Arkitektura

Andre Maria Magdalenakoaren eliza. Arrigorriaga

Arrigorriagako Andre Maria Magdalenakoaren eliza da udalerriko parrokia-tenplua. Jatorri mitikoa du, Arrigorriagako gudatik (870. urtean gutxi gorabehera) baitator eta, elezaharrak dioenez, liskarretan hildako noble bizkaitarrak bertan lurperatu ziren. Lehen erreferentzia hori ez dago frogatzerik, eta ofizialki ez da dokumentuetan agertzen XII. mendearen hastapenera arte, orduan Oñako San Salvador Monasterioari laga zitzaion. Ordutik gaurdaino, batez ere, XVII. eta XVIII. mendeetan, sarritan eraldatu eta konpondu da. Horrenbestez, estilo eta garaiei dagokienez eraikuntza eklektikoa dela esan dezakegu.

Gurutze formako oinplanoa duen eraikina da, alboetan bi gela dituena atxikita gurutzadura eran, nabearen bigarren atalaren parean. Burualdea angeluzuzena da eta bi isurkiko estalkia du. Oinean harlangaitza eta harlandua konbinatuz egindako kanpandorrea altxatzen da, azpialdean kuku-leihoak dituena. Dorreak erdialdeko atalean mentsula-lerro bikoitza du eta kanpandorrea oso soila da, herreriar erakoa, kanpaiak paratzeko erdi-puntuko baoz hornitua eta piramide formako lau xapitelekin eta burdinazko kanpaia eta gurutzea gordetzen dituen arbelezko teilatutxoz amaitua. Eliza, gainerakoan, harlangaitzez dago egina, ezpondadun harlanduzko kontrahorma ugariz zuinkatua. Barnealdean, gurutze-gangak estaltzen du nabea atal guztietan, gurutzaduran izan ezik, bertan ertz-ganga agertzen baita, gurutze formako pilastra gainean bermatuta. Baoak, hala sarrerakoak nola argia sartzekoak arku zorrotzekoak dira. Horien artean, koruan daudenak nabarmentzen dira, txikiak eta geminatuak, XVI. mendearen hastapenekoak izan daitezkeenak. Arkupe moderno batek kurritzen du perimetro ia guztia, arku karpanelekin zuinkatua, goialdean gela ugari dituela.

Arte higigarriari dagokionez, lehendabizi arkupean lekutzen diren sarkofagoa eta hilarria aipatu behar dira. Horietan lehena, elizaren jatorria Arrigorriagako gudan lekutzen duen tradizioari jarraiki, guda hartan hildako Ordoño de Leon printzearen hilobia izango litzateke. Dena den, hilobiaren tipologian erreparatuz eta elezaharrean aipatzen den jatorria alde batera utzita, XIII. mendekoa dela esan daiteke. Zizelkaturiko gurutzedun hiruki formako tapa dauka eta sostengu lana betetzen duten zazpi zutaberen gainean dago bermatuta. Hilarriari dagokionez (Basauriko Finagako San Martin Ermitan aurkitu bazen ere, hemen lekutzen delako aztertzen dugu) bi aurpegi ditu. Horietako batean inskripzio bat ageri da, Gomez Morenoren arabera 1072. urtekoa izan daitekeena. Beste aurpegian dekorazioa dago: apaindutako zirkunferentzia barnean amaitu gabeko gurutze hankadun bat ikus daiteke perimetroan, pikotx erako dekorazioa ageri duena. Nabearen azpian beste bi hilarri aurkitu ziren, baina udalerritik kanpo daude (Zeberiko Gurutze Santuaren Ermitan eta Bilboko Arkeologia, Etnografia eta Historia Museoan). Orobat, aipagarria da aldare nagusiko erretaula barrokoa, 1692. urtean egindakoa. Bost kale eta atikoa ditu, atiko eta predela gainean, kaleak tamaina handiko salomondar zutabez bereizten dira eta dekorazio-elementu andana ikus daiteke. Atikoa koroatuz Kristo Gurutziltzatua.

  • Barrio Loza, J. A.(dir.): Bizkaia: Arqueología, urbanismo y arquitectura histórica. Vol. III. Bilbao y su entorno. Las Encartaciones, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1989.
  • Ibarra y Berge, J.: Catalogo de Monumentos de Vizcaya, Bilbao, Junta de Cultura Vasca, 1958, 2 libk.
  • Ramos Martín, F.: Monografías de Pueblos de Bizkaia. Monografía de la Anteiglesia de Arrigorriaga, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1993, 270 orr.
  • Zabala Uriarte, A. (dir.): Monumentos de Bizkaia, Tomo III, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1987.