Arkitektura

San Andres parrokia. Aria

Ariako San Andres parrokia erdi aroko eraikuntza bat da, handitutako murruak eta XVII. mendeko estalkiak dituena.

Dokumentuetan agertzen denez, 1611. urtean abade-etxean sute bat gertatu eta elizara arte iritsi zen, bertako teilatua eta dorrea suntsituz. Oinplanoak nabe angeluzuzena ageri du, hiru atalduna eta burualde zuzenarekin. Burualde horretara atxikitzen da sakristia, teilatu lau batek estalitako oinplano angeluzuzeneko gela sinplea. Murruak luzituta ageri dira eta barnealde osoa bi leihateren bidez argiztatzen da. Leihate horiek forma puntaduna dute eta Epistolaren murruan kokatzen dira, beranduago ireki direnak.

Kanpoaldetik harlandu oneko murru zenbait ikusten dira, alboetatik kontrahorma sendo batzuekin zuinkatuak, atalak markatuz. Burualdean eta hastialean ere murruak ageri dira. Interesgarria da leihoen parean modiloi erromaniko zaharrak ikustea. Horietatik abiatuz handitu zen eraikina arestian aipatutako sutearen ondotik. Epistolaren aldeko zurezko arkupe moderno batean bi arkibolta dituen portada erromaniko sinple bat gordetzen da, zutiko gainean, sekzio karratukoa eta moldura lau bat duena inposta-lerroaren parean. Haren alboan, Epistolaren aldean, bataio-kaperaren funtzioa betetzen duen eraikin bat dago atxikia.

Bertako dorrea modernoa da; kanpaiak gordetzeko bao zorrotzak dituen gorputz txiki bat dauka, piramide forma zorrotzeko erremate batekin.

Parrokiaren barnean dago bataiarria, garai erromanikokoa. Bataiarriak zirkulu formako harroina du, fustea zilindro formakoa eta katilua erdi esferikoa, erdi-puntuko arkuz apaindua. Koruaren eskaileraren alboan beste bataiarri bat dago. Goialdean zerra-hortzez dago apaindua eta zerrenda horren eta bi arkupe-lerroz dekoratutako azpiko beste zerrenda baten artean sigi-saga erara egokitutako trazudun laukiak ageri dira.

Presbiterioan lekutzen da erretaula nagusia, barrokoa, 1700 ingurukoa. Haatik, itxuragabetua dago polikromia neoklasikoaren eta bertako apaingarri landuen eraginez. Hiru kaletan banatzen diren bi gorputzetan egituratzen da. Horietan, erdiko kalea da tamaina handiena duena. Gainera, hegal handien artean hostotzaz apaindutako atiko bat ikus daiteke. Mantentzen diren tailuen artean (gehienak modernoak) daude San Pablo bizarduna (Migel Angelen estilora), San Pedro eta kalbario bat atikoan. Hiru tailuak estilo erromanistakoak. Titularrak kanon laburragoa dauka, buru handiago eta espresio nabarmenagoarekin, ziurrenik aurrekoak baino garai zaharragokoa.

Sakristian estilo barroko herrikoiko bi tailu gordetzen dira, tamaina ertainekoak, San Frantzisko Xabier eta Andre Maria Arrosariokoa irudikatuz.

Sakristia horretan, era berean, urregintza-pieza ugari gordetzen dira. Horien artean hauek nabarmentzen dira: zilarrezko kaliza bat, XVIII. mendearen bigarren erdialdekoa, egitura laua duena; korapilo erreboilduna eta kopa molduratua duen kirtena, TAJO/NAR hizkiak eta Iruñearen PP (Pamplona) hizki koroatuak markatuta.

Zilarrezko kopoi bakarra eskema sinple batekin eta, marka modura, PP koroatuak, SASA eta 808 (1808). Halaber, kutxatila forma eta tapa trapezoidala dituen zilarrezko krisma-ontzi bat nabarmentzen da, goran gurutze bat duela.

Azkenik, XVIII. mendearen erdialdeko zilarrezko ekisaindu bat, kanpai forma duen oinarriz, zilindro formako kirten lauz eta udare forma duen korapiloz osatua. Piezaren oinarrian TAJO/NAR idazkia irakur daiteke trokelaturik.