Arkitektura

Andre Maria Jasokundearen eliza. Añorbe

Añorbeko Andre Maria Jasokundearen eliza jatorrian XVI. mendeko eraikina da eta lehen etapa hartako zenbait elementu mantentzen dira. Hala ere, XVIII. eta XIX. mendeetan egindako zenbait konponketa ikusten dira ere.

Nabe bakarrak, ezberdinak diren hiru atalek eta burualde poligonalak osatutako tenplu bat da. Burualde horri, Ebanjelioaren aldean, sakristia atxikitzen zaio, eta Epistolaren aldean, berriz, arkupea du atxikita, bigarren atalean. Bi elementu horiek jatorrizko gurutze latindarreko oinplanoa hausten dute. Nabea kanoi-gangaz dago estalita lehenengo bi ataletan eta burualdean. Petxina gaineko kupula ageri du gurutzaduraren erdian (sakristian ere soluzio hori dago muntatuta) eta izar-gangaz estalita dago gurutzaduraren alboetan. Hiru arkibolta molduratuz hornitutako erdi-puntuko arku bidezko sarrera arkupe neoklasiko baten barnean kokatzen da. Arkupe hori ere erdi-puntukoa da eta frontoi, pinakulu eta bolaz dago hornitua, gurutze-ganga sinplez estalia. Argi horrez gain, bao ugari ditu, sagarrez apaindutako burualdeko bi idi-begiak nabarmentzen direlarik, barneko erlaitzean bezalaxe. Dekorazio-elementu horiek oso ohikoak izan ziren errenazimenduan. Oinean koru bat altxatzen da arku beheratu bikoitzaren gainean.

Kanpoaldera harlanduz dago apaindua eta ekialdeko murruan dorre bat lekutzen da, bao beheratu bikoitza duena kanpaiak paratzeko. Horrez gain, lauki formako linterna bat du, erdi-puntuko argiekin. Hartara atxikita zilindro formako gorputz bat dago, barraskilo tankerako eskailera lekutzeko, irtenbide nahiko originala. Arte higigarriari dagokionez, pieza interesgarri asko daude bertan. Horien artean nabarmenena erretaula nagusia da, XVI. mendearen azken hereneko lan erromanista. Erretaula hori predelak, hiru kaletan egituratutako solairu bikoitzak eta atikoak osatzen dute. Ikonografia kalitate handikoa da, ziurrenera Juan de Anchietak egindakoa. Bertan, erdiko etxean, ikus dezakegu Ama Birjina Haurtxoarekin San Pablo, San Pedro eta San Miguel ondoan dituela, eta haien gainean Jasokundea, tenpluaren patroia, eta alboetan San Anton eta gotzain ugari. Lana amaitzeko, atikoan kalbario exentu bat dago. Kutsu arras klasizista dauka. Lehen solairua kapitel korintiarren azpian ildaskatutako pilastrekin egituratzen da eta goialdean hiruki formako frontoi-kaxak. Goiko atalean eskema hori mantentzen da, nahiz eta erdiko etxeak lerrokadura zuzena hausten duen, erdi-puntuko arku moztuan. Beste erretaula asko ditu: Jesus Haurtxoarena, XVII. mendearen erdialdekoa, barrokoa, aipatu haurraren irudiarekin, San Blas atikoan duela; halaber, barrokoa da Santa Erlikiena ere, baina aurrekoa baino berantiarragoa, hain zuzen, XVIII. mendearen erdialdekoa. Bertan, ikonografiari dagokionez, San Antonio Haurtxoarekin eta San Ramon Nonato ikus daitezke; azkenik, Sortzez Garbiaren erretaula aipatu behar da, rokokoa, XVIII. mendearen amaierakoa, Sortzez Garbiaren, San Joaquinen, San Frantzisko Xabierrekoaren eta San Sebastianen irudiak dituena. Horrez gain, badira hainbat tailu aipagarri ere, esate baterako, bi gurutziltzatu erromanista eder, San Esteban eta San Joan Bataiatzailea (estilo berean) eta Andre Mari erromaniko bat (nahiz eta konponketa asko izan dituen). Halaber, koruko aulkiteria, XVI. mendearen amaierakoa, bataiarria (erdi aro berantiarra) eta urregintza-pieza ugari aipatu behar dira.

  • GARCÍA GAINZA, María Concepción (dir.). Catálogo monumental de Navarra. Merindad de Pamplona. Vol. V*. Estella: Gobierno de Navarra, 1994.
  • LÓPEZ SELLÉS, Tomás. "Contribución a un catálogo de ermitas de Navarra. Merindad de Pamplona". Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, 1974, 117-118 or.