Kontzeptua

Baserriak. Arkitektura

Baserria, euskal arkitekturaren eredu adierazgarrienetako bat, landa lurretako paisaiaren erreferentzia nagusia izaten jarraitzen du XXI. mendean.

Jatorrian familia bakarreko bizitza eraikin mota honek, bolumen konpaktu eta izaera isolatuaren irudia azaltzen du. Dimentsio handiak dituen eraikina da, trinkoa eta eranskinik gabekoa. Bakarrik edo taldean baserri unitate gutxi batzuekin batera, ez dira ordenazio baten barne azalduko. Orokorrean bi isurietako estalki teilatua duen eraikina da, Euskal Herri atlantikoko giro euritsu eta hezearekin adostuko dena. Eguzkitzapenak eta topografiak ezarriko dute fatxada nagusiaren norabidea. Baserritarrek eguzkiaren argia eta berotasuna bilatuko dute baserriaren sarrera nagusia eta biztanleen gune bizigarrietarako, alderdi hotz eta ospelak berriz ikuilu eta biltegiak beteko dituzte etxeko guneak babestuz. Honekin batera, baserriaren asentamendua kokatzen deneko orubearekin moldatuko da, teilatuaren gailurra lekuko sestra kurbekin lerrokatuz. Bi faktore hauek izango dira baserriaren kokapena finkatuko dutenak. Inguru gertuaren ezaugarrietara moldatzen bada ere, ez da bere menpe ezartzen eta lekuaren protagonista bilakatzen da.

Caserios de Nabarniz

Auto-hornidurarako bokazioa duen bizitza unitate honek, dituen neurri haundiak direla eta eraikin berdinean erabilera desberdinak jasotzeko gaitasuna du: bizitza, ukuilua, tolarea, upategia, biltegiak, tailerra, etab. Erabilera hauek behar dituzten espazioen arabera, orokorrean, modu honetan beteko dute baserria: bizitza %20, abereak %30 eta biltegia %50. Jatorrizko erabilerak denborarekin formatuz aldatzen joan badira ere, baserriak moldatuz joan dira belaunaldi desberdinek ezarritako eskaera desberdinak izan direla eta.

XX. mendearen hasieratik aurrera, industrializazioarekin batera, baserriak bost mendeetan zehar izan duen garapena geldotu egiten du eta garai hontatik aurrera ez dira ale berriak eraikiko.

Baserria, XVI. medean jaio eta berehala euskal landa lurretako bizitza eraikin eredugarri bezala ezartzen da, aurreko tipologiak desagertzen direlarik. Garaiko baldintza konkretuen kontextupean, arrazoi desberdinagatik gertatu zen landa eremuko jalkitze moderno honen sorrera.

Leinuen arteko gatazken amaierarekin, XVI. mendearen hasieran populazioaren hazkuntza bat eman zen, gune berrien okupatzea ekarri zuelarik. Honek, nekazal paisaiaren egokitzapen bat probokatu zuen, non orduko abeltzantzaren egitura aldatu zuen. Aldaketa hauek, larreen murrizketa bat suposatu zuten eta ondorioz abereak, nagusiki behiak, ukuiluratu behar izatea. Egoera honek, espazio handia behar zuten ukuiluak bizitzaren barnean ezartzea behartu zuen.

Caserios de Uztegi

Sagarra eta sagardoa garrantzi handikoak izan dira baserriaren garapenean. Sagardoa garai haietako edari garrantzitsua zen. Elementu elikatzaile eta gaitzen babesle moduan, landa eremutan kontsumitzen zen produktu nagusietako bat zen, ondorioz, baserri gehienek bazituzten bere lurzoruetan nahikoa sagardoa ekoizteko moduko sagastiak. Garaiko itsas aktibitateak izan zuen gorakadak ere sagardoaren eskaera handitu zuen; geroz eta ugariagoak eta luzeagoak ziren itsas bidaietan ezinbesteko elikagai bezela kontsideratzen zuten, bitaminak edukitzeaz gain Eskorbuto moduko gaitzak saihesten bait zituen. Sagardoaren produkzio erraldoi honek, baserriaren arkitektura berri honetan islada nabarmena izan zuen, nagusiki Gipuzkoan eta Bizkaiako zenbait bailaratan. Sagarrak zanpatzen zituen zurezko tolare erraldoi bat baserriaren bihotzean kokatzen zen eta honek neurria ematen zion eraikinari.

