Arkitektura

San Vicente parrokia-eliza. Barakaldo

Barakaldoko San Vicente parrokia-eliza 1322. urtekoa da dokumentuen arabera. Haatik, mantentzen diren arrasto zaharrenak XV. mendekoak dira eta oinarrizko egitura XVII. mendearen lehen erdialdekoa da.

Oro har, nabe bakarra eta oinplano angeluzuzena duen tenplua da, oinean dorrea duena, burualde angeluzuzenarekin, mendebaldeko eta hegoaldeko murruetan arkupez hornitua, harlanduzkoa eta bi isurkiko estalduraz. Kanpoaldetik oso apala da eta bazterreko estribuak, erdi-puntuko bao txaranbelduak eta bi zati ongi definituta dituen kanpandorrea (azpialdea behe erdi arokoa eta altueran garatutako zatia beranduagokoa, kupula, xapitel eta gurutze batekin amaitua) nabarmentzen dira. Sartzeko erdi-puntuko arku bat igaro behar da. Sarera hori hegoaldeko arkupearen azpian dago alboratua. Dena den, bataio-kaperan bada beste sarrera bat, dorrearen azpian, arku gotiko zorrotza eta adobeduna duena mentsula gainean. Sarrera hori arkupe batera atxikitzen da. Arkupe hori zurezko zutikoen bidez dago bereizia, bazterretan harrizko pilastrak ditu, isurki bakarreko estalkia du eta kronologia modernokoa da. Gainerako elementu azpimarragarriak barnean lekutzen dira. Barnealde hori erdi-puntuko parpain-arkuen bidez bereizitako lau ataletan egituratzen da. Arku horiek gurutze formako pilastra Toskanoen gainean sostengatzen dira, tertzelete-arkuen bidez gangatuta. Horma-bularrak daude eraikita sendogarri gisa, albo-kaperak osatzen direlarik horma-bular horiek erdi-puntuko arku formeroekin lotzean, burualdera igarotzeko garaipen-arkuarekin egiten den bezalaxe.

Erretaula nagusia XIX. mendearen laurogeiko hamarkadakoa da eta kutsu klasizista nabaria dauka bere elementuei so, esate baterako, zutabe korintiarrak, erdi-puntuko arku-multzoak, palma-hostoak, etab. Irudi hauek ikus daitezke bertan: San Antonio de Padua eta San Vicente, neoklasikoak, San Jose egungoa, eta Kalbario barrokoa. Oinean dagoen kapera Andre Maria Doloretakoari dago eskainia. Kapera horretan aipatutako andre mariaren irudi bat dago, oinetan estilo neoklasikoko Kristo bat duela.

  • ARREGI AZPEITIA, G.: Ermitas de Bizkaia. Vol. II, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1987, 524 orr.
  • BARRIO LOZA, J. A.(dir.): Bizkaia: Arqueología, urbanismo y arquitectura histórica. III. libk. Bilbao y su entorno. Las Encartaciones, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1989.
  • IBÁÑEZ GÓMEZ, M.: Monografías de pueblos de Bizkaia. Barakaldo, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1994, 298 orr.
  • IBARRA Y BERGE, J.: Catalogo de Monumentos de Vizcaya, Bilbao, Junta de Cultura Vasca, 1958, 2 libk.
  • VV.AA.: Kioscos de Música de Bizkaia, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1994, 72 orr.
  • VV.AA.: Fuentes públicas de Bizkaia, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1990, 124 orr.
  • VV.AA.: Presas de Bizkaia, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1990, 115 orr.
  • ZABALA URIARTE, A. (dir.): Monumentos de Bizkaia. Vol. IV. Encartaciones-Bilbao, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1987, 304 orr.