, eta orokorki zenbatesten da.

Egozpen-indizea kalkulatzerakoan EAEko ekonomiaren zama ikusi zen eta estatukoarekin konparatu. Eta zenbait aldagai makroekonomiako erabiliz, ehuneko 6,24 izatea onetsi zen lehenengo Kuporako eta geroztik zenbaki hori bera mantendu egin da. Bestalde, esan behar da ere, zenbaki hau oso garrantzi handikoa dela, azken finean, zifra horren hamarrenak edo ehunekoak diru asko suposa baitezake EAErentzat eta, alderantziz, kopuru arbuiagarria da gobernu zentralarentzat, honen aurrekontu-zenbakiak askoz ere handiagoak baitira, eta beraz, erlatiboki, garrantzi txikiagoa du.

Indarrean egon zen azkeneko Kupoa 2002-2006rako onetsi zen. Oinarrizko urtea, 2002 zen eta ondorengo laurei eguneratze--indizea aplikatuko zitzaien. Honela, oinarrizko Kupo likidoari hurrengoa lortzeko, 2003ko eguneratze indizea aplikatu zitzaion, eta 2004koarekin berdin egingo zen....

Aurreko Kupoetan bezala, estatuak bere gain dituen eskuduntzen gastuak izango dira abiapuntu. Horretarako, estatuaren gastu orokor guztiei EAEra transferitutako eskuduntzetako gastu guztiak, estatu mailan kalkulatuak, deskontatuko zaizkie. Bestalde, estatuaren gastu orokorren artean, Lurralde-arteko Konpentsazio Funtsa, estatuaren erakunde publikoetara eginiko transferentzia edo subentzio eta estatuaren Zor Publikoak sortutako korritu eta amortizazio-kuota guztiak sartuko dira. Gero egozpen-indizea, hau da, ehuneko 6,24, aplikatuko zaio aurreko emaitzari eta hori Kupo gordina izango da. Beraz, gastu ez-hartuei ehuneko 6,24 aplikatuko zaie eta hortik Kupo gordina aterako da (Ikus gehigarria).

Gero, aurreko Kupoan legez, konpentsazioak daude eta berauek mantendu egiten dira hiru arlotan: a) zerga ez-itundutakoagatik, b) estatuaren sarrera ez-zergagarriagatik eta c) defizit publikoagatik. Kopuru hauei ehuneko 6,24 aplikatzen zaie eta Kupo gordinetik deskontatu. Hiru konpentsazio hauez gain, laugarren bat ere badago. Hain zuzen, Kupoaren Legearen 6. artikuluaren bigarren zenbakian azaltzen da beste konpentsazio bat kualitatiboki diferentea dena aurrekoekin alderatuta; zehazki, ogasun zentralak administrazio zentraleko euskal langileen alokairuen gain eginiko atxikipenak dira deskontatuko diren kopuruak.

Bestalde, Gizarte Asegurantzaren osasungintzan eta gizarte-zerbitzuak finantzatzeko direla eta, EAEn egiten diren ordainketak konpentsatu egingo dira. Kalkulu sistema berri hau onartu arte, Gizarte Asegurantzaren altxor nagusiak dirutza horren konpentsazioa burutzen zuen orduko araudiak eskatzen zuen moduan; baina araudi berriaren arabera, Kupoaren zenbatespenean sartzen dira EAEri dagozkien sarrera hauek, aurreko sistematik bereizteko. Kopuru hau kalkulatzeko estatu osoko diru sarrerak kontutan hartuko dira eta egozpen indizea aplikatu.

Behin kenketa guzti horiek eginez gero, Kupo likidora iritsiko gara eta hori izango da estatuko administrazio zentralari ordainduko zaiona. Baina beti kontutan izan, oinarrizko urteaz ari garela.

Nola kalkulatzen da eguneratze-indizea?

