Arkitektura

San Migel parrokia. Agoitz

Agoitzeko San Migel parrokia harriz egindako eraikin itzela da. Zatirik handiena XVI. mendean eraiki zen, estilo gotiko berantiarrean, erdi aroko elizaren lurren gainean. Erdi aroko eliza hartatik hainbat zati aprobetxatu ziren, esate baterako, hartako dorre izugarri eta trinkoa.

XIV. mendean Nafarroa eta Gaztelaren arteko gerren ondorioz erdi aroko eraikin hura suntsiturik geratu zen. Dorrea baino ez zen zutik geratu, baina 1378. urtean sute batek kaltetu eta korua estaltzen zuen ganga berreraiki egin behar izan zen. XVI. mendera arte fabrikatu zenetik aztarna zenbait baino ez dago ikusgai. XVI. mendekoa da eraikuntzaren zatirik handiena, eta gotiko berantiarreko beste tenplu batzuekin antzekotasuna agerikoa da. Hargina Juan de Oses izan zitekeen, 1587. urterako amaituta zuena 3950 dukaten ordez.

Tenpluaren oinplanoa penintsula osoan errepikatzen den azken gotikoari dagokio. Lau ataletan banatutako nabe bakarra, gurutzadura, kontrahormen artean alboko kaperak eta izar-gangaz hornitutako burualde pentagonala. Oinplano horietako egitura proportzio-sistema baten araberakoa da. Hala, nabeak, burualdeak eta gurutzadurak luzera bera dute. Nabearen zabalera kaperen zabalera halako bi da, eta horrela hurrenez hurren. Eskema tipiko gotiko horri beste zenbait kapera gaineratu zitzaizkion.

Barnealde guztiko hormak silarrixkazkoak dira. Altxaeran sekzio zilindrikoa duen pilare lodi bat nabarmentzen da ezohiko elementu modura, kapitelaren erdialdera molduraz hornitua. Gurutzadurako kaperak elkarrengandik bereizteko murru sinple bat dago, Ebanjelioaren aldean alakatua dagoena azpialdetik. Alde horretako kaperetara sartzeko molduratutako arku eskartzano batzuk daude. Epistolaren aldera sartzeko, berriz, erdi-puntuko arku molduratu bat zeharkatu behar da. Estaldura gehienak XVI. mendekoak dira, koruko atala izan ezik. Atal horretan kanoi-ganga zorrotza ikus daiteke, parpain-arkuak bi gingileko mentsuletan bermaturik dituena. Hori guztiori erdi aroko eraikuntza zaharrari dagokio, nahiz eta 1378. urtean berreraiki egin zen. Hala gurutzadura nola burualdea nerbio lerronahasiz hornitutako izar-gangaz daude estalita. Kaperak trazeria sinplez daude estalita. Korua XVI. mendekoa da eta bikain egokitzen da erdi aroko atalarekin. Arras apaindua da, bere balaustrada lau zatitan banatzen da eta pilastrak lau bertuteren erliebeekin daude apainduta: Sendotasuna, Justizia, Karitatea; denboraren iragaiteari buruzko aipu alegoriko argi batzuekin batera: haurtxoa eta harea-erlojua dituen emakume bat eta garezurra eta liburua paraturiko atrila erakusten duen beste irudi bat. Dekorazio anitzeko koru hori guztiori tenpluaren gaineko atalekin batera altxatu zuen lehenago aipatu dugun Juan de Oses harginak 1587an. Sakristiaren oinplano karratua burualdera atxikitzen da Epistolaren aldetik eta, haren parean, kontrako aldean, beste gela moderno bat lekutzen da.

Kanpoaldetik silarrizko murrua ikusten da eta erdi aroko dorrea nabarmentzen da duen tamaina handia dela medio. Dorre hori oinaren atalean altxatzen da, alboetako batean parrokia-etxea atxikita. Dorre horrek prisma handi bat osatzen du elementuokin: errezel-leihoa, hiru gezileiho goialdean, arrosa-leiho molduratua eta kanpaietarako lau erdi-puntu handi. Irekidura horiek izan arren, tenplu osoak bezala, dorreak harrizko murruz eraikitako bloke trinkoaren sentsazioa ematen du. Hori nabearen laugarren atalaren parean dagoen gurutzadura handiari eta teilaturaino altxatzen diren kontrahorma diagonalekin lurraren desnibela gainditzeko altuera izugarria duen burualdeari esker azpimarratu egiten da. Absidearen zati guztia altuera jakin batera arte inposta-lerro batekin dago indarturik. Horrek, bertan kripta bat egon zitekeela pentsarazten du.