Baliabide eta behar berri hauek sortu zituzten baldintza onuragarri hauetan, baserri berrien eraikuntza jarrai bat gertatu zen. Maila tekniko altuko eraikin hauek nagusiki zurgintza eta hargintza lanetan, ondoren eraikitako eraikinak baino kalitate askoz ere altuagoa azaltzen dute. Pentsamolde modernoekin eraikitako landa inguruetako bizitza eraikinak dira, non garaiko egoerak eskatzen zituen erabilera anitzak modu eroso eta antolatuan jasotzen zituelarik. Maila goreneko exekuzio hau, kanpoko eraginek Euskal Herriarekiko izan zuten ondorio bat bezala ulertu dezakegu, nagusiki Europaren erdialdekoak: eraikuntza tekniko berrien hedapena, tresna berriak, eredu arkitektoniko berrien ezagutza,... XVI. mendea, baserrien jaiotze eta egonkortze data izateazgain, hauen garai aberats eta oparoena izan zen.

Caserio de Altzo

Garai honetan, baserriak ekimapentu soil eta altzari gutxirekin hornituak egongo dira. Lan tresnen moduan ulertzen ziren baserriak; lantegiak non ukuilu, biltegi eta bestelako landa aktibitateko erabileren espazioak nagusituko diren eta bizitzarako eremua berriz oso mugatua agertuko da, baserri osoko bolumenaren laurden bat hartzera ere iritsiko ez delarik.

Baserriaren sostengua osatzen zuen zurezko egiturak, jarraiak ziren zutabe eta ebaketa handiko habeek osatzen zuten. Aipatzekoak ere, zutabe-habe hauen korapiloak zurruntzeko erabiltzen zuten teknika landuak, jabaloiak egitura nagusian elkarretaratuz. Garaiko zurgintza maila aurreratua erakusten digute, basoen kudeaketa garatuarekin eta zura lantzeko teknika berritzaileekin. Jatorrian, egitura mailaren arabera, hiru baserri mota definitzen ditu Alberto Santana historialariak: baserri bizkaitarra, baserri gipuzkoarra eta baserri lapurtarra.

XVI. mendearen azken hamarkadetan, kanpo eragin batzuk zirela medio, euskal ekonomia krisi sakon batean hondoratu zen. Egoera honen aurrean, euskal gizartea landa inguruetara irauli zen eta krisiaren ondorioz, baserriak eta landa lurrak hedatu egin ziren gainezka egin arte. Baldintza hauetan, nekazal sailetan ekoizten ziren labore, barazki eta fruituak ez ziren nahikoak populazio guztia elikatzeko.

Valle de Oma

Egoera larri honetan murgildurik, ameriketatik zetorren ziklo motzeko landare batek euskal nekazarien bizitza eta ohiturak aldatuko zituen: artoa. Labore berria ongi eta azkar egokitu zen bailara maldatsu eta bertako giro hezeetara, hirukoiztuz gariaren ekoizpena. Artoaren aleak xehatuz, arto irina eskuratzen zen eta honekin egindako opil eta taloak bertako biztanlegoak elikatzeko aukera aurkitu zuten. Baserria ere, eraikuntza bezala, artoak sortu zuen egoera berrira moldatu behar izan zuen. Arto irina lortzeko, arto lokotxak ongi lehortu behar ziren; hontarako, baserriko ganbaran zabaltzen ziren, pilatu gabe, hilabete batzuetan zehar. Lehortze prozesu honek, azalera berrien beharra sortu zuen baserriaren goiko solairuetan. Ondorioz, XVII. mendearen bukaeran, baserri askori tarte bat erantsi zitzaien fatxada nagusian. Honek barne erabileraren birmoldaketa bat ekarri zuen baserrian. Era berean, momentuko pentsamolde berriek nortasun domestikoarekin jantzi zuten baserria eta eranskin berriaren behe eta lehen solairuak bizitzaren erabilerak hartu zituen: logela berriak, egongela, etab.

Garaiko ekonomiaren egoera larriarekin, baserria sistema ekonomiko txiki eta itxi batean bilakatu zen. Modu honetan, baserria, euskal lurraldeko protagonista nagusian bihurtu zen. Artoak ekarri zuen zabalkuntza XVIII. mendera arte luzatu zen. Garai honetan, Euskal Herriko sendi boteretsuenek baserri gehienen kontrola hartu zuten. Oinordekoen arteko ezkontzak, zergekin porrot egin zuten baserrien erosketak eta maiorazkoaren ezarpenak joera hau egonkortu zuen. Beraz, famili gutxi batzuen eskuetan zeuden baserri gehienak errentapean zeuden, bertan maizterrak bizi eta lan egiten zutelarik diru edo uztaren portzentai baten truke.

