Pintoreak

Alberdi Zuazubizkar, Pello

1958an Elgeta jaiotako artista gipuzkoarra.

Bere ibilbidean zehar sari eta beka asko eskuratu ditu: Sormen Artistikorako beka Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik eta Bigarren Saria Iruñeko Hiria Pintura Biurtekoan.

Biurteko lehiaketa askotarako hautatua izan da, esate baterako: Gasteizko Arte Plastikoen VIII. Biurtekorako 1988 eta hurrengo urtean Nafarroako Jaialdietarako. 1990. urtean Aipamena jaso zuen Gasteizko Arte Plastikoen IX. Biurtekoan; Nafarroako Jaialdietan, Bilboko Artesport Pintura Lehiaketan eta Alacanteko Biurtekoan obra bana hartu zioten. 1992an Valdepeñaseko Arte Plastikoen LIII. Lehiaketan hautatua izan zen eta hurrengo urtean Japonian erakusketak egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Laguntza onartu zioten.

Erakusketekin 1981. urtean hasi zen bi erakusketa eginez, bata Elgoibarko Udal Aurrezki Kutxan eta bestea Arrasateko Aurrezki Kutxa Probintzialean. Ordutik erakusketa asko egin ditu. 1982. urtean Eibarko Hilbera Pubean eta Hondarribiko Ttopara Galerian egin zituen erakusketak; 1987an urtean Bergarako Nahikari tabernan; 1988. urtean Elgetako Kultur Etxean eta Iruñeko Primi tabernan.

Laurogeita hamarreko hamarkadari hasiera emateko erakusketa bat egin zuen Bergarako Kultur Etxean (1991) eta, ondoren, 1992an, Iruñeko Udal Kutxaren Conde de Rodezno Aretoan eta Madrileko La Kabala Galerian: 1993. urtean Bilboko Berta Belaza Galerian ipini zuen erakusketa eta bost urte beranduago Eibarko Portalea Kultur Etxean eta Bilboko Berta Belaza Galerian.

2000. urtean bi erakusketa egin zituen, bata Bergarako Nahikari kafetegian eta bestea Iruñeko Molmar Galerian; eta 2002. urtean Durangoko Historia eta Arte Museoan paratu zuen erakusketa. 2005. urtean Bergarako Nahikari kafetegian egin zuen berriro erakusketa eta, gainera, Eibarren beste erakusketa bat egin zuen. 2007an "Pello Alberdi: volver a la Torre" izeneko erakusketa paratu zuen Gasteizko Felisa Navarro Galerian.

Erakusketa kolektiboen artean 1983. urtean Bergararako Pol-Pol Aretoan egindakoa eta Eibarko Kultur Aretoan egindako "Tragaluz" erakusketa nabarmentzen dira. Hurrengo urtean Donostiako Altxerri Galerian egin zen "7 pintores eibarreses" izeneko erakusketan parte hartu zuen. 1986an Bergararako Pol-Pol Aretoan egindako erakusketan parte hartu zuen berriro eta bi urte beranduago "Punto de Partida" izeneko erakusketan parte hartu zuen, berriro ere Eibarko Kultur Aretoan. Hurrengo urtean erakusketa ugaritan parte hartu zuen, esate baterako, Errenteriako Gaspar Galerian, Gasteizko Cordón Etxean eta Madrileko La Kabala Galerian egindako "Tac-To" erakusketan; 1988an Gasteizko Arte Plastikoen VIII. Biurtekoan parte hartu zuen; 1989an Nafarroako Jaialdietan; eta 1990ean Donostiako Kutxa Fundazioaren Erakusketa-aretoan.

Bere lanak oraindik ikusgai izango ziren Euskal Herriko erakusketa kolektibo ugaritan, esate baterako, hauetan: 1991n Artelekun egindako "Uztaro: Sorkuntza artistikorako bekak 1987-1990" izeneko erakusketan, Irungo Amaia Kultur Etxean egindako "Pintores de Gipuzkoa" erakusketan edota Madrileko La Kabala Galerian egindako "Un cadáver exquisito" izenekoan; 1992an Urretxuko Kultur Etxean egin zen "Zazpi" erakusketan parte hartu zuen eta, baita Madrileko La Kabala Galerian ipinitako "Museo Portátil" izenekoan ere; eta 1993. urtean "Txorimaloak" erakusketan parte hartu zuen Eibarko Kultur Aretoan eta Bergarako Kultur Etxean. 1994. urtean eta hurrengoetan bere lanak Japoniako erakusketa ugaritan parte hartu zuen: zehazki, Kobeko Circus-Circus Galerian eta Osakako Yamato Galerian; 1995ean Osakako Blanche Galerian (Japonia) eta 1996an Hyogoko Art Square Galerian, Shizuokako Gallery West Galerian eta Narako Andersen Galerian.

Horien ondoren beste zenbait erakusketa kolektibo etorri ziren, esate baterako, Bilboko Berta Belaza Galerian egindakoa eta Lizarrako Gustavo de Maeztu Museoan egindako "Homenaje a Miguel Hernández" izenekoa; 1996an Bilboko Berta Belaza Galerian eta Eibarko Portalea Kultur Etxean parte hartu zuen. 2005ean Gasteizko Felisa Navarro Galerian egindako erakusketa kolektiboan parte hartu zuen Rosa Ajenjo, Iñigo Arregi, Jorge Blazquez, Jose Luis Caton, Alberto Garcia Eskerri, Rafael Lafuente, Imanol Marrodan eta Jaume Rocamorarekin batera. Bertan bere lanen hautaketa bat aurkeztu zuen, pinturak, eskulturak eta argazkiak biltzen dituena. Galeria berean beste erakusketa kolektibo batzuetan parte hartu zuen 2007an eta 2008an. 2010. urtean Tortosako Museu de l'Ebre museoan egindako "Kajoitik" erakusketa kolektiboan parte hartu zuen.

2010. urte hartan Nahikari kafetegiaren 25. urteurrena zela medio egindako "Un cadaver exquisito" izeneko erakusketa kolektiboan parte hartu zuen. Zortzi metroko luzera eta metro bateko altuera zuen mural baten gainean Juanjo Altuna, Carlos Galarraga, Bingen de Pedro, Peio Alberdi, Ione Telleria, Unai Azkarate, Ricardo Azkargorta eta Ramon Aranzabal tokiko artistek metro koadro bateko sormen-lan bat burutu zuten hurrenez hurren, aurrekoak egindakoa ezagutu gabe.


Art Aretoa

Bere obraren lagin bat Euskonews aldizkariaren 177 zenbakiko Art Aretoa atalean ikusi ahal da.