Arkitektura

San Zoiloko baseliza. Kaseda

San Zoiloren baseliza Kasedatik hiru kilometrotara dago, Zarrakaztelura doan errepidean, eta Erdi Aroko eraikin gotiko aipagarria da. 2001. Nafarroako Gobernuak urtean Kultur Intereseko Ondasuntzat (BIC-KIO) aitortu zuen. Bere jatorria Arnalt de Barbazan Iruñeko gotzaina eta Iruñeko katedraleko klaustroaren bultzatzailearekin lotuta dago, baita Pedro de Olloqui hospitaltzainarekin ere, azken hau Kasedako eta Ziraukiko elizen sustatzailea, besteak beste, izan zelarik.

Oinplanoa nabe bakarrekoa da, lau ataletan banatua eta estuagoa den burualde pentagonalarekin. Hau oso eraketa arrunta da Nafarroako XIII eta XIV. mendeetan, Oliteko Santa Maria, Artaxoako San Saturnino elizan edota San Martin Unxeko Popoloko Andre Maria baselizan ikus daitekeen moduan.

Osagai sostengatzaileak bi motatakoak dira, sekzio erdizirkularreko zutabe adosatuak eta baketonak daramatzaten pilastrak. Euskarri hauek horman sartuta dauden mentsula batzuetara iristen dira, non gai figuratiboak zizelkaturik dauden, hala nola Daniel lehoien pezoian, animali bat erdian duten eta eskuetan makila daramaten bi gizaki, salterio bat daraman aingeru bat, bataioaren erreferentzia izan daitezkeen buru batzuk ponte batetan, gizon bat bihuela izeneko Erdi Aroko musika-tresna jotzen, beste aingeru bat aginte-makila batekin eta eskuak altuan jasoak daramatzan gizaki bat. Kapiteletan, berriz, landare-apaindura agertzen da batzuetan, eta beste batzuetan gai figuratiboak ere ikus daitezke, hala nola gizon bat zezen bati makila batekin jotzen, edo giza burua duten munstroak.

Nabea gurutze gangarekin estalita doa, eta atal ezberdinak arku fajoi zorrotzekin bereizten dira. Burualdea sei ataleko gurutze gangarekin doa estalita, eta bultzadak murruan sartuta dauden mentsula batzuetarantz bideratzen dira. Elizaren oinaldean, bestalde, zurezko koru jasoa dago. Lau angeluko sekzioa duten pilareek eusten diote kasu honetan pisuari, eta kapiteletan, friso jarrai batetan baleude bezala, gai ezberdinak segidan ikus daitezke, hala nola katuki bat, aurpegi bat zizelkatua daraman medailoi bat, bi txoritxo gainean daramatzan orein bat, gaztelu bat etab. Nabearen behar bezalako argiztapena bermatu ahal izateko leiho gotiko batzuk irekita daude hormetan, itxura ezberdineko arku zorrotz gingildunekin osatuak. Oinaldean, gainera idi-begi bat dago, gingil gotikoekin apaindua ere.

Kanpoaldean murrua osatzen duten harlandu onak ikus daitezke, baita barruko atalak markatzen dituzten kontrahormak. Fabrikaren bigarren atalean tenpluaren sarrera nagusia dago, hormatik aterata dagoen gorputz batetan irekita. Arku zorrotz abozinatua darama, zortzi arkiboltekin, eta gainean teilatu baten itxura hartzen duen moldura triangeluarra darama. Triangelu honen erpinetik gertu Nafarroa-Evreux erret etxearen armarria ikus daiteke. Arkuaren giltzarrietan, bestalde, gai ezberdinak zizelkaturik daude, hala nola Arnalt de Barbazan gotzainaren armarria, Agnus Dei bat, ezpata daraman zaldun bat eta aurpegi bat daraman medailoi bat. Kanpoko arkiboltetan, bestalde, Pedro de Olloqui lehen aipaturiko Iruñeko hospitaltzainaren armarriak daude. Tinpanoan Jainkoaren eta San Zoiloren irudiak ikus daitezke, beste pertsonai batzuen irudien artean.

Tenpluaren burualdea nabea bera baino estuagoa eta baxuagoa da kanpotik. Oinplano pentagonala du, lehen aipatu dugun moduan, eta angelu bakoitza teilaturaino iristen ez den kontrahorma sendo batekin indartuta dago. Elizaren lehen atala, bestalde, errekatxo baten gainean kokatua dago, arazoa ekiditeko erdi puntuko sekzioa duen kanoi ganga bat ura pasatzen uzteko eraiki zutelarik. Elizaren teilatua harlauzez osatua dago, eta profil uhindu berezia eman zitzaion, barruko atal bakoitzarekin bat eginez.

Barnealdean erretaula nagusia dago, XVIII. mendearen lehen herenekoa, barrokoa eta gaizki kontserbatua. Egituran bankua, gorputz bakarra eta atikoa du, azken honetan desagerturiko kalbario baten arrastoak soilik ikus daitezkeelarik. Beste bi erretaula sekundarioak ere ikus daitezke ondoan, oso kontserbazio-egoera txarrean ere. Murruetan, bestalde, erretaula nagusiaren garai berekoak izan daitezkeen XVIII. mendeko horma-pinturak daude. Oso galduta dauden arren, badirudi San Zoilo santu titularraren bizitzari buruzko eszenak irudikatu zituztela.

Baselizaren ondo-ondoan oso kontserbazio maila eskasa duen harrizko eraikin zahar bat ikus daiteke. Sarreraren ondoan eskailera batzuk ditu, eta altueran bi solairutan banatua dago. Leiho zuzenak ditu, eta barruko eraketatik zutabe batzuk besterik ez dira geratu. Oiza familiakoen etxeetatik geratu den arrasto bakarra omen da.