Arkitektura

Santa Maria eliza. Biana

Bianako Santa Maria eliza XIII. mende bukaeran eta XIV. mende hasieran eraiki zen batez ere, XVI, XVII eta XVIII. mendeetan eraldaketa sakonak egin ziren arren, gaurko fabrika osatu arte.

Oinplanoan zabalera ezberdineko hiru nabe ditu, lau ataletan banaturik eta alboko kaperekin bi aldeetatik. Burualdea poligonala da, eta kontrahorma sendoekin egituratua dago, alboko bi atal zuzenak gehitzen zaizkiolarik. Hauxe da hasiera batetan elizak zuen jatorrizko diseinua, harroina poligonalak eta sekzio erronboidea duten pilare kruziformeekin. Euskarri hauek planteamendu ezberdinak dituzte, eta kapitelek ere apaindura anitza daramate. Estalki-sistema gurutze gangen bitartez bideratzen da, trazeria xume eta nerbiodunekin, kapera nagusian izan ezik, hemen ganga galloiduna erabili zen eta. Koru jasoa ere estilo gotikoan burutu zen. Honen eta alboko nabeen gainean triforio zabala dago, arku gingildunekin irekita, eta hauen gainean bao ezberdinak irekita doaz, haien artean traza korapilatsua duten errosetoi gingildun batzuk. Honek ematen dio elizari estilo gotikoan ohikoa den argiztapen handia.

XVI. mendean lan ezberdinak garatu ziren, hala nola dorrea eta ate monumentala, azken hau Epistolaren aldeko murruan irekita eta Juan de Ochoa maisuak egina. Artista honek ere gauzatu zuen korura igotzeko eskailera monumentala, angelu zuzenean antolatzen diren atalekin. Beranduago, 1693 eta 1717. urteen artean, Santiago Raón maisuak girola altxatuko du, bere atalekin eta estilo gotikoko kaperekin. Lana sentsibilitate barrokoarekin burutuko du, baina lehendik tenpluak zuen espazioaren kontzepziora ongi egokituz. Plan honetan salbuespena girolaren ardatzean dagoen kapera da, azken hau XVI. mendean eraiki zutelako, garai barrokoan eraldaketa sakonak ere jasan zituen arren. Oinplano zentrala du, gurutze grekoko disposizioarekin eta danborra eta linterna duen petxinen gaineko laranja-erdiko kupula batekin.

XVIII. mendean hainbat barrundegi eraiki zituzten elizaren iparraldeko aldean, hala nola sakristia, gela handia eta hiru ataletan banatua, zeinetatik erdikoa petxinen gaineko laranja-erdiko kupula batekin estalita dagoen. Sakristiaren ondoan konketaren gela eta kapitulu-gela daude. Honen ondoan, eta lehenago hilerria egon zen tokian, XVIII. mende honetan eraiki zen San Juan del Ramo izeneko Erdi Aroko irudiaren kapera, Francisco de Oteiza maisuaren diseinua jarraituz, nahiz eta artista egileak, Miguel López Porrasek, jatorrizko plana eraldatu zuen, kupulari pilastrekin eta idi-begiekin egituratua dagoen linterna bat gehituz, azken hau bigarren kupulatxo batekin errematatuz.

Espazio honi bere izaera ematen diona, hala ere, hormak estaltzen dituzten pinturak eta igeltsuzko apaindurak dira. Luis Paret y Alcázar (1747-1799) maisuak burutu zituen, eta gai nagusia San Joan Bataiatzailearen bizitza eta gertakariak dira. Gaur egun tenplezko pintura hauek Madrilgo artista honen lanik garrantzitsuena dela kontsideratu egiten da. Berak ere diseinatu zuen, 1786 eta 1787 urteen artean, kaperan dagoen dekorazioaren programa ikonografikoa, bertan honako gai hauek ikus daitezkeelarik: "Aingeruaren Deikundea Zakariasi" eta "Deikundea" sarreran, kupulan "San Joan Bataiatzailea Haurra Basamortuan", "San Joan Bataiatzailearen Predikua", "Atxiloketa" eta "Hona hemen Jainkoaren Bildotsa". Petxinetan, Kastitatearen, Konstantetasunaren, Santutasunaren eta Jakintasunaren tamaina naturaleko irudi alegorikoak margotu zituen. Geroago, 1795 eta 1798 urteen artean, elizarako osagai ugari diseinatu zituen, hala nola tabernakulu bat, altare-mahaiak, Aste Santurako hiru monumentu eta urregintza-lan batzuk.

