Arkitektura

Sortzez Garbiaren parrokia. Aribe

Aribe herriko parrokia Sortzez Garbiaren gurtzara dago eskainia. Parrokia modernoa da, 1943. urtean eraikia, estilo neogotiko bati jarraituz. Eraikin moderno horrek aurrez zegoena ordezkatu du. Aurreko horrek ere (XIX. mendearen bigarren erdialdean zehar egindakoa) erdi aroko beste baten lekua hartu zuen.

Hiru nabeko oinplanoa dauka. Erdiko nabea albokoak baino zabalago eta luzeagoa da, izan ere, erdikoari laneko korua dagokio, hirugarren atal gisa. Erdiko nabeak burualde angeluzuzena dauka, buruhorma zuzenekin amaitua. Nabeak pilare prismatikoekin daude elkarren artean bereizita. Pilaren horiek zutabe-erdiak dituzte atxikita arku zorrotzei eusteko. Alboetako nabeen eta erdikoaren estaldura gurutzeria sinpleak osatzen du. Gurutzeria horretan sekzio angeluzuzeneko nerbio tolestuak ageri dira, erdiko burualdekoa ganga galloiduna delarik.

Kanpoaldetik so, eraikuntza angeluzuzena ikusten da, burualdean luzatua, parrokiaren garai berean eta estilo berari jarraiki eraikitako parrokia-etxearen eraginez. Hastialean kokatzen da sarbide-ate angeluzuzena eta haren gainean idi-begi bat irekitzen da, koruari dagokiona. Eraikina teilazko estalki batek babesten du. Estalki hori maldatsua da, zonaldeko tipologiaren araberakoa.

Elizaren barnean hiru aldare mantentzen dira. Bat erdiko nabearen burualdean, Sortzez Garbiari eskainia. Beste biak, berriz, alboetako buruhormetan lekutzen dira, eta San Antoniori eta Betiereko Sorospenaren Ama Birjinari daude eskainiak. Hiru aldareetan arotzeria neogotikoa dago landuta. Epistolaren aldeko kaperan Gurutziltzaketa bat mantentzen da eta korurako igoeran Andre Maria Arrosario bat, zutargi modura, XIX. mendekoa.

Halaber, parrokiaren barnean San Joaquinen eta Ama Birjina Haurtxoaren tailu bat aurki daiteke, barrokoa, XVIII. mendekoa, San Joaquin ermitatik ekarria. Ermita hori Aribeko udal barrutian dagoen arren Aezkoako haran osoak partekatzen du, eta herri askotatik bertara joaten dira erromerian. Ermita egoera onean dago. Bertako sarrera-atearen gainean 1831 zenbakia dago idatzita. Data hori ez dagokio eraikuntzari, eraberritu zen urteari baizik, izan ere, ermita 1798. urtean eraikia zegoen jadanik, gurtzarako itxi zenean, aurri-zorian zegoelako. Eraikin angeluzuzena da. Ebanjelioaren aldean bi gorputz ditu atxikita. Horietako batean korura jotzeko zurezko eskailera dago. Guztia zurezko armazoiarekin, teilatuaren malda bikoitza jasateko. Kanpoaldetik lau kontrahorma irteten dira ezpondan. Horietako bik, erdikoek, sarrerako ateburua inguratzen dute. Estaldura teila lauz eginda dago, lau isurkikoa.

Barnean pintura neoklasikoak ikus daitezke eta estatuak gordetzeko horma-hobiak. Horietako bat aurrez aipaturiko San Joaquin eta Ama Birjina Haurtxoarena da, barrokoa, egun Sortzez Garbiaren parrokian gordetzen dena. Ermitari atxikita, Epistolaren aldean, ermitauaren etxea dago. Tamaina txikiko bloke bat da, eta harekin angelua osatzen du ermitak.