Sendagileak

Arraiza Goñi, Daniel

1880ko otsailaren 16an Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) jaiotako medikua. Iruñean hil zen 1952ko urriaren 2an.

Madrilen egin zituen ikasketak, Ribera y Sanzen ikaslea izan zen eta Parisen Obstetrizia eta Ginekologian espezializatu zen. Gainera, Europako hainbat ospitaletan ibili zen ikasketak sakontzen, Parisen Pinard doktorearekin ibili zen.

1903an Iruñean lehen klinika partikularra sortu zuen eta bertan txiroak artatzen zituen doan asteko egun jakin batzuetan. Iruñean mediku gisa ibili zen eta Venancio Juaristi eta Joaquin Canalejo doktoreekin batera San Miguel klinika sortu zuten. Iruñean argitaratu zuen histerektomia abdominalari buruz egin zuen doktoretzako memoria (1905).

Nafarroako Medikuen Elkargoko presidenteorde izan zen eta Eusko Ikaskuntzako kide 1920az geroztik.

Politikari dagokionez, "Somaten" alderdian afiliatu zen eta Iruñeko zinegotzi izan zen 1927ko abenduaren eta 1928ko maiatzaren artean. Halaber, La Unión Patriótica alderdiko kide izan zen eta 1928an hartako hautagai modura aurkeztu zen probintziako hauteskundeetan. Hautagai bakarra izan zenez aukeratu egin zuten eta 1930eko maiatzera arte kargu horretan izan zen. Foru Aldundiari Ongintza berregituratzeko anbizio handiko proiektu bat proposatu zion.

Primo de Riveraren diktadurak behea jo zuenean kargutik kendu zuten 1930eko otsailaren 24an.

II. Errepublikan Nafarroako Falangearen lehen triumviratuko kide izan zen, 1934ko abuztuaren 15ean. 1937ko apirilean Nafarroako Probintziako Idazkari izendatu zuten FET bateratuek (Falange Española Tradicionalista) eta JONS (Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalista) taldeak. Beranduago Tenerife eta Cadizeko gobernadore zibila izan zen.

1936-1939 bitarteko gerra zibilean kargu publikoak izan zituen Udalean eta Foru Aldundian, eta gorteetako prokuradore izan zen.

  • GARCÍA-SANZ MARCOTEGUI. Diccionario biográfico de los Diputados Forales de Navarra (1840-1931), Gobierno de Navarra, Iruñea, 1996.
  • GRANJEL, Mercedes in S. GRANJEL, Luis (coordinador). Diccionario histórico de Médicos vascos, Bilbo, 1993.
  • Pérez Goyena, A. Ensayo de Bibliografía Navarra, IX: 547-48, Burgos, 1964.