Kanpoaldean fabrikak izan zituen eraikuntz-epealdi ezberdinak bereiz daitezke, garai gotikoan zegoen defentsarako funtzioaren izaera trinkoa nabarmandu daitekeelarik. Garai honi dagokio, baita ere, elizaren oinetan dagoen XIV.mendeko ate bakuna. Zeihartasuna hiru arkibolta zorrotzekin bideratzen da, sarrera bera arku beheratu batekin irekitzen den arren. Tinpanoan Amabirjina eta Haurra agertzen dira, gurtzen ari diren bi aingeruen artean. Tenpluaren ate nagusia Epistolaren aldeko murruan irekita dago, XVI. mendearen bigarren hereneko erretaula-portada, errenazentista eta Juan de Goyaz maisuak diseinatua, Juan de Ochoa Arranotegik bukatu zuen arren, lehengoa hil eta gero. Fronte kaxeatuak dituen harrizko zokalo baten gainean doa, eta egitura osoaren erdian nitxo handi bat doa, alboko kaleekin. Beheko gorputza orden erraldoiko zutabe korintoarrekin egituratua dago, nitxoa hiru eremu ezberdinetan bereiziz, zeinetatik erdikoan atea dagoen, oso dekoratua eta intradosean apaindura ugari daraman erdi puntuko arku batekin. Bigarren gorputzaren erdiko kalea erdi puntuko arku batekin errematatu egiten da, kaxeatutako pilastren gainean, eta eremu hau laranja-laurdeneko ganga batekin estalita dago, tamaina beherakorra duten kasetoiez apaindua. Portada osoa gai ezberdinak dituzten erliebez apaindua dago, bertan gai figuratibo erlijiosoak eta profanoak ikus daitezkeelarik, baita gruteskoak eta "a candelieri" estiloko motiboak ere, azken hauek pilastretan eta frisoetan batez ere.

Portada honetaz aparte, XVI. mendean ere eraiki zuten balaustrada errenazentista bat alboko kaperen gainean, eta dorre handia elizaren oinetan. Azken honek fuste luzea du, gehi kanpai-gorputz latz bat, prismatikoa, angeluetan binaka doazen pilastra ildaskatuekin egituratuta eta fronte bakoitzean leiho batekin.

Barnealdean, Ebangelioaren aldeko murruan, XVI. mende erdialdeko bataiatzeko ponte handi bat dago, eta Kristoren Bataioa irudikatzen duen mihise manierista bat. San Juan del Ramo izeneko kaperan hiru erretaula neoklasiko daude. Horietako bi, albokoak, traza bakuna dute, gorputz bakar batekin eta marmolaren itxura imitatzen duen dekorazio xumearekin. Erdikoak, kaperako erretaula nagusia, traza konplexuagoa du, eta bere irudi titularra, ezaugarri franko-flandriar gotikoekin, Tournay hiriko Jehanin de Lome maisu bikainaren lana da. Elizaren alde honetan dagoen beste kaperan Plateresko eta Manierismo estiloen arteko trantsizioko beste erretaula bat dago, Errenazimenduko momentu ezberdineko erliebeekin eta bustoekin apaindua. Santa Katalinaren erretaula manierista Juan Bazcardo eta Diego Jiménez II.a maisuek egin zuten, girolan dagoen Santiagoren erretaula bezalaxe. Gertu, aurre-ate barrokoa bat dago, eta bere ondoan XV. mendeko harrizko aingeru bat. Erretaula rokoko batek osatzen du alde honetan ikus daitezkeen obren zerrenda.