Tenplura sartzeko portada Epistolaren aldeko bigarren atalean lekutzen da, lorategi zaindu batera ematen duelarik, parrokia-etxearekin angelua osatuz. Atea erdi-puntukoa eta txaranbeldua da. Haren gainean bi gorputz daude. Lehenengoa hiru kaletan banatuta ildaskatutako zutabe korintiarren bidez, hainbat erliebe dituztenak, esate baterako, santu diakono martiri bat, San Esteban eta, erdian, elizaren titularra demonioaren gainean baterako ezpata eta balantzarekin ikonografia errenazentista horretan oihal hegalari eta konposizio dinamikoz. Lehen gorputz hori moldura ildaskatu batek bereizten du bigarrenetik. Bigarren horretara pinakulu gotikoetako errematea iristen da eta, gainera, erdialdean erdi-puntuko leiho molduratu bat dauka. Hori guztiori hustutako pilastra batzuekin markoztatuta. Pilastra horiek diagonalean ageri dira atera arte eta lau bilakatzen dira goiko erregistroan pinakulu gotikoekin errematatuta. Atea horrela osatzen da: bost arkibolta, bozeletan kerubinen irudiz hornitutako kapitel korrituak eta aingeru pare bat barnealdeko arkiboltan. Tenplu horretan pieza-bilduma garrantzitsu bat dago. Merezi du pieza bakoitza xehetasunez deskribatzea. erretaula nagusi barrokoa, bataiarri bat, Haurtxoarekin dagoen Ama Birjinaren tailua eta Gurutziltzaketa bat, azken biak Juan de Anchieta artistak eginak.

Parrokiako gurutzaduraren osteko kaperan kokatuta, Epistolaren aldean, bataiarria dago, XV. mendearen amaierakoa. Haren egitura eta dekorazioa aintzat hartuz, pieza bikaina da. Murgilaldi horizontaleko bataiarria da. Oinarria zerra-hortz eta bolekin molduratua. Fuste edo soina zutabez eta lerro diagonaletan kokatutako bolaz hornitua, eta zerra-hortz moldura katilura iristeko. Fustean herriko armarria erakusten duen ezkutu gotikoa gaineratzen da. Katiluak forma lobulatua du eta, hein batean, polikromatua da. Goialdean Claus Sluter Borgoinako eskultoreak "Moisesen Putzuan" garatu zuen programako zenbait aldaera errepikatzen dira. Programa hori Jehan Lome eskultoreak ekarri zuen Nafarroara, Carlos III eta haren emazte Nafarroako Leonorren hilobian lan egingo zuena. Programa ikonografikoa izaki, bataiarrian Testamentu Zaharreko profetak irudikatzen dira: Zacarias, Jonas, Daniel, Jeremias, Isaias, eta kasu honetan Moisesen ordez Elia seta Daviden ordez San Joan Bataiatzailea. Horrez gain, bere bularraren odolarekin bere kumeak edoskitzen ari den pelikano bat. Pelikano hori kristoren aurreirudia da, bi sakramentuak elkarlotzen dituen eukaristia-sinboloa: bataioa eta jaunartzea. Hala aurpegiak, errealismo handikoak, nahiz ile eta bizar marradunen teknika kontuan hartuta, 1500. urtean nagusi zen estilo hispano-flamenkoaren barnean kokatzen da eta kalitate artistiko paregabearen adibide da.

Elizan Juan de Anchieta eskultore euskaldunaren (eskultura erromanistaren interprete nagusia) bi irudi geratzen dira, eta baita arrastoren bat erretaula nagusi barrokoan (artista honek egindakoa ordezkatu zuena), eta San Jose eta San Frantziskoren erretauletan. Honatx aipatu bi irudiak: Haurtxoa duen Ama Birjina, aipatu dugun erretaula nagusian, eta Kristo Gurutziltzatua, erretaula zaharrarekin batera zizelkatu zuena eskultoreak.