Baroja

Baserrien jabegoek, lurraren ustiapenean zuten beraien helburu nagusia. Garai haietan zegoen baserrien eskaera altua ikusirik eta etekin altuagoa lortzekotan, baserri bakoitzean maizter familia bat baino gehiago ezartzearen estrategia hartzen hasi ziren. Honekin batera, bi familia jasotzeko lehenengo baserriak proiektatzen hasi ziren, meelin baten bidez bi bizitzak bereiztuaz. Ordura arte famili bakarrekoak eta jarrera autarkikoa zuten eraikin hauek, beraien ezaugarri nagusienetako bat galtzen hasi ziren bestelako aukera ekonomien faltan.

XIX. mendearen hasieran, elikagaien ekoizpena handitzekotan, baserri berriak eraiki ziren, geratzen ziren kalitate baxuko zoruetan eta lurzoru publikoetan. Asentamentu berri hauek harrera ona izan zuten, hauekin batera babarruna eta patata bezalako elikagai berriak azaldu zirelarik. XVII eta XVIII. mendeetan eraiki ziren baserriak kalitate handiko eraikuntzak izan ziren, non fatxaden konposaketa zaindu eta barne egitura sendoek jabego eta eraikitzaileen ospea adierazten zuten. Baserrien azken belaunaldi honek berriz, kalitate baxuko eraikinak ekarri zituen, garaiko nekazarien gaitasun apala adieraziz.

XX. mendean, prozesu azeleratuan txertatu zen industrializazioak ordura arteko Euskal Herri Atlantikoko zoruaren ustiapen/jabego harremana aldatu zuen. Prozesu honek, landa eremuetako populazioaren soberakinak gune industrialetara erakarri zituen eta honekin, baserri ahulenak bertan behera uzten hasi ziren.

sistema agrícolaHasiera batean, honek landa eremuko jabegoen boterea apaldu zuen, maizterren arrendamenduak egonkortu zituelarik. Jabego nagusiek, baserrien errentak bere hortan uztera behartuak aurkitu ziren, maizterrek beraien lurrak lantzen jarrai zezaten. Denborarekin, landa ondarearen balioa galtzen joan zen eta ondorioz, XX. mendearen erditik aurrera maizterrak "beraien" baserriak erosteko aukera izan zuten salneurri onargarrietan.

sistema agrícolaOrduz geroztik, baserriaren aktibitatea indarra galtzen joan da eta ez dira baserri gehiago eraiki jatorrizko ereduan. Garaiko nekazal ustiapen hedakorra minimoetara erori da eta lantzen ziren lur sail asko pinuen hazkuntzarako, besteak beste, bideratu dira. XXI. mendean, baserri unitate gutxi batzuk mantentzen dute abeltzantzaren aktibitatea jatorrizko eraikinean. Osasun neurriak eta merkatuaren eskaitzak direla eta, jatorrizko baserriak bizitzarako erabilera bakarrik mantentzen dute, bestelako aktibitateak kanporatu direlarik, baztertuak izan ez diren kasuetan.

  • SANTANA, Alberto. Bertan Baserria. Gipuzkoako Foru Aldundia. Kultura eta Turismo Departamentua, Donostia, 1993.
  • SANTANA, Alberto, LARRAÑAGA, Juan Ángel, LOINAZ, José Luis, ZU¬LUETA Alberto. Euskal Herriko baserriaren arkitektura. Historia eta tipologia. Eusko Jaularitzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Gasteiz, 2001.
  • SANTANA, Alberto, IZAGIRRE, Manu, SAGARZAZU, Iñaki, TORRECI¬LLA, Maria José, AYERZA, Ramón, CANO, Miriam, STUDER, Giorgio, TELLABIDE, Josu. Igartubeiti. Gipuzkoako baserri bat. Ikerketa, zaharberrikuntza, zabalkundea. Gipuzkoako Foru Aldundia. Kultura eta Turismo Departamentua, Donostia, 2003.
  • BAESCHLIN, Alfredo. La arquitectura del caserío Vasco. Biblioteca Vascongada Villar, Bilbo, 1968.
  • BAROJA, Julio Caro. Los Vascos. Ediciones ISTMO, Madrid, 1971.
  • BAROJA, Julio Caro. La casa en Navarra. Caja de Ahorros de Navarra, Irunea, 1982.
  • BARANDIARAN, José Miguel de, MANTEROLA, Ander. Casa y Familia en Vasconia. Euskal Herriko Atlas Etnografikoa. Etniker Euskalerria, Labayru Ikastegia, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaularitza, Gobierno de Navarra, Bilbo, 2011.