Instrumentugilea

Azkue Aguinagalde, José Manuel

Oiartzunen 1927an jaiotako organista gipuzkoarra. Irungo hiriarekin oso lotura hestua izan zuen. Donostian hil zen 2008ko abenduaren 19an 81 zituelarik.

Lehendabiziko musika ikasketak Donostiako Kontserbatorioan egin zituen. Gero goi mailako ikasketak burutu zituen Estatu Batuetan pianoa, organoa, musikologia eta musika pedagogia landuz. 18 urtez herrialde hartan bizi ostean (Fulton, New York), 1975ean Euskal Herrira itzuli zen eta Donostiako Koruko Amaren Basilikan organista titularra bilakatu zen, kargu horretan urte asko eman zituelarik.

1985ean, J. Sebastian Bachen hirugarren mendeurrena ospatzen zenez, Espainiako hainbat hiritan eskainitako kontzertuetan egile horrek organorako idatzi zituen pieza guztiak interpretatu zituen. Gainera, urte berean Belgikan ospatu zen Europalia jaialdian Espainia ordezkatu zuen. 1990ean L'Orgue de Cavaillé-Coll lan antologikoaren grabaketan parte hartu zuen, hau da, garai erromantikoko organo egile handiaren lanari buruzko soinu dokumentazioa. 1992an Espainian eta atzerrian ospatutako hainbat musika jaialditan parte hartzeko gonbidapena jaso zuen Cesar Frank musikariaren lan guztiak eskainiz, berau hil zeneko lehen mendeurrena betetzen baitzen.

Nazioarte mailan ospe handiko bakarlari bilakatu zen. Orkestra handienekin ere jo izan du: Espainiako Orkestra Nazionala, Espainiako Telebistako Orkestra, Euskadiko Orkestra eta Bayonne Côte Basque Orkestra. 2001ean bere azken diskoa argitaratu zuen, bere diskografian organoari soilik eskainitako disko bakarra.



  • ERESBIL: Autoritateen datu-basea