Arkitektura

San Pedro Parrokia. Oibar

San Pedro parrokia eraikitzen hasi zireneko data zehatza 1146. urtea da dokumentuen arabera. Urte hartan, On Pedrok, Oibarreko abadeak, kontratu bat bideratu zuen Garcia Cristobalekin. Kontratuaren arabera truke bat egingo zuten elizaren eraikuntzarako.

Elizak garrantzia bikoitza du: alde batetik, Nafarroako eliza erromaniko zaharrenetako bat da, monumentuzko eskulturaz hornitua; bestetik, bere egitura arkitektonikoak badu berezitasun bat, hots, hiru nabeko eliza bat dela; haren burualdea desagertu egin zen XVI. mendean presbiterioarekin batera eraberritu zenean, baina jatorrian hiru abside erdizirkular izango zituen, gurutzaduraz eta kapera nagusi angeluzuzen batez hornitua. Halako oinplanoa oso urria da Nafarroako erromanikoan, eta lehendabizikoa Iruñeko katedral erromanikokoa da. Horrez gain, ondoren Lizarra eta Zangozako merindadetan ere badira eliza garrantzitsuak halako oinplanoa dutenak.

Hiru ataleko hiru nabe dituen (erdikoa alboetakoa baino zabalagoa) gorputz erromaniko horrek nolabaiteko irregulartasuna du bere trazaduran. Hala, albokoak estuagoak dira burualdetik hurbil oinetan baino. Gorputz erromaniko horri XVI. mendean gurutzadura handi bat, kapera nagusia eta sakristia gaineratu zitzaizkion. Sakristia kanpoaldetik begiratzean, deigarria da duen bolumen handia lehen gorputz erromanikoarekin alderatuta. Eliza portada errenazentista batek ixten du kanpoaldera, arkupearekiko apur bat alboratua eta gustu errenazentista handiz naro apaindua. Tenpluaren hegoaldera dago kokatuta eta apostolu titularrari dago eskainia. Kasedako elizarekin aldera daiteke. Biak Lazaro maisuak egindakoak dira. Dorrea Epistolako nabearen gainean altxatzen da, gurutzaduraren hurbileko atalean. Dorre horretan konponketak egin ziren XVIII. mendean.

Elizaren altxaerak nabeen gorputz erromanikoa ageri du. Horixe da erdi aroko tenplu horretatik geratzen dena, izan ere, presbiterioa eta burualdea eraberritu egin ziren XVI. mendean. Garai erromaniko horretatik, era berean, ebanjelioaren aldean kokatutako sarrera txiki bat mantentzen da, eta bi leiho erdiko nabean. Nabeak gurutze formako sei zutaberekin daude elkarrengandik bereizita. Beren aurrealdeetan ederki zizelkaturiko kapitelak dituzten zutabe erdiak daude atxikita. Zutabe horiek arku formeroak eta parpain-arkuak sostengatzen dituzte. Hori guztiori hargintza-lan bikain batekin gauzatua. Erdiko nabearen estaldura kanoi erdikoa da, parpain-arkuen gainean. Alboko nabeetan estaldura kanoi laurdenekoa da eta parpain-arkuen gainean horietan ere. Epistolaren aldean estalduraren azken tartea galdu egiten da. Estaldura-sistema hori Muskildako Andre Marian eta Izagako San Miguelen ere ikus daiteke. Bi eliza horiek landa izaerakoak eta berantiarragoak dira. Itxuraz, dagoeneko desagerturik dagoen Zangozako San Nikolas elizak ere halako estaldura izango zuen.

Gurutzadura izugarri handia (nabe nagusia baino askoz ere handiagoa) eta sakristia atxikitzen zaion burualde angeluzuzena gaineratzeko egindako lana 1542. urtekoa da dokumentuen arabera. Urte hartan egin zen Lazarok egindako hargintza-lanaren aditu-azterketa. Lazaro maisua Lazaro de Iriarte hargin ezagunaren identifika daiteke, arestian aipatu bezala, Kasedako elizan ere lan egin zuena, eta Gareseko Santiago elizan ere agertzen dena. Lazaro de Iriarte gipuzkoarrari, Nafarroan egindako lehendabiziko lan modura, parrokia horretako portada, koruko eskailerak eta pulpituak egozten zaizkio. Miguel anaia ere dokumentuetan agertzen da, gurutzadura eta burualdea gaineratzeko lanetan. Eskultura-dekorazio aberatsari dagokionez, kapitel ugari mantentzen dira nabeen gorputz erromanikoan. Kapitel eta zimazio dotoreak, tailu eder eta monumentuzkoak ageri dituztenak, oro har, konposizio simetriko batekin eta Jakarekin zerikusia duten irudi itzelekin dekoratuak. Irudi horiek Jakako katedralarekin eta Loarreko gazteluko elizarekin lotzen dira nagusiki. Azken horretatik txori eta arranoen irudiak hartzen dira. Gainera, Zangozarekin lotutako irudiak ere ikus daitezke. Landaretza-motiboak (mahatsondoak, ananak, akanto-hostoak, etab.) animalien dekorazio xume batekin (faunoak, lehoiak), sinpletasun handiko giza irudien aldamenean elkarri begira dauden hegaztiak, aurrez aurre dauden koadrupedoak eta bestiario negatiboenari dagozkion animaliak, esate baterako, Ebanjelioko nabeko kapitelean dagoen isats bikoitzeko uhandrea kutsu lizun eta tentatzaile adierazgarri batekin, edo euskarri bereko hiru aurpegitan agertzen diren tximuak Epistolako nabean. Murruen zati batzuetan inposta xakeztatua luzatzen da.