Indize hau zatidura bat da zeinak zenbakitzailea edozein urtetako estatuaren sarrerak izango baitira itundutako zergen kontzeptupeen bidez eskuratzen dituenak, baina ez dira kontutan hartuko gainontzeko autonomia erkidegoetara erabat edo zatika eman diren zergen bidez erdietsitako sarrerak, eta izendatzailea, oinarrizko urtean kontzeptu berengatik eskuratutako sarrerek osatuko dute; beraz, lehen eta bigarren kapituluetako zerga-sarrerak. Laburki idatzita eta kontutan izanez zein diren itundutako zergak eta gainontzeko erkidego autonomoetara eman ez direnak, hain juxtu, PFEZren eta BEZaren zatiak, zein SZren eta Zerga Berezien bidez erdietsitako guztia, oinarrizko urtean kontzeptu horiengatik lortutakoarekin zatitzen bada, eguneratze-indizea, t urterako lortuko da; 0, oinarrizko urtea bada, t urterako egozpen indizearekin Kupo likidoa honela geratuko da:

Beraz, . t urteko Kupo likidoa honela lortuko da: Klt = Kl0 x Iet

Dena dela, aurrekontuetako Kupoa behin-behinekoa izango da eta urtean zehar zerga eta gastu guztiak gauzatu direnean, behin-betirakoa kalkulatuko da eta behar diren doikuntzak edo egokipenak egingo dira bi zifra horiek desberdinak badira. Baina, doikuntzak edo egokipen hauek, urtealdia amaituta gero egiten dira eta aldeak hurrengo urteko aurrekontuetan sartu.

Lehenengo Kupoan bezala bigarren honetan ere, gobernu zentralak oinarrizko urtean eskuduntza bat transferitzen badio EAEri, Kupotik, eskuduntza honetan estatuak egiten duen gastu orori ehuneko 6,24a aplikatuz ateratzen den diru-kopurua kenduko da, eta alderantziz, EAEk eskuduntza bat gobernu zentralari transferitzen badio. Gainontzeko urteren bat denean, transferituko den eskuduntzan administrazio zentralak, urte horretan, gastatu behar duenari egozpen-indizea aplikatuko zaio eta emaitza Kupotik deskontatuko da. Hurrengo urteetarako, oinarrizko Kupora joan behar da eta eskuduntza honetan administrazio zentralak, estatu-mailan, gastatu zuenari egozpen-indizea aplikatuko zaio eta emaitza oinarrizko urteko Kupo likidotik deskontatu; gero, Kupo likido "berri" horri, eguneratze-indizea aplikatuko zaio dagokion urteko edo t-ko Kupoa zenbatesteko.

Badira, oraindik ere, zenbait gauza zehazteke geratu direnak. Adibidez, kanpo-merkataritzatik lortutako Aduanetako Errentak hor daude, eta horien artean zenbait desdoikuntza BEZak eta Zerga Bereziak (ZB) sortuta. Gerta daiteke ere, EAEn barne-BEZ edo Zerga Bereziengatik biltzen den kopurua, EAEko zerga-ordaintzaileek ordaindu dutenekoa baino apalagoa izatea; edo alderantziz ere gerta daiteke. Beraz, zenbait kasu ez-normal egon daiteke eta arazoak konpondu behar dira eta horretarako lanabes egokiak eduki. Lanabes horri doikuntza sistema deituko diogu.

Doikuntza sisteman kontsumitzaileak hartzen dira kontutan, ekoizpen prozesuaren azken fasean, zerga zeharkako ordaintzaile direlako. Horregatik, c baldin bada EAEko kontsumo maila erlatiboa estatuan, edozein zerga zeharkakoren (BEZ eta ZB) sarrera proportzio horretan egongo da.

d baldin bada hiru Foru Ogasunek edozein zerga zeharkakogatik biltzen duten portzentaia erlatiboa estatu mailan, d honek dirua biltzeko gaitasuna adieraziko digu.

Orain, c=d bada, doikuntzarik ez da egin beharko, ordaindutako zerga portzentaietan, bildutako portzentaia bera delako.

