Arkitektura

Santiagoren eliza. Gares

Garesko kale Nagusian dago, Donejakue Bidean beraz. Jatorri erromanikoa du, nahiz eta garai horretatik perimetro-hormak eta ateak besterik gelditzen ez den. XVI. mendean transeptua eta burualdea gehitu zitzaizkion fabrikari, eta haien gainean gaur egun doazen ganga gotikoak. Nabe bakarreko oinplanoa du, zabala eta bi ataletan banatua, gehi ongi markatua doan transeptua eta burualde poligonala. Tenpluaren sarrerak oinaldeko murruan eta Epistolaren aldekoan kokaturik daude, azken hau bigarren atalean, eta sakristia burualdeari itsatsita dago, Ebanjelioaren aldeko murruan. Nabearen atalak pilare luze batzuen bitartez bereizten dira, sortzen diren espazio horietan sakonera gutxiko kapera batzuk eraiki zituztelarik. Burualdea eta transeptuaren hegoaldeko besoaren artean dorrea altxatu zuten, modu honetan beheko solairua jatorriz sakristia bezala erabili ahal izan zelarik.

Murruak harlandu onez osaturik daude, kolore grisekoa Erromanikoari dagokion zatietan, eta krema kolorekoa XVI. mendeko handitze lan gotikoei dagozkien zatietan. Garai erromanikotik bi leiho besterik ez dira gelditu, biak oinaldeko horman eta gaur egun estalita, itsututa. Epistolaren aldean eta lehen atalean XVI. mendeko erdi puntuko leiho bat dago, nahiz eta beste biren arrastoak ere sumatzen diren. Beste bi leiho handiak, baxuago kokatuta, eraldaketa barrokoaren garaikoak dira, Ebanjelioaren aldeko murruan irekitzen den beste bat bezalaxe. Nabearen oinetan koru jasoa dago, zutabeen gainean doazen hiru arku beheratuekin irekita. Korua nabearen bi hormetan dauden kontrahormen artean luzatzen da bi besoekin, "U" baten itxura hartuz. Korura igotzeko eskaileren hasierako ostikoan harrizko lehoi bat dago, eta bertan inskripzio hau: OBOS/ OMES CUI MANDUCATIS/ PANEM DOLORIS/ RESPICITE FINEM/ BRUM. ("Oinazearen ogia jaten duzuen guztiok, begira ezazue zuen amaiera").

Nabea tradizio gotikoko gurutze gangekin estalita dago, izaera konopialeko diseinu izarratuekin. Nerbioak landare-apaindura daramaten mentsuletan amaitzen dira, baita atalen artean dauden kontrahorma luzeetan ere. Dorrearen azpian dagoen gelak XVI. mendeko tertzeletezko ganga jaso zuen, eta gaurko sakristiak ilargixketako ganga barrokoa.

Kanpoaldean, dorreak hiru gorputzetan banatuta dagoen fuste prismatikoa du. Lehengo biak XVI. mendekoak dira, eta leiho txiki zuzenak dituzte soilik. Hauen gainean balaustrada bat dago, eta geroago kanpandegi handi bat, XVIII. mendekoa eta Santos Ángel de Ochandátegui maisuak egina. Azken gorputz honek oinplano oktogonala du, eta alde bakoitzak erdi puntuko arku bat darama. Frontoi triangeluarrak eta kurbatuak txandatzen dira, eta guztien gainean idi-begi bat doa irekita alde bakoitzean. Pilastra toskanarren bidez antolatua dago, eta gailurrean kupula zirkularra nerbioduna dago, gehi bola eskorialdar batekin amaitzen den linterna bat.