Elizan mantentzen diren piezen artean, aipagarri dira Andre Maria Arrosarioko erretaulak, estilo barrokokoak, XVII. mendekoak, eta Sortzez garbiarena, estilo errenazentistakoa, XVI. mendearen bigarren herenekoa, barrokoan eraberritua XVIII. mendean zehar, biak Ebanjelioaren aldean; Jesusen Bihotzaren erretaula Epistolaren aldean, bi pulpitu kapera nagusiaren ahokaduran kokatuta, XIX. mendeko erretaula neoklasiko bat koruaren atzealdean eta zenbait eskultura-pieza (adibidez, Haurtxoa duen Andre Mariaren irudi bat, erromanikoa, XIII. mendekoa, oso eraberritua, eta XVII. mendearen lehen laurdeneko erliebe erromanista bat). Jarraian pieza hauek aztertzen dira, duten garrantzia dela medio: bataiarria, San Pedrori eskainitako erretaula nagusia eta gurutziltzatu gotiko bat Santokristoren erretaulan eta urregintzako pieza bikain batzuk.

Epistolako aldearen gurutzaduran kokatuta bataiarri itzela, oin prismatiko kasetoiduraduna eta katilu erdi esferikoa, bozelez hornitua, azpialdean. Bataiarri horretan portadako irudiak errepikatzen dira, horrenbestez, litekeena da Lazaro maisuak egina izatea, XVI. mendekoa.

Parrokiako santu titularrari, San Pedrori, eskainitako erretaula nagusi itzela: XVII. mendearen lehen laurdeneko eskola erromanistakoa, erretaula hori Zangoza-Irunberriko tailerreko maisuek egina da eta, zehazkiago esatera, Juan de Huicik, eta Juan de Echenagusiak ere parte hartu zuen. Trazu zuzeneko egitura arkitektonikoari, predelari, bost kale eta atikoa dituzten bi gorputzei eta, batez ere, lehen gorputzeko estipiteei erreparatuta, Zangoza-Irunberriko tailerreko beste erretaula batzuekin lot daiteke. Eskulturari dagokionez, horien kalitate itzelak, bereziki predeleko erliebeetakoak eta bulto biribiletakoak (San Pedroren irudian kasu), panorama ikonografiko konplexua irudikatzen du: hasteko, predelean hainbat erliebe agertzen dira, esate baterako, Gotzain bat, Gurutzea Bizkarrean, Zigorraldia, San Marcos, San Lucas, Jesus Pilatosen aurrean, Atxiloketa eta apostolu bat. Segidan, lehen gorputzean aurrez aipatu dugun San Pedroren mukulu-irudia ageri da eta goialdean martiriaren erliebe bat eta Gurutziltzaketaren beste erliebe bat. Santutegiaren gainean, bi aingeru ispilu bat eusten ari dira Forma Sakratuarekin, Eraistearen erliebe bat eta San Frantzisko Asiskoaren mukulu-eskultura bat eta, haren gainean, erliebe txiki bat, santuari aingerua agertzen zaionekoa. Bigarren gorputzean, San Estebanen tailu bat, San Pedroren Askapena aingeruaren aldetik, San Pedro katedran eserita erakusten duen tailua, Primatuaren Kontzesioaren erliebea eta San Estebanen tailua. Azkenik, atikoan, San Lorenzoren tailuak, San Pedro eta San Vicenteren Gurutziltzaketa. Guztiaren gainetik Santa Katalinaren eta Santa Quiteriaren tailuak. Erretaularen gainean Gurutziltzaketa Mariarekin eta mukulu biribileko San Juan. Lehen eta bigarren gorputzaren arteko frisoan eta erdiko frontoiko zeihartasunen gainean Bertuteak daude, eta bigarren gorputzaren eta atikoaren artean aingeru biluziak ikus daitezke. Azkenik, frontoiaren zeihartasunetan, erremate modura, Adan eta Evaren irudi handiak agertzen dira. Santutegia oinplano lerronahasikoa da eta bi solairu ditu, eta erremate modura tenplete bat. Erliebez apaindurik dago: idulkian Canaren Ezteiak, Ehorzketa Saindua eta Emaus irudikatzen dira; lehen gorputzean, Ikuzketa, Azken Afaria eta Baratzeko Otoitza; erakustokian, ogien Entrega, Isaacen Sakrifizioa eta Melquisedec proposamenaren ogiekin. Tenpletean Eccehomoa ageri da Moises eta Daviden artean, eta ebanjelarien lau iruditxo exentu.