Baina, c d baldin bada, doikuntzak egin beharko dira. Izan ere, c d baino handiago bada esan nahi da euskaldunok ordaindutako zerga zeharkakoa Foru Ogasunek jasotakoaren gainetik dagoela eta beraz, ogasun zentralak diferentzia itzuli beharko digu, EAEn biltzen ez dena ogasun zentralak egingo baitu. Eta alderantziz ematen baldin bada, hidrokarburoekin gertatuko den bezala, Petronor dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak berari dagokiona baino gehiago jasoko du Hidrokarburoaren gaineko Zerga Berezia. Eta kasu honetan, EAEk zerga dirua itzuli beharko dio ogasun zentralari. Orain goazen esandakoa aplikatzera.

Doikuntza hauen bidez, kanpo-merkataritzak sortutako BEZa eta ZBa EAEri dagokio, merkantzia edo zerbitzu horiek EAEn kontsumitzen badira, nahiz zerga bilketa ogasun zentralak egin; beraz, honela sortutako zerga sarrera guztiak gobernu zentralak EAEko Foru Ogasunen esku ipiniko ditu, hauek ezer ez baitute bildu kanpo kontzeptu horregatik.

Kalkulu honetarako erabiltzen den egozpen-indizea Kupoa kalkulatzeko erabiltzen dena baino handixeagoa da. Kupoan ehuneko 6,24 erabiltzen da, baina doikuntza honetan (c) ehuneko 6,875 hartuko da. Alde honen esplikazio bat EAEko kanpo-ondasunen eta -zerbitzuen kontsumo mailan egon daiteke. Izan ere, arrazoi batzuengatik inportatutako ondasun eta zerbitzu gehiago kontsumitzen dira estatuko batez beste baino. Eta hori, kontutan hartzen da doikuntza errealagoak egiteko. Aurreneko Kupoan, kanpo-merkataritzaren doikuntzan ehuneko 6,24a erabili zen, ez ordea geroko guztietan.

Bigarren doikuntza eta beraz, EAEko barne-BEZari erantsi behar zaiona ondoko formularen bidez lortutako kopurua izango da: ehuneko 1,110 biderkatuko da estatu osoan kontzeptu horregatik errealki bilduko litzatekeen BEZaren kopuruarekin.

Doikuntza honetan ikusten da, lehen-lehenik, Lurralde Historikoetan BEZaren kontzeptupean biltzen dena eta lurralde komunean bildutakoa erlazionatuz, inportazioen BEZa kenduz gero, oinarri gisa, (d) 0,05643 ematen duela. Zenbaki hori, 0,01232 eransten bazaio, 0,06875 (% 6,875) ematen du, hain zuzen, EAEri dagokion kanpo-BEZaren portzentaia. Bestalde, pentsatu behar da, EAEren ekonomia maila eta kontsumo-maila, estatuarekiko, ehuneko 6,24 baino garaiago izan behar duela, eta hortik kopuru gehigarri hori EAErena dela kontsideratzea. Azken finean, kontsumitzaileek ordaintzen dute BEZa eta EAEko kontsumoa ehuneko 6,875 hori da.

Badaude, egon ere, beste doikuntza batzuk: Fabrikazioaren gaineko Zerga Bereziak dira. Zerga hauek Alkohol eta hauetatik Eratorritako Edarien gainekoa, Tarteko Ekoizkinen gainekoa, Garagardoaren gainekoa, Hidrokarburo eta Tabakoaren Laborantzaren gainekoa dira. Beraz, zerga hauek banan-banan hartu eta, aztertu ostean, behar diren zuzenketak egin behar dira.

Mugetan Alkohol eta hauetatik Eratorritako Edarien gaineko Zerga Bereziaren ehuneko 7,130 EAErentzat esleitzen da; zerga-kontzeptu hauengatik EAEn estatu osoan bildutako ehuneko 1,932 bakarrik da eta ordaindutako kopurua ehuneko 7,130 denez, aldea (7.130- 1,932= 5,198), estatuak kontzeptu horregatik bildutakoarekin biderkatukoa da eta Foru Aldundien esku jarriko du ogasun zentralak.

