Literatoak

Astarloa, Pedro Jose

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Durango, 1751-Bilbo, 1821.

Pablo Pedro Astarloa apologiagilearen anaia nagusia zen Pedro Josek Durangon ikusi zuen argia 1751n Erret Kontseiluetako abokatu zen Juan Bautista Astarloa durangarra eta M. Angela Agirre markinarraren seigarren seme. Astarloa sendia goi mailakoa zen Durangon, ondare handia edukitzeaz gain, aita abokatua zen lanbidez eta Bizkaiko Jaurerriko Sindiko Prokuradore nagusi ere izan zen 1738-40 biurtekoan eta Durangoko alkate 1744 eta 1749 bitartean. 40 urte zituela hil zen, ordea, aita, alarguna eta sei seme-alaba utzita, nagusiena hamahiru urtekoa eta gazteenak, Pedro eta Pablo, urtebete eta bi hilabetekoak, hurrenez hurren. Amak, orduan, jaioterriko bidea hartu eta neba zuen Pedro Agirreri eskatu zion babesa. Markinara itzultzeak Debatik etorritako Mogel familiaren etorrerarekin bat egin zuen. Urte biren buruan (1755) hil zen Pedro Agirre osaba ere, eta Angelak, Pedro Joseren amak, kudeatu eta antolatu behar izan zituen senar ohiaren eta nebaren oinordeko ondasunak.

Pedro Jose Astarloak lehen ikasketak Markinako eskolan egin zituen, Pablo anaia txikiarekin, bertako presbitero eta maisu zen Pedro Agirre Amalloaren begiradapean. Han, anaia Pablok W. Humboldt-i azalduko zionez, ikasleek galarazita zuten euskaraz egitea. Hala egiten zuen lehenari maisuak eraztuna ematen zion eta harek euskaraz mintzatzen zen beste ume bati eman behar zion eta eraztuna eskuz esku igarotzen zelarik. Aste amaieran, eraztuna eduki zuten guztiak zigortzen zituen maisuak. Lehen eskolaren ostean, elizgizonen batekin ikasiko zuen latina ziur asko Astarloatar gazteenak, karmeldarren batekin agian, Markinan komentua baitzen eta gisa horretako ikasketak eskaintzen baitzituzten. Baliteke Lekeitioko jesuiten eskolara joatea ere edo hurbileko apaizen batekin etxean ikastea. Apurka-apurka, baina, Oruetako etxea hutsik geratzen hasi zen: anaia nagusia, maiorazkoaren jabe izango zena, legeak ikasten joan zen; arreba moja sartu zen Logroñon, gazte-gazterik; beste anaia bi Valladolid eta Villagarciako jesuiten seminarioetara joan ziren; eta Pablo, gazteena, Larresoroko seminariora. Ez hori bakarrik, 1767an Jesusen Lagundiko kide guztiak Espainiatik eta Kolonietatik kanporatzeko eta Estatu Pontifizioetara joateko agindua eman zuen Carlos III. erregeak. Garai horretan Salamancan ikasle ziren Pedro Joseren anaia nagusiak, Xabier Ramon eta Juan Bautista, Ferrolera bidali zituzten han itsasontzia hartu eta Boloniarainoko bidea egiteko. Erregeak dirulaguntza txiki bat ematen zien erbesteratuei, baina bizitzeko nahikoa ez zenez, Astarloatarrek dirulaguntzak bidaltzen zizkien aldiro-aldiro. Anaiak ez ziren, baina, atzera itzuli.

Pedro Jose 1766an Abandoko (Bilbo) San Franziskoren komentura joan zen. Bere liburuen lehen orrialdean agertzen denez "Lektore Jubiladu, Burgosko Probintziako Aita eta Kantabriako Definidorea" izan zen. Kantabriako Aita Probintzial izateraino ere heldu zen azken urteetan. Gizon jakitun eta jainkozalea herriz herri ibili zen sermolari. Zaletasun hori herriari eta hizkuntzari zien maitasunarekin bat eginez aletu zuen, bizitzako idazlana bi zatitan emanez: 1816 eta 1818an argitaratu zen Urteco domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, ceinzubetan azalduten dan Erromaco Catecismua. Euretan aurquituco dabe Arima-zain euscaldunac, euren Elextar edo Feligresai predicadu biar deutzen icasbidia; Baita bere Cristinau euscaldunac cer jaquin, eta eguin biar dabeen. Dotrina laburren argitalpen edo berrargitalpenez gain, Juan Antonio Mogelen Confesio onaren (1803) ostean, bizkaieraz argitaratutako lehen erlijio liburua dugu Astarloarena, eta hala dio idazleak lehen alearen gomendio testuan: "ezta aguertu oraindio euzqueraz, onelaco lanic".

Berrogeita hamahiru azalpenez osaturiko lan honek dogma eta moral gaiak garatzen ditu batez ere, baina ahalik eta erarik hurbil eta errazenean. Sermolariak oso kontuan hartzen du herriaren garaiko hizkuntza egoera, elizkizun guztiak latinez ematen baitziren, sarritan herriak ulertu ez eta mekanikoki errepikatzen zuen hizkuntza. Horregatik zen predikazioa apaiz lanaren alde nagusietako bat, elizaren mezua helarazteko bidea, alegia Egoera hori oso kontutan hartu zuen bere lana egitean, eta Euskal Herritik kanpoko seminarioetan ikasitako apaiz askok euskaraz hizlari legez aritzeko zituzten arazoak ere bai.

Gaiak adibide biziz josita daude, herri xeheak eta baserritarrek berehala uler ditzaten. Sineskeriei aurka egiteko asmoa ere begi bistakoa da eta, hala, ugariak dira arlo horri buruzko aipamenak. Lehen alearen hasieran, balizko irakurleei zuzendutako gomendio testu bi dira: lehengoan, liburuaren zergatia eta helburuak adierazten ditu idazleak, horretarako Trentoko Kontzilioaren erabakia abiapuntu legez harturik eta han hartutako erabakiaz argudiatuz erlijio berbaldiak euskaraz jartzeak ekar lezakeen onura; bigarrenean, "Cristinau euscaldunai" izenekoak, beste helburu batzuk aipatzen ditu, batez ere "arimazain" eta mezatara joan ezin dutenen edo gaztelaniarik zein latinik ez dakiten langileak euren menpe dituzten ugazaben lagungarri, kristau irakasbiderako.

Bigarren liburuaren hasieran ere bada eskaintza testu bat, D. Francisco Longa eta Anchia-ri eskainia. Kantauriko herriek erromatarren kontra izandako gudak gogoratuz, haren jatorrizko noblezia eta egite handiak azpimarratzen ditu, kantabrismoaren mitoa berrituz eta, bidenabar, anaia Pablo Pedro Astarloaren ideietara hurbilduz. Ale horren bukaeran, lehenengoan bezala, hutsuneen zerrenda zehazten du.

Hizkerari begiratu bat emanez gero, argia da euskara ugariaren jabe dugula Pedro J. Astarloa, baina ez du oso hizkera landua, ulergarritasuna du kezkarik nagusiena, elizaren ikasbideak herriarengana bere hizkuntzan helaraztea.