Haurtxoa duen Ama Birjina gurutzaduraren gaineko oinazpiko batean dago lekutua eta 1584 inguruan landu zuen Anchietak. Zutik dagoen Andre Mariaren irudia da, tamaina handikoa. Plastikoki erantsitako tunika bat dauka eta mantu batekin inguratua dago. Aurpegiko zantzuak ere handi eta zabalak dira, lasaitasun handikoak. Marko modura, erdiko lerroak bereizitako adatsak, era klasikoan, eta belo batekin estalia. Jesus Haurtxoa gorpuzkera handikoa da, biluzik dago eta Ama Birjinak eskuekin pixoihal batekin estaltzeko keinua egiten dio. Pixoihal hori, era berean, bi irudien arteko ukipen-puntua da, haurtxoaren oinak eta bere amaren eskuak topatuz. Polikromia barrokoa Pedro Antonio Radak 1753an egindakoa da eta jatorrizkoa gogortu egiten du, Radak ukitutako Anchietaren beste pieza batzuetan gertatzen den moduan. Hala, pieza kolore lau eta biziak erabiliz, loreen motibo txikiak erakusten dituen tunika gorri batekin estaltzen du. Mantuaren ertza urdin urrekara da.

Parrokia-museorako gordetako gelan dago Kristo Gurutziltzatua (62 x 72). Hori ere mintzagai dugun artista euskaldunak egindakoa, 1584 inguruan. Kristo hilik dago eta burua alde batera okertua ageri du, lasai. Adatsa eta bizarra teknika landuz eginak daude. Gorputzari dagokionez, anatomia perfektua erakusten du, gihar guztiak bikain artikulaturik dituela. Oihala ezkerreko aldakan korapilatzen zaio gorputzari, aldaka ia biluzik geratzen dela.

Anchietak egindako lanaren zenbait arrasto geratzen dira, esate baterako, San Frantziskoko erretaulan, rokokoa, XVIII. mendearen bigarren erdialdekoa. Erretaula horretako horma-hobi nagusian San Frantziskoren tailu bat gailentzen da, XIX. mendekoa. Gainera, bi erliebe ere ageri dira, bat San Joan Bataiatzailearena eta bestea San Lorenzorena. Horrez gain, jarraian deskribatzen den erretaula nagusiaren zenbait zatitan ere badira zenbait aztarna. Erretaula hori garai barrokokoa bada ere, eskultorearen erliebeak ikus daitezke hormetan sartuak, Santuen bikote oso lortuak irudikatuz, solasean daudenak jarrera eta keinu kontrajarriekin, eskortzo ausartekin, izur arranditsuekin eta gorpuzkera handiko eta Herkulesen tankerako anatomiarekin, Kontrarreformaren ideiekin eta manierismo erromatarraren ereduekin bat datozenak. Eskulturaren kalitateari, neurri batean, itzal egiten dio Pedro Antonio de Radaren kolore lauko polikromiak.

Parrokiako Erretaula Nagusi horrek, barrokoa, XVIII. mendearen erdialdekoa, 1584ko Anchietarena ordezkatu zuen. Esan dugun moduan, hemezortzigarren mendeko egitura horretako zenbait gorputz eta kaletan artista horren lanak mantentzen dira. XVIII. mendeko erretaularen panoramika horren barnean Nafarroan pieza hori arras originala da. Jakako Juan Tomes eskultore eta erretaula-egileari enkargatu zitzaion 1745. urtean eta hiru urte beranduago amaitu zuen. Egile berak Faltzes, Ulibetin eta Kalagorriko katedralean ere parte hartu zuen.

Traza hau erakusten du: predela, gorputz bakarra eta baldakin erako atiko handia. Egitura horiek burualde poligonaleko hiru horma-ataletara daude egokituta. Predela lau mentsula hegaldunekin osatzen da, barnealdekoak perpendikularrean eta kanpoaldekoak eskortzoan. Horietan bi haurtxo daude elkar besarkatzen hostotzaz eta plaka moztuz hornitutako txartel gainean, egile berak Faltzesen eta Kalagorriko katedraleko Sortzez Garbiaren erretaulan erabilitako ereduari jarraiki. Kanpoaldeko bi mentsulak diseinu rokokoarekin datoz bat, arrokaiazko orladun kornupia asimetriko bat osatuz erdialdeko zati lauarekin. Euskarri horien gainean proportzio ederreko balaustradadun zutabeen eta kapitel konposatudun ordena erraldoi bat sostengatzen da, erretaularen hiru kaleak artikulatzen dituztenak. Kale horien artean erdikoa nabarmentzen da, titularraren, San Miguelen, baldakina ageri baita bertan. Alboetako kaleak bi mailatan banatzen dira, azpikoa trozal angeluzuzenarekin koroatua eta goikoa zatitu eta kiribildutako frontoiarekin amaitua. Erdiko kalean horma-hobi dotore eta mugitu bat dago, mentsula rokoko handi bat duena, Jose Perez de Eulatek 1753an zizelkatua. Gorputzaren gainean oholtza sendo bat artikulatzen da erretaularen oinplanoko lerroak jarraitzen dituena eta atikorako sarbidea ematen duena, erdiko kale bat osatuz landarediaz apaindutako ostiko-arkuz hornitutako pilastra artean eta trozal batekin amaitua eszenografia anitzeko baldakin eran. Atiko horrek Aragoiko beste lan batzuetan errepikatzen den egitura mantentzen du, Tornes eta Francisco Nicolas Pejon eskultoreek Urzainkiko edo Gareseko Sanctii Spiritus Komendadoreen erretauletan egindakoa kasu. Atikoaren bi aldetara hegal handi mugitu batzuk daude eta muturretan San Gabriel eta San Rafaelen eskulturak, lerro mugitukoak, biak Tornes eskultorearenak. Amaitzeko, santutegi-erakustokia aski eraberritua dago. Haatik, hartako oinplano poligonala mantendu egiten da. Haren gainean altxaera oso mugituak finkatzen dira aingelu-argimutilez hornituak. Bertatik trozal arkitektoniko eran eskegita dagoen kupula batera igarotzen da.

Honatx parrokiako beste pieza garrantzitsu batzuk: San Joseren erretaula, Epistolaren aldeko burualdearen murrura atxikita, estilo rokokoa duena, XVIII. mendearen bigarren erdialdekoa (handik mende batera berriro pintatua), eta San Frantziskoren alboko erretaulak duen egituraren antzekoarekin. Sorbaldan Haurtxo biluzia duen San Kristobal oso indartsu bat eta jendaurrean hitz egiten ari den tamaina handiko gotzain santu bat ikus daitezke bertan, biak Anchietak egindakoak. Kristo Santuren erretaula ere Epistolaren aldean dago, gurutzaduraren pareko aldean, eta XVII. mendeko lehen erdialdekoa da. Koruan aulkiteri bat ikus daiteke, estilo manieristakoa, hamalau zeremonia-aulkiz osatua, esan bezala manierista, Zangozako Nicolas de Berastegui eskultoreak 1573an egindakoa. Sakristian San Miguelen tailu bat, XVI. mendearen bigarren herenekoa, eta Gurutziltzatze barroko bat.

Parrokia-museoa hartzen duen aretoan eskultura, pintura eta urregintzako hainbat pieza mantentzen dira, parrokiatik bertatik eta inguruko beste leku batzuetatik, nagusiki jenderik bizi ez den herrietatik (Erdotzain eta Orbaitz), ekarriak. Pieza horiek estilo oso ezberdinekoak dira. Zurezko tailu eta erliebeak ez ezik, urregintza-bilduma oparoa gordetzen da, zilarrezko piezekin. Horien artean hauek nabarmentzen dira: XVI. mendearen erdialdeko zilarrezko kaliza errenazentista bat, Erdotzainetik ekarria; garai bereko beste kaliza bat, Radatik ekarria; zilarrezko hainbat kaliza, XVII. mendearen lehen erdialdekoak eta beste bat, barrokoa, XVIII. mendekoa. Bataio-maskor bat, Iruñeari dagozkion PP (Pamplona) hizkiak koroatuta, 1805. urtekoa; zilarrezko kopoi ugari; prozesio-gurutze neogotiko bat (110 x 57), metal zilarreztatukoa; XVI. mendeko ostia-ontzi zirkular bat; brontze urrekarako ekisaindu neoklasiko bat; eta XVIII. mendearen bigarren erdialdeko bi erlikia-ontzi.