Garagardoagatik kanpo Zerga Bereziaren ehuneko 7,130 eskuratuko dute Foru Ogasunek; eta EAEn barruan estatuko osoaren ehuneko 1,731 bilduko denez, aldea (7,130- 1,731= 5,399) estatu osoan bildutakoari aplikatuko zaio eta Foru Aldundien esku utzi.

Gero, Hidrokarburoen eta Tabakoaren gaineko Zerga dago eta kasu honetan, estatuak mugetan lehen biltzen zuena, orain Foru Aldundien eskuduntza izatera heldu da. Barne doikuntza, aldiz, lehen bezala egiten jarraituko da. Izan ere, hidrokarburoen kasuan, estatu osoan bildutakoaren ehuneko 1,700 ogasun zentralari itzuliko zaio Bizkaian bere kontsumoari dagokiona baino gehiago biltzen baita; orotara EAEn ekoizkin honetan estatu osokoaren ehuneko 6,560 kontsumituko da eta ehuneko 8,260 bildu; hortik fluxu hau EAEerentzat negatiboa izatea. Tabakoaren kasuan ere zerga garbiketa burutuko da.

Oinarriko urterako (2002)Kupoa
Miloi euro
Kontutan hartzen dira konpentsazio gisa Gizarte Asegurantzari egiten dizkioten ordainketak osasungintza eta beste zerbitzuen erabiltzaileek.Oinarrizko urtean 53,042 milioi euro egotzi zitzaizkion EAEri eta ondorioz, ordaindutako Kupoa 1.027,621 milioi eurotara heldu zen Arabari eginiko konpentsazioa (2,996 milioi euro) kontutan hartzeke
(*) Ogasun zentralak jasotako atxikipenak.
(**) Kopuru honetan urte horretako Ertzaintza eta INSALUD eta INSERSOren gastuak sartzen dira gastu arruntak baliran.

BAKAIKOA, Baleren.

