Pintoreak

Apellaniz Lopez, Martiniano

Margolari arabarra, 1880an Gasteizen jaioa. Donostian hil zen.

Oraingoz, ez dago artista gasteiztar honi buruzko datu biografiko handirik eta daudenak ez daude behar bezala egiaztatuta. Domingo eta Jesusen anaia zaharrena zen. Jesusek, familiako gazteenak, lortu du denborarekin osperik handiena, bidezkoa gainera, euskal margolaritzan. 1879an jaio zela ere uste izan da.

Hiru Apellaniz anaiek, Lopez zuten aitaren abizena, aitari aurre egin behar izan zioten, hark ez baitzuen bere semeek lanbidea artearen munduan aurkitzerik nahi. Familiak oztopoak jarri zizkion arren, Martinianok San Fernando Akademian ikasketaren bat egin zuen, aurretik militar-ibilbidea egin ostean, betiere, aitak Zalditeria Eskolan sartu baitzuen. Soldadutzan lizentziatu ondoren, ez zuen armen bidetik jarraitu eta Kubara alde egin zuen. Itsasoz bestaldeko abentura hari Ernesto "El Barato" saltokiko gasteiztarrarekin ekin ziola uste da. Karibeko lurralde haietan hainbat urte igaro zituzten bi gasteiztarrek.

Venancio del Val kazetariak El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkarian -datarik gabeko aipamena, antza denez, hirurogeiko hamarkadan datatuta dago eta Apellaniz sendiaren artxibategian jasotzen da egunkari zatia- Jesus Apellanizi egindako elkarrizketan jasotakoaren arabera, Martiniano Gasteiza itzuli zen eta Arabako hiriburuan, gehienez ere, urte pare batez bizitu zen. 1912 edo 1913 inguruan, Donostiara joan zen eta han Maria Lecharekin ezkondu zen. Kantauriko erlaitzaren ertzean igaro zituen azken urteak. Badirudi Donostian Novedades Antzerkirako zenbait dekorazio eszenografiko prestatu zituela, Ricardo Puga aktore gasteiztarraren antzezpena zela eta. Zeregin haietan Jesus anaiak lagundu zion, hamabost urte besterik ez zituela.

Gasteizko Udal Artxiboan jasota dago (42-25-35 paper-sorta) 1902an udalak diru-laguntza eman ziola pintura ikasten jarraitzeko. Ez da artistaren obra piktoriko asko kontserbatzen. Zenbait paisaia egin zituen arren, erretratuaren generorako joera zuen. Nagusiki tokikoen irudiak egitekoa, pintura kostunbrista eta herrikoian sartu-irtenak eginda, nolabaiteko anekdotez libre ez dagoen alderdia.

1903. urtean Langileei zuzendutako Gasteizko I. Lehiaketara aurkeztu zen. Trío de borrachos, Golfos jugando, Golfo corriendo, Otoño alavés eta Campiña alavesa koadro sorta aurkeztu zuen, lilen azterketa eta erretratu-azterketa. Horiek guztiak Oriente kaleko 6. zenbakian egin zituen. Hurrengo urteko abuztuan, Langileei zuzendutako II. Lehiaketan brontzezko domina jaso zuen bidalitakoagatik, Adrian de Aldecoa herrikideak bezala.

Nahiko gazte zela hil zen, berrogei urte inguru zituela. Argitalpen batzuen arabera, 1919ko azaroaren 3an zendu zen. Apellanizen heriotzari buruzko beste data batzuk ere aipatu izan dira: 1918 edo 1923. urteak.