Nabearen oinetan XII. mendeko ate erromanikoa dago, erdi puntukoa eta hiru arkiboltekin eta euri-babes batekin bideratzen den zeihartasunarekin. Bolekin apainduta dauden kapitelak daramatzaten zutabeen gainean daude, eta tinpanoan krismoi trinitario bat ikus daiteke. Epistolaren aldeko murruan, bestalde, XIII. mendeko beste ate bat dago. Erdi puntukoa da, bost arkiboltekin, eta apaindura figuratiboa du. Azpian zutabeak daude, fuste leunekin, kapitel historiatuekin eta zimazio jarraituekin. Zutabeen artean giza burutxoekin apainduta doazen baketonak daude. Arkuaren haria gingilduna da, Ziraukiko elizan eta Lizarrako San Pedro de la Rúan ikusi dugun moduan, eta Kristo eta bi aingeru agertzen dira, taila lineal sinple batez zizelkatuak. Arkiboltetan deabruak, animali hegadunak, arrainak edota gizakiak borrokan agertzen dira. Giltzarrietan ikus daiteke Bildots Mistikoa, Aita Betikoa eta ilargitxo baten gainean doan burutxo bat, aingeru batekin. Kapiteletako apaindura oso galdua dago, eta zimazioek landare-apaindura daramate, atearen bi alboetan erliebeak ikus daitezkeen bitartean, bata lehoi bat hiltzen ari den gizaki batekin eta bestea bi gizakiak burrukan irudikatuz.

Barnealdean, presbiterioan erretaula barrokoa dago, Santiagori dedikatua eta José de Huicik eta Gabriel de Berásteguik XVII. mendean egina, hurrengo mendean eraldatua izan zen arren. Traza hirukoitza du, absidearen oinplanoari egokitzeko, eta banku, hiru kaleko atala eta atikoa du, azken honen gainean Garesko armarria, Santiagoren gurutzea eta Donejakue Bideko maskorra daudelarik. Bankuan erliebe batzuk daude, Amabirginaren Agerraldia Santiagori eta Santiagoren Lepomoztea irudikatuz. Erlikia-ontzi batetan San Plazido eta San Pardoren erlikiak daude, baita Lignum Crucis delakoaren zati bat. Gorputz nagusian mukulu biribileko San Sebastianen eta San Rokeren eskulturak daude, barrokoak biak, eta Santiagoren irudi titularra, barrokoa ere baina kalitate hobeagokoa. Atikoan XVI. mendeko Gurutziltzatu errenazentista dago, baita Mariaren eta San Juanen irudi barrokoak ere.

Epistolaren aldeko murruan bigarren mailako bestelako erretaula batzuk daude, hala nola San Antonio Abadearena, rokoko estilokoa eta XVIII. mendekoa, Amabirjina Sortzez Garbiarena, XVII. mendekoa eta barrokoa, eta Soterrañako Amabirjinarena, XVIII. mendekoa eta rokoko estilokoa ere. Gertu, San Bartolomeren mukulu biribileko eskultura ikus daiteke, gotikoa eta XIV. mendekoa.

Ebanjelioaren aldeko murruan, bestalde, Santiago "Beltza" irudi famatua dago, bere kolore ilunagatik honela deiturikoa, XIV. mendeko eskultura gotiko bikaina eta desagertutako Erdi Aroko tenpluko irudi titularra. Lehenengo kaperan San Antonioren erretaula dago, XVIII. mendekoa eta rokoko estilokoa, eta Karmengo Andre Mariaren erretaula, garai eta estilo berekoa.

Transeptuaren iparraldeko besoan Andre Maria Arrosariokoaren erretaula dago, rokoko estilokoa ere, nahiz eta Amabirjina eta Haurraren irudi titularra gotikoa den, XIV. mendekoa hain zuzen ere. Koru jasoan aulkiteria barroko bat dago, XVII. mendekoa eta José de Lesacak egina, eta organo neogotiko bat. Sakristian, azkenik, urregintza lan ugari daude, baita Baratzetako Andre Mariaren irudi erromanikoa ere, Garesko bertako Gurutziltzatuaren elizatik ekarrita, bertako irudi titularra izan zen eta. Erremedioen Andre Mariaren irudia ere bertan aurki daiteke, gotikoa eta XV. mende hasierakoa, baita munta gutxiagoko bestelako irudi batzuk ere.