Arkitektura

Oltzako jauregia

Hirigunearen erdian, eta kokapen nabarmenean, Oltzako garai bateko jauregia dago. Nafarroako Erresumako Armeria Liburuan agertzen ez den arren, leinu garrantzitsuaren egoitza izan zen hasieratik, eta maiz agertzen den nafar jauregi ezagunenaren tipologiaren ezaugarriak jarraitzen ditu mimetikoki. Oinplano errektangeluarra du, haranera begira kokatua dagoen egoitza-atal baxu batekin, eta oinplano errektangeluarreko bi dorreekin muturretan. Gainontzeko aldeak harrizko hesi sinpleekin itxita doaz. Egoitza-atala harlankaitzaz eta harlanduxkaz egina doa, eta beheko solairuan sarrera dotore bat du, hamahiru dobelez osatutako arku zorrotz batekin. Haria kanabera erdiko moldura batekin doa, eta giltzarrian armarri zirkularra du, nahiko galdua, eta honen gainean beste bat, non "ESPOZ" hitza idatzita dagoela dirudien. Bigarren solairuan beste armarri bat dago, errenazentista kasu honetan, hiru banda herenkatuekin eta arrano batekin. Bigarren solairuan bertan bost leiho zuzen zabalak daude, jatorriz erdiko mainelarekin ziur aski, XV. mendeko Europako kastellologian maiz ikusi dugun leiho baten tipologia jarraituz. Hauetako lau orijinalak dira, eta horma-barruko jarralkiak dituzte. Goialdean mentsula bozelatuek sostengatutako erlaitza molduratua dago.

Angeluetako dorreek oinplano errektangeluarra dute, eta erdiko eraikina baino solairu bat gehiago. Garai bateko adarbetik gertu mentsula bozelatuen gaineko erlaitzak daude, eta gaur egun bi isurialdeko teilatuekin estalita daude. Eskuineko dorrearen bigarren solairuan gela garrantzitsua egon zen, barruko murruetan txertatutako hiru armarri berdinak daudelako, simetrikoki kokatuta eta aurrealdean ikusitako armarriaren arma berdinekin. Apaindura mota hau erabat ezohizkoa da jauregi mota honetan.

Erdiko barlak inguruko lurrari egokitutako forma du, irregular xamarra, eta garai bateko sarrera batzuk ikusten dira, baita pilareen gaineko arku beheratuez osatutako arkuteria bat ere. Jauregiaren aurrean dagoen kalearen atalean Iruñeko alde zaharretik eramandako XVIII. mendeko galtzadarri ederrak ikus daitezke, berrerabiliak.

  • ASIRON, J. El palacio señorial gótico en la Navarra rural. Palacios de cabo de armería, torres de linaje, casas fuertes. Argitaratu gabeko dorktoretza-tesia.
  • CARO BAROJA, J. La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 428-429 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.). Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 445-449 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando. Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 188 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 218 orr.