Arkitektura

San Pedro parrokia. Ardaitz

Ardaitzeko San Pedro parrokia traza protogotikoa duen eliza bat da, XIII. mendearen hastapenekoa. Sakristia eta kapera gaineratu zitzaizkion XVI. mendean eta XVII. mendean estalkia konpondu zen.

Oinplano angeluzuzena du, hiru atal eta burualde lauarekin. Burualdera, Ebanjelioaren aldean, kapera txiki bat du atxikita. Horrez gain, sakristia eta sakristiarako sarbide modernoa ditu. Murruak luzituta ageri dira. Korua oinean kokatzen da habe baten gainean eta zurezko balaustrada barroko bat dauka. Argia erdi-puntuko hiru leihoetatik (gezileiho txaranbelduak) barna sartzen da parrokiara.

Kanpoaldetik silarri erregularreko murruak dituen bolumen horizontal bat ikusten da, dorrea bertikalki altxatuz, silarrixkaz egindako fuste prismatiko sendo bat. Hegoaldean kontrahorma handi bat dago, dorrea eta nabea batzen dituen lerroa sostengatuz. Kontrahorma horri erantsita, pilare gaineko teilatutxo batek, arkupe erakoa, atea babesten du. Ate horrek turuta formako hiru arkibolta eta euri-babesa ditu, elementu puntaduna osatuz. Alde banatan kapitel korrituak daude. Ezkerrekoan hiru gingileko arkutxo batzuk, zaldizko bat eta bi buru ikus daitezke. Eskuinekoan, berriz, untxi bat harrapatzen ari den hegazti bat eta beste bi buru. Kapitel horiek harroin poligonalak dituzten kolomatxo gainean sostengatzen dira. Burualdearen atzean XVI. mendean gaineratutako eraikuntza osoa ikus daiteke: sakristia hartzen duen bolumena eraikin luzatu batekin lotzen da. Eraikin horren amaieran murru biribildu bat dago, sakristiarekin bat egiten duen igarobidea, koruko eskailera eta gaztelua gordetzen dituena, guztia molduratutako hegalarekin.

Elizaren barnean bataiarri bitxi bat nabarmentzen da, presbiterioan lekutua, XIII. mendekoa eta estilo herrikoia duena. Bataiarri horretan Haurtxoa duen Ama Birjinaren irudi zahar bat azpimarra daiteke, mukulu eran zizelkatua katilu esferikoan. Katilu hori laua da guztiz, Ama Birjinaren irudia salbuetsita. Gainera, kuxindura-harroina duen idulki karratua dauka, angeluetan bolaz apaindua. Fustea laua da, moldura kurbadunekin, bat azpialdean eta bestea goialdean.

Erretaula nagusia ere presbiterioan dago. Erretaula hori traza zuzen batekin lotzen da hostotzaz apaindutako oholak dituen burualdera. Gainera, hiru kaleko bi gorputz eta atikoa dauzka. Iruditeri guztia mukulu-irudi biribilez osatuta dago, estilo barrokokoak eta zabar samarrak. Irudi horien artean aipagarriak dira Haurtxoa alboan duen San Jose eta Santa Barbara lehen gorputzean, eta San Fermin, San Pedro katedra eta San Anton bigarrengoan. Atikoa bi santu artean Kalbarioa ageri duten pinturekin dago apaindua. Santutegia ere barrokoa da, XVII. mendearen hasierakoa eta trapezoide formako traza dauka. Predel txiki batek, argi-zuziz hornitutako zutabedun gorputz batek eta friso korritu batek osatzen dute. Bertan hainbat erliebe ikus daitezke, esate baterako, San Pedro, Salbatzaile eukaristikoa eta San Pablo. Bertako erakustokia neoklasikoa da.

Ebanjelioaren aldean Gurutziltzaketa errenazentista bat mantentzen da, lehen faseko espresionismoan kokatzen dena, 1570-1580 bitartean. Gurutziltzaketa horrek antzinako polikromia mantentzen du. Kapera berean San Joaquin Ama Birjinari eskua ematen erakusten duen tailu bat dago, berrokoa, XVII. mendekoa, tolestaketa dinamikoekin eta jatorrizko polikromia txukunaz.

Azkenik, dagoeneko sakristiako geletan, urregintzako pieza ugari mantentzen dira. Horien artean hauek nabarmentzen dira: 1804ko zilarrezko kaliza bat, tradizio barrokokoa eta udare-korapiloa duena; zilarrezko ekisaindu bat, XVIII. mendekoa; kirten bat, XVIII. mendekoa hori ere, XVII. mendeko ilargitxo bat duena erantsita helduleku eta piramidez inguratua; eta gurutzea, dagoeneko XVIII. mendekoa.

Halaber, jadanik parrokiako geletan ez dagoen pieza berezi bat nabarmendu behar da, Orreagara eraman baitzen eta bertan lekutzen baita egun. Zilarrezko kopoi bat da, estilo puristakoa, XVII. mendearen lehen erdialdekoa. Kalizak oinarri zirkularra du, kirtenean kiribilduren artean zilindroa ageri du eta saihetsetan korapilo erdi oboidea. Gorputza zilindro formakoa du, tenpletedun estalki esferikoz estalia eta, erremate modura, erronboide-formako gurutze bat. Dekorazioa obaloetan zizelkaturik dago kartela, ze edota saiheski bikoitzen artean. Oineko obaloetan lau ebanjelariak daude irudikaturik konposizio manieristetan eta gorputzean Santiago, San Pedro, San Pablo eta San Juan agertzen dira. Estiloa kontuan hartuta, kopoi hau Velazquez de Medrano zilargilearen lanekin lotzen da.