Arkitektoak

Basáñez Billabeitia, Rufino

Arkitekto bizkaitarra. 1929an jaio zen Bilbon. 1991n zendu zen hiri horretan.

Bartzelonan egin zituen ikasketak eta 1956an lortu zuen graduazioa. 1959an Arkitekturan doktoratu zen. Urte horretan Otxarkoagako herrixkaren garapenean parte hartu zuen Esteban Argarate eta Julian Larrearekin batera. 534 etxebizitzako proiektua burutu zuen.

Aipatu bi arkitektoen lankidetzarekin, era berean, 1966-1968 bitartean Pedro Astigarraga Multzoa eraiki zuen, hots, "etxe amerikar" gisa ezagutzen direnak. Bilboko San Ignazio auzoan proiektatutako 227 etxebizitza dira, Espainiako hirurogeiko hamarkadako erreferentetzat hartzen direnak.

60ko hamarkadan zehar hainbat etxebizitza-multzo eraiki zituen. Horien artean aipagarri dira Areatzakoak (1964) eta Gernikakoak (1966). Halaber, Lezamako Errazu Andre Mariakoa Etxea azpimarragarria da.

1969an Gernikako udal-arkitekto postua eskuratu zuen. 1977. urtera arte izan zen kargu horretan. Garai horretakoa da Artxandako izotz-pista (Bilbo, 1972-1973). Orobat, 70eko hamarkadan egin zituen Txurdinagako Etxebizitza Industrializatuak (1975) eta, baita Deustuko Otaola eraikina (1976-1979) eta Bilboko Campo Volantin pasealekuko etxebizitzak ere (1977). Erakustazokaren handitzea hari zor zaio (1981-1983) eta baita Bilboko Arte Ederretako Museoarena ere (1984-1985).

Bere arkitekturan esperimentazio arrazionalista eta Bilboko arkitektura bereziari dagozkion elementuen erabilera nahasten dira.

Rufino Basañez, Esteban Argarate eta Julian Larrearen artean egindako obrak bere saria ukan zuen 2008an, Udal Etxebizitzen Lehen Sarian.

  • BILBAO LARRONDO, Luis. "La vivienda en Bilbao: los años sesenta años de cambios". Ondare. Cuadernos de Artes Plásticas y Monumentales, 25. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2006.
  • PALACIOS DÍAZ, Dolores. Rufino Basáñez: obras = lanak. Bilbo: Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, Delegación en Bizkaia = Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Bizkaiko Orezkaritza, 1997.