Arkitektura

Santa Eufemia eliza. Bermeo

Talaiako Andre Maria eliza desagertu ostean, Santa Eufemia eliza bakarrik geratu zen erdi aroko tradizioko parrokiaren ordezkari modura, Bermeoko herrigunean.

Dokumentuetan, gutxienez, 1375. urtetik aurrera agertzen bada ere, egungo eraikuntzak estilo gotikoa erakusten du, XV. mendearen amaierakoa, 1504. urtean gertatutako sute baten ondoren eraberritu ondotik. XVIII. mendeko azken hamarkadetan konponketa gehiago egin ziren eta, eraberritze-lan horietan eraiki ziren egungo kanpandorrea eta fatxada nagusia.

Oinplano angeluzuzena dauka lau ataleko nabe bakarrean. Gurutzeria sinplez dago estalia eta burualdea pentagonala da. Eraikin gotiko zintzoa izaki, arku zorrotza gailentzen da eraikin osoan, hala baoetan nola parpain-arku eta arku formeroetan. Lehenengoak atxikitako zutabetan sostengatzen dira eta arku formeroak, berriz, dekoratutako mentsuletan eusten dira. Dekorazio hori giza buruen apaindurazko irudien adibide interesgarria da. Gangetako giltzarriak ere, erlijio-motibo anitzez apainduak, kalitate handikoak dira. Kareharrizko harlandu bikainarekin landuta dago. Kanpoaldean horma-bular ugari ditu eta bi isurkiko estalkia. Hiru kapera ditu atxikirik, zehazki, Santa Barbararena, Pietatearena eta Jesusen Bihotzarena. Gainera, baditu beste hainbat gela ere, esate baterako, sakristia. Hala dorrea nola aurrealdea barrokoak dira eta hemezortzigarren mendeko ildoei jarraiki daude eraikiak oro har, batez ere, kupula fusiformea duen bi gorputzeko dorrea. Fatxada oso apala da, inposta-lerro molduratu bat eta altxaera urriko frontoi txiki bat baino ez dira ikusten. Oinean dagoen arkupea modernoa da eta desoreka handi samarra sortzen du eraikinaren oinarrizko lerroekin alderatuz.

Arte higigarriari gagozkiola, Gurutziltzaketaren erliebea nabarmentzen da, harzuriz landua, XV. mendearen amaierakoa. Erliebe hori inskripzioz hornitutako hobi batean dago barneratua. Era berean, kaperan Pietate bat nabarmentzen da, kaperak haren deitura hartzen duelarik. Gainerako guztia, erretaula nagusia barne, nahiko berria da eta ondare-balio eskasekoa.