Musika taldeak

Alboka

Musika taldea.

Bakarka eta talde ezberdinetan ibilitakoak ziren, Txomin Artola, Joxan Goikoetxea, Alan Griffin eta Joxean Martin Zarko, eskarmentu handiko lau musikarien artean 1994an Alboka musika taldea sortu zuten.

Txomin Artola bakarka, Haizea taldean (1977) eta ondoren bakarka eta Amaia Zubiriarekin ibilia.

Joxan Goikoetxea, Ganbara taldean eta "Txomin Artola eta Amaia Zubizia" taldeetan.

Alan Griffin irlandar musikaria, "Txomin Artola eta Amaia Zubizia" taldean.

Joxean Martin Zarko, Ganbara taldean.

Bere hastapenetan talde honek euskal herri musikan oinarritutako folk estiloko musika instrumentalaren bidea aukeratu zuen eta horrela kaleratu zuen Alboka izenburuko lehen diskoa sortu zen 1994an.

Taldearen lehen diskoaren azala

Taldearen lehen diskoaren azala (Alboka Records-Lagin, LA 3006).

Aurkezpen gisako disko honetan aukeratutako errepertorioak garbi adierazten zituen talde honen estiloa eta helburua. Erritmo eta estilo ezberdineko Bizkaia, Nafarroa, Iparraldea, Araba eta Gipuzkoako 20 herri dantzaz osatutako errepertorioa diskoan eta zuzeneko emanaldietan halako soinu-tresnak erabiltzen zituztela:

Txomin Artola: gitarra, perkusioa.

Joxan Goikoetxea: akordeoia, sintetizadoreak.

Alan Griffin: flautak, kornamusa, klarinetea, kromornoa, zitara, alboka.

Joxean Martin Zarko: gitarra, buzukia, mandolina, dulzimerra.

Disko honen ondoren besteak etorri ziren, eta hauen bitartez azaldu daiteke taldearen aldaketak eta eboluzioa:

1998, Bi beso lur Aztarna (AZ 004)

Momentu hartan mota ezberdinetako aldaketa nabarmenak eman ziren: Txomin Artola taldea utzi zuen eta Juan Arriola biolin jolea izan zen taldekide berria.

Errepertorioa nagusiki herri doinuz osaturik bazen ere, tartean folk estilo horretako taldekideek egindako doinu berriak agertzen ziren.

Diskoan eta zuzenekoetan kantatzeari ekiten diote eta tradizionalak nahiz doinu berriez osatutako errepertorioan instrumentalak eta abestutakoak agertzen dira.

Grabazioan honako musikari gonbidatuak izan ziren: Peter Maund; Xabi San Sebastian; Luis Camino; Olatz Zugasti; Arantxa Irazusta; Ixiar Oreja; Urbil Artola; Juan Mari Beltran.

2001, Lorius Resistencia; RESC 126

Lan honekin Alboka taldeak beste urrats handia eman zuen. Diskoaren produkzioa Suso Saiz musikariak zuzendu zuen. Diskoan eta zuzeneko emanaldi askotan taldearekin izan ziren izen handiko abeslari eta musikariak, besteak beste Martá Sebastyén hungariar eta Eliseo Parra gaztelaua.

Joxan Goikoetxea, Alan Griffin eta Juan Arriola hiru taldekide ofizialez gain, oinarrizko taldean honako beste musikariek parte hartzen zuten: Xabi San Sebastian, Garbiñe Sagastibeltza, Luis Camino eta Juanjo Otxandorena.

Juan Arriola, Joxan Goikoetxea, Alan Griffin, Martá Sebastyén, Xabi San Sebastian

Juan Arriola, Joxan Goikoetxea, Alan Griffin, Martá Sebastyén, Xabi San Sebastian (Arg. Lorius diskotik hartua).

2005, Lau anaiak Elkar 673.

Juan Arriolak taldea utzi zuen eta proiektu honetan Alboka taldea Joxan Goikoetxea eta Alan Griffin bikotearen izenean agertzen da. Disko grabazioan, besteak beste, Benito Lertxundiren laguntza izan zuten, eta grabazioan nahiz zuzeneko kontzertuetan taldekide moduan Juanjo Otxandorena eta Xabi San Sebastian ziren.

Gaur egun Alboka taldeak martxa lasaiago darama. Bere kideek, bakarka eta beste taldeetan sarturik, beste proiektu askotan dabiltza. Baina sortu zenetik eta lehen hamarkadan talde honek bide arrakastatsua izan du. Euskal musikan beren ezaugarri duen ekarpen aberatsa egin du eta hori grabaturik utzi dituzten diskoetan antzeman daiteke.

Aipatzekoa da, taldeari izena ematen dion soinu-tresnari buruz egin duten ekarpena. Lan eta momentu guztietan albokak izan du toki garrantzitsua, eta Alan Griffin irlandar albokari berezi honek egindako ekarpenak beste aire eman dio gaur egun euskal albokarien errepertorioari.

Euskal Herriko hiri eta herri nagusienetan hamaika kontzertuetan zabaldu dute bere musika. Munduan zehar ere arrakastaz ibili dira Europako folk musika jaialdi nagusietan: Dranouter (Belgika), Folkest (Italia), Euromusika (Hungria), Forde (Norvegia), Musika Interzeltikoaren Jaialdia (Italia), Folk Segovia (Espainia), Musicas Vivas (Vic, Catalunya), Folk Getxo (Euskal Herria), Manifesta - Amarante (Portugal), Conciertos de Radio3 - TVE2, Festival de Músicas de Raiz (Murcia), Ottocento festival - Saludeccio (Italia), Pir 99 (Huesca), Festival de la Luna Celta (Toledo), Musiche Presenti (Reggio Emilia - Italia), Concerti Scaligeri (Verona), Musicas Del Mon (Catalunya), World Music Getafe, Transhumances musicales (Francia), etab.