Estatuaren aurrekontua: Gastuak
(ken)
(menos)
144.104,165
EAEk beregain hartutako kargak (*)
(berdin)
77.411,615
Estatuaren eskuduntzetako gastuak66.692,550
Egozpen-indizea jaso gabeko kargei aplikatuta:
Kupo Gordina (% 6,24 x 66.692,550)
4.161,615
Konpentsazioak3.080,952
a) Itundu gabeko zergak:
3.097,191 x 6,24%
193,267
b) Sarrera ez-zergagarriak:
8.718,927 x 6,24%
554,061
c) Defizit Publikoa:
32.916,367 x 6,24%
2.053,981
d) Kontzertutako Zerga zuzenak*279,643
KUPO LIKIDOA**(=Kupo gordina-konpentsazioak)1.080,663
  • AIZEGA, Jose Maria (zuz.). Concierto y Convenio: Jornadas de Estudio. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2002.
  • ARANBURU, Mikel. Provincias exentas. Convenio-Concierto: Identidad colectiva en la Vasconia Peninsular. Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa aztertzeko Fundazioa, 2006.
  • BADÍA DE la CALLE, J., El Concierto Económico de Alava y su legislación complementaria. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1975.
  • BAKAIKOA, Baleren. "The Public Budget in the Basque Economy" . In First International Basque Conference in Northamerica. Fresno (USA): California State University of Fresno, 1985; 84-105 orr.
  • BAKAIKOA, Baleren. "Una visión del Concierto Económico y del Cupo en la Comunidad Autónoma Vasca". In Revista Vasca de Adminsitración Pública, 15. zbk. Urtarrila-Apirila, 1986; 145-165.
  • BAKAIKOA, Baleren. Autonomi Ogasunak eta Europako Komunitateko Aurrekontuak. Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea, 1992.
  • BAKAIKOA, Baleren. "Inbertsiotarako zerga pizgarriak EAEn". In Eleria, 3. zbk., 1998; 23-30.
  • BELDARRAIN, Manuel, "El Concierto Económico como Conformador de un sistema de financiación autónoma". In Revista Vasca de Adminsitración Pública, 15. zbk. 1986.
  • BELDARRAIN, Manuel. El Concierto Económico y su Disposición Adicional 2ª, Oñati: HAEE, 1998.
  • BELTZA, El Nacionalismo Vasco. 1876-1937. Hendaia: Ed. Mugalde, 1974.
  • BENAVIDES, Leandro. Hacienda Pública. Lecturas y textos Legales. Donostia. 1981.
  • BURGO, Jaime Ignacio del, El régimen fiscal de Navarra. Iruñea-Pamplona: Nafarroako Foru Aldundia / Aranzadi, 1972.
  • BURGO, Jaime Ignacio del, Introducción al estudio del Fuero (Los Derechos Históricos de Navarra), Iruñea: Nafarroako Gobernua. 1987.
  • CASTELLS, Antoni. Hacienda Autonómica: Una perspectiva de federalismo fiscal. Barcelona: Ariel, 1988.
  • CEBRIÁN, Lierni. Los recursos de la Hacienda General del País Vasco. Oñati: Instituto Vasco de Administración Pública/HAEE, 1994.
  • Delegación del Gobierno en el País Vasco. La Constitución. El Estatuto de Autonomía y Normas Institucionales de la Comunidad Autómona del País Vasco. Gasteiz: Gobernuaren ordezkaritza, 1985.
  • EKONOMIAZ, 6 zbk., Gasteiz: Eusko Jaurlaritza. 1987
  • ELA. La fiscalidad en Euskal Herria en 1996: enquistamiento del fraude, Bilbo: Manu Robles-Arangiz Institutua, 1997.
  • ELCARTE, J., "La aplicación y desarrollo de la Ley del Concierto Económico". In Revista de Hacienda Autonómica y Local, XX. alea, 60. zkia., Iraila/Abendua, 1990; 403-419.
  • EUSKADIKO KUTXA. Urteko txostenak. Arrasate: Euskadiko Kutxa, 1985, 86, 2005, 2006.
  • GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA, Ekonomia Ituna. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2003
  • HUCHA, F. de la, El régimen jurídico del Convenio Económico de la Comunidad Foral de Navarra. Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa aztertzeko Fundazioa, 2006.
  • JIMENO, R. y TAMAYO, V. Gipuzkoa y el estado: Relaciones fiscales y tributarias (1696-2005). Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2005.
  • JULIÁ, J. eta SERVER, R. Fiscalidad de las Cooperativas, Barcelona: Pirámide, 1992.
  • JURADO, N. eta HERRERO, E. "Financiación de la CEE". In Herria 2.000 Eliza, 102. zbk. 1989.
  • LAMBARRI, C., LARREA, J.L. El Concierto Económico. Oñati: Instituto Vasco de Administración Pública/HAEE, 1991.
  • NAVARRO, M., "Kontzertuak eta Konbenioa: Atzo eta Gaur". In Euskal Herriko Ekonomi Lanen Bilduma. 1981. Bilbo-Oñati: Udako Euskal Unibertsitatea/IVAP, 1983; 61-130.
  • POSTIGO, Carmen. Los Conciertos Económicos. Donostia: Haranburu, 1979.
  • RODRIGO, Marco Antonio. "La regulación de Sociedades en la Comunidad Autónoma del País Vasco. Efecto en las entidades de Economía Social". Revista CIRIEC-Revista de Economía Pública, Social y Cooperativa, 23. zkia., urria, 1996; 135-148.
  • ZUBIRI, Ignacio. El sistema del Concierto Económico en el contexto de la Unión Europea, Bilbo: Círculo de Empresarios, 2000.
  • ZURITA, Manuel. Cien años de concierto económico. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1977.