Saiakera

Modernitatearen alde (1990). Jon Sudupe

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Modernitatearen alde lanak 1990eko Irun Hiria Literatur Saria jaso zuen saiakera arloan, eta Gipuzkoa-Donostia Kutxak -Irun Hiria lehiaketaren antolatzaile denak- Euskarazko Saiakera sailean eman zuen argitara urte berean.

Lan honetan Sudupek modernitateaz eta postmodernitateaz dihardu luze, zabal eta sakon: terminoen jatorriaz eta erabileraz, eta termino horiek adierazten dituzten kontzeptuez.

Izenburuan ematen digu egileak liburu honetan ateratzen duen ondorioa; badakigu, hortaz, mamian murgildu aurretik ere zeren alde mintzatuko zaigun, zein den egilearen jarrera. Gainera, nabarmentzekoa da modernitate terminoa letra larriz idatzi duela askotan, beti ez bada ere. Aldiz, posmodernitate terminoa1 letra xehez idatzi du egileak. Xehetasun hori bat dator bai liburuaren mamiarekin bai ondorioarekin.

Hitzaurrean, egileak diosku postmodernitatea zer den definitu ahal izateko, ezinbestekoa dela modernitatea, hots, modernitaterik gabe ezinezkoa dela postmodernitatea: "Badirudi posmodernitate kontzeptuak modernitatearen oposizioz soilik daukala zentzurik" (10. or.). Horixe dugu saiakera-lan honen abiaburuetako bat; bestea, berriz, manikeismoa -eta, orobat, sinplifikazioa- alde batera utzi eta modernitateari nahiz postmodernitateari "ikuspegi pluridimentsional eta dialektikotik" (10. or.) begiratzea. Gainera, Sudupek hasiera-hasieratik garbi utzi nahi dio irakurleari ez dagoela modernitate bakar bat, ezta postmodernitate bakar bat ere. Egileak abiaburu horiek hartu ditu aintzat, saiakera honen hipotesia baita litekeena dela postmodernitatea modernitatearen "aurpegietako bat baino ez izatea" (10. or.); izan ere, Sudupek baieztatu duenez "zentzugabekeria litzateke Modernitatea bezalako egitasmo bat, izatez irekia eta agortezina dena, itxitzat eta bukatutzat ematea" (10. or.). Esan dugun moduan, modernitatearen aldeko jarrera agertzen du egileak, eta ondorioz, postmodernitatea bigarren mailan dakusa; izan ere, egilearen iritziz, postmodernitatea ez da "modernitatearen porrotaren ondorio logikoa besterik" (11. or.). Modernitate / postmodernitate bikotea aurkez aurke jarririk, lehenari "kategoria ideologikoa" aitortzen dio, baina, bigarrena jarrera soiltzat dauka, hain zuzen, "ideia egituratzaile nagusirik eta printzipio zuzentzaile bateraturik gabea" (11. or.) dena; edo "modernotasunaren luzapen gisa" (11. or.) dakusa, "burutzeke dagoen proiektua" (12. or.) baita modernitatea Suduperen iritziz.

Hitzaurrean laburbildurik azalduriko ideia horiek garatu ditu egileak saiakeraren bost atal nagusietan: "Modernoak", "Modernitatearen autokritika", "Posmodernoak", "Euskal Herria: Ilustrazioa eta Erromantizismoaren artean" eta "Ilustrazioaren aldeko apustu berri bat". Atal bakoitza hainbat azpiatalez osaturik dago. "Modernoak" atalak sei azpiatal ditu, eta "Modernitatearen esperientzia" du mintzagai lehenik, eta ondoren hainbat egile aztertzen ditu: Rousseau, Goethe, Marx, Baudelaire, Nietzsche, Weber eta Foucault.

Modernitatearen esperientziaz mintzatzerakoan, liburuaren ardatz diren ideiak finkatzen ditu egileak. Bi alderdi kontrajarri bereizten ditu Berman pentsalariari jarraikiz: modernizazioa eta modernismoa, eta bien arteko aldeak nabarmendu ditu. Lehena "ekonomiazko hazkunde eta garapen prozesu atzeraezinak sortuz, gizartezko aldakuntza amaigabeak [...] eragiten dituena" (15. or.) dela dio; eta bigarrena, berriz, "etika zein estetikazko izakeradun indar intelektuala, Modernizazioaren menpean bizi diren pertsonengan beroni aurre egiteko nahimen morala pizten duena" (15. or.) dela. Alde horretatik, gizakiak "Modernizazioaren objetu" eta "Modernismoaren Subjektuak" (15. or.) dira Suduperen iritziz. Bestalde, Bermanek zehaztutako modernitatearen hiru aroak hartzen ditu aintzat Sudupek: lehena, XVI. mendearen hasieratik XVIII. mendearen amaierara artekoa; bigarrena, 1790eko hamarkadatik XIX. mendearen amaiera artekoa; eta hirugarrena, XX. mendea (17.-18. or.). Bigarren aro horretan kokatzen du, hain zuzen, modernizazioaren eta modernismoaren arteko dialektikaren sorrera: "XIX. mendeko gizatalde modernoak gogoan du [...] modernoak ez diren mundutan [...] bizitzea zer den. Barne dikotomia honetatik [...] jaio eta hedatzen dira modernizazio eta modernismo ideiak" (18. or.).

XX. mendeko 80ko hamarkadan -liburua idatzi aurrekoan- pentsaera postmodernoa nagusitu zela dio Sudupek, baina Habermasen Ekintza Komunikatiboaren Teoriaren eskutik ikusten du (bigarren) ilustrazioari eusteko heldulekurik bikainena (19.-20. or.), eta liburuaren hirugarren eta bosgarren atalean -eta bereziki azken azpiatalean- azalpen zehatza eman du.

Modernitatearen autokritika egiterakoan, modernitatea auzitan ipini duten ahotsak ekarri ditu Sudupek, eta 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan eginiko ekarpenik garrantzitsuenak bildu ditu: Popper, Adorno, Horkheimer, Bell, Lyotard, Habermas, etab.

Posmodernoez mintzatzerakoan, Lipovetsky-rekin bat eginez, gizarte modernoa eta postmodernoa kontrajartzen ditu, bien arteko aldeak markatuz, eta modernismoarenak egin duela dioten egileen iritziak plazaratu ditu, hainