Arkitektura

Antzaldatzearen parrokia. Akerreta

Akerretako Antzaldatzearen parrokiak erdi aroko jatorria du bertako zenbait espaziori eta mantentzen diren zenbait elementuri erreparatuz baiezta daitekeenez, esate baterako, bi kontrahormaz indartutako dorreari eta ateari begiratuz. Dena den, egun duen itxura XVIII. mendekoa da, estaldura egin zen garaikoa.

Oinplano angeluzuzena du, lau atal eta burualde zuzenaz osatua. Burualdeari sakristia angeluzuzen bat atxikitzen zaio Epistolaren aldean. Korua, estaldura lauarekin eta zurezko barandarekin, habe handi baten gainean altxatzen da.

Kanpoaldetik, elizak bloke horizontal nabaria osatzen du eta eraikuntza-etapa ezberdinak antzeman daitezke bertatik, hots, alde batetik erdi aroko dorrea, silarrikoa eta, beste alde batetik, nabearen goialdea eta sakristia harlangaitz-hormaz eginak, barrokoak. Portadaren zatia ere, dorrea bezalaxe, kalitate handiko silarriz egina dago. Portada hori erdi-puntuko arkuz osatzen da, inposta gainean zutikotan bermatzen diren bi arkiboltekin.

Parrokiaren barnean ezagutzeko moduko hainbat pieza mantentzen dira, besteak beste, bi bataiarri, bi erretaula, hobi-hilarri bat eta zenbait tailu. Lehen bataiarria korupean kokatzen da eta erdi arokoa da. Ertz alakatuak dituen fuste prismatiko batek, zenbait erliebez apaindua, eta katilu erdi esferiko lauak osatzen dute. Bigarren bataiarria Epistolaren aldean lekutzen da eta molduradun oinarri karratua, fuste poligonala eta ertz molduratuko katilu erdi esferikoa ditu.

Burualdean dagoen erretaula nagusi errenazentista Ramon de Oscariz Iruñeko pintoreari egozten zaio, artistaren ekoizpen-aro nagusiaren barnean egina, Eguiarretako erretaularekin lotuta, 1551-1553 bitartekoa dokumentuen arabera. Erretaula horrekin Oscarizek Italia eta Flandes artean kokatzen den estilo errenazentistaren adibide interesgarria utzi zuen. Traza errenazentista ageri du erretaulak, kerubin eta gruteskoz apaindutako oholdun idulki txiki batekin. Hartan sostengatzen dira zutabe eta beneraziodun hiru gorputzak. Gorputzak elkarrengandik bereizteko frisoak eta erdiko kalearen gaineko oholtza ere kerubin eta gruteskoz daude apainduak. Pintatutako ikonografian Baratzeko Otoitza, Zigorraldia, Kristoa Bizkarrean gurutzearekin eta Pietatea ikus daitezke. Bigarren gorputzean gotzain bat, San Bartolome, Kristoren Bataioa eta San Anton ikus daitezke. Hirugarren gorputzean Santa Katalina, Santa Barbara, Mendekoste, Santa Luzia Santa Quiteriaren aldamenean eta Jasokundea ikus daitezke. Erdiko kalean lekutzen dira santutegia, titularraren irudi zabar samarra eta Kristo Gurutziltzatu bat atikoan.

Bigarrena Ama Birjinaren erretaula da, Ebanjelioaren aldean lekutua, tankera neoklasikoa duena baina, aldi berean, elementu barrokoren bat barneratzen duena, esate baterako, hostotzak eta predelean haur atlanteak erakusten dituen mentsulak. Haren gainetik erdialdean horma-hobia duen gorputz bat altxatzen da. Atikoa kale batekin osatzen da hostotza barrokoko hegal itzelen artean eta burualdean hiruki formako frontoia. Marmolak imitatzen dituen polikromia nagusitzen da. Titularra Eseritako Haurtxoa duen Ama Birjinaren irudiarekin irudikatzen da, estilo gotikokoa, XIV. mendearen hastapenekoa, zabar samarra. Bestalde, atikoan dagoen San Anton irudia modernoa da. Presbiterioan, erretaula nagusia ez ezik, hobi-hilarri bat lekutzen da inskripzio batekin eta 1670eko datarekin. Azkenik, koruan haurren bi tailu mantentzen dira, erretaularen garai bereko ezkutuekin (agian hartakoak izango ziren ezkutuak). Orobat, XVII. mendeko mihise bat dago bertan, erdi-puntu batekin markoztatua, non Ama Birjina ikus daitekeen Santa Anarekin eta San Joaquinekin batera. Antzaldatzearen parrokiaren tresneriaren errepasoa osatzeko XVI. mendeko zurezko kopoi bat, antzinako polikromiaz, eta kopoiaren garai berekoa den kutxatila bat, tapa primatiko laua duena, aipatu behar dira.