Elizaren erretaula nagusia barrokoaren hasierako lana da, Pedro Margotedo maisuak egina. Lan ikusgarria da, batez ere apaindura aberatsarengatik eta duen polikromia zainduari esker. Nabarmena da, baita ere, erliebeek eta mukulu biribileko eskulturek duten kalitatea. Irudikatutako gaiak, Maria hamabi apostoluez inguratua, San Esteban eta San Lorenzo, Jasokundea eta Deikundearen eta Ikustaldiaren erliebeak dira. Autorea Bernardo de Elcaraeta da, Gregorio Fernándezen ikaslea, eta maisuak bezalaxe jarrera teatral eta adierazkorrak dituzten irudiak burutzen ditu, tolestura zurrunak dituzten jantzi zabalekin. Sagrarioa eta altarea neoklasikoak dira, eta erretaularen bankuan estilo eta garai ezberdineko erlikia-ontziak daude.

Girolaren ardatzeko kaperan, tenplete baten erdian, Magdalena Penitentziadunaren irudia dago, Roque Solanok egina Pedro de Menaren eredu ikonografikoa jarraituz. Gertu, Deikundearen mihisea dago, gorteko estilo barrokoan egina. Hurrengo kaperan erretaula barroko bat dago, eta bertan Arrosarioko Andre Mariaren irudia, eserita eta Haurrarekin, XVI. mendearen azken herenekoa eta San Pedroren parrokiatik ekarrita. Girolan eta erretaula nagusiaren bi alboetan oinazpikoen gaineko bi irudi barroko daude. Kalitate onekoak dira eta XVIII. mendearen bigarren erdialdeko estilo akademizistan koka daitezke.

Epistolaren aldeko murruan garai ezberdineko erretaula barrokoak aurki daitezke, horietako batzuetan rokoko estiloko apaindura dagoelarik. Koruan rokoko estiloko aulkiteria dago, baita San Pedroren bizitzari buruzko XVIII. mendeko bi mihise handiak. Sakristiari dagokionez, barroko eta rokoko estiloetako osagaiak tartekatzen dira. Barrokoak dira ateak eta landare-apaindura daramaten ebanozko markoak dituzten ispiluak, baita apaindura fina duten altzairuak ere, sei tiradera-armairu eta lau armairu. Gelan dagoen Kristoren erretaularen traza 1752. urtean José López Frías maisuak burutu zuen, eta XVII. mendeko lehen erdialdeko kalitate oneko Gurutziltzatu batekin doa. Sakristia apaindua dago hormetako altueraren erdiraino iristen den dekorazio batekin, Silvestre Soriak egina, rokoko estiloan, koadroak irudikatuz eta rokoko estiloko apaindura duten markoak sortuz. Eremu honetan ere boliazko gurutziltzatuen bilduma interesgarri bat gordetzen da, barrokoak guztiak baina jatorri eta kronologia ezberdinekoak.

Urregintzari dagokionez ere, aniztasun tipologiko eta kronologiko handiko bilduma dago parrokian. Nabarmendu dezakegu Santa Katalinaren bustoa irudikatzen duen erlikia-ontzi bat, 1600. urtekoa, estilo errenazentistako kaliz bat, Hego Amerikatik ekarritako beste kaliz batzuk edota 1798. urtean Luis de Paret y Alcázar maisu famatuak egin zuen zilarrezko prozesio-gurutze bat. Eredu manieristen eragina duen portapaz txiki batek gorputz bakarreko errataula bat sortzen du, galloiak daramatzan oinazpiko baten gainean. Oso egitura arraroa eta berritzailea da, azken hau, eskualde honetan. Ornamentuen bilduma interesgarri bat ere ikus daiteke, gehienak XVI. mendekoak, errenazimendu puruko estilokoak eta manieristak. Beste gela batetan harrizko konketa bat aurki daiteke eta hiru mihise manieristak. Kapitulu-gelan XVI. mendearen lehen erdialdeko gurutziltzatu bat dago, baita XVIII. mendeko mihise barroko batzuk eta polikromia aberatsa daramaten Errenazimenduko erliebe batzuk ere. Goiko barrundegietan oso kronologia ezberdineko eskulturak gordetzen dira, eta elizaren zoladuran egon diren harrizko hilarri guztietatik César Borgiaren desagertutako hilobiarena aipa dezakegu, arkosolioaren egiturarekin eta estilo gotiko berantiarrean egina.