Erretaula guztiaren polikromia zinez zaindu eta bikaina Iruñeko Rafael de Logroño eta Juan Jose de la Calle pintoreei agindu zitzaien. Pintore horiek 1741. urtean auzia ireki zuten parrokiaren patroien aurka ordainketarik jaso ez zutelako; 1743. urtean Iruñeko Jose Rey eta Mirandako Jose de Erdocia maisuek erretaula urreztatu eta estofatzeko lanaren erdiari zegokion tasazioa egin zuten. Badira egiazko miniatura-lan modura har daitezkeen xehetasunak pintatuta leku jakin batzuetan, esate baterako, Zigorraldiaren eszenako medailoiak, infernuetako borreroak irudikatzekoak, edo Kristoren tunika bost medailoiekin, pasioaren eszenak dituena Gurutzea Bizkarrean ageri duen erliebean.

XVIII. mendean kapera eraberritzeko lanetan zurezko panel batzuk gaineratu ziren alboetan, hiru pilastra-solairutan artikulatuak eta haietara ebanjelarien tailuak binaka atxikita. Lana 1782koa da dokumentuen arabera, eta hurrengo urtean burutu zen.

Babesaren Kristo Santuaren Tailua, estilo gotikokoa, XV. mendekoa (bigarren erdikoa). Neurri handiko (235 x 190) gurutziltzatze oso estilizatua, baina espresio handikoa, batez ere, belarri oso azpimarratuak dituen aurpegi txiki eta geometrikoan. Anatomia oso eskematikoa erakusten du, estilizaziorako joera duena, beso eta hanka oso luze eta meharrekin. Hankak elkarren artean gurutzatzen dira eta horietan zainak oso nabarmenduta ageri dira. Oinak iltze bakarrarekin iltzatuta daude. Erorkera bikoitzeko oihalak leuntasunez estaltzen ditu belaunak, haragia ikus daitekeelarik. Buruaren eta adasdun ile-xerlo solte eta izurtuaren gainean, XV. mendeko modari jarraiki, koroa txirikordatu bat kokaturik. Kristo hilik dago. Gurutziltzaketa hori Kristo Santuaren erretaulan dago, gurutzaduran kokatuta, Epistolaren aldean. Erretaula hori baldakin erakoa da, 1713an kontratatua Arriaga Aitaren eta Vera Cruzeko kofradiako patroien artean. Arriaga Aita, Uncastilloko eskultorea, Andre Mariako basilikaren erretaula nagusiaren eraikuntzan ere ageri da.

Parrokian, era berean, bitxigintzako pieza zilarrezko bikainak daude. Esate baterako, bi kaliza, bata egitura purista laua duena, XVII. mendeko lehen erdialdekoa, eta bestea zilar urreztatukoa, estilo neoklasikokoa, 1860koa. Traza puristako bi krisma-ontzi, XVII. mendekoak, kutxatila angeluzuzeneko egiturarekin. Kopoi bat, hori ere zilar urreztatukoa, barrokoa, XVIII. mendekoa, bozeldutako landaretza-motibo anitzekin dekoratuta oinean eta kopan, teknikoki latz samarrak. Hanka funtzioa egiten duten kerubinez gain, kirtenean uhandreen zenbait irudi daude. Bere egitura originalean, apaindutako irudietan eta irudien begitarteetan erreparatuta, itxuraz piezaren jatorria amerikarra izan daiteke. Lignum Crucis neoklasiko bat, 1828koa.

Pieza paregabea, nahiz eta arkitekturetan usu eraberritua izan den eta urrekara nahiko modernoa erakusten duen, eskuen kustodia bat da, zilar urreztatukoa, 1530 ingurukoa, eta Logroñoko Bernardino del Campori, Lerineko Kondearen zilargileari, egozten zaiona. Hiru marka irakur daitezke, bat Burgoskoa eta beste bi oraindik identifikatzeke. Hala bere egitura nola bere dekorazioa kontuan hartuz, estilo gotikokoa dela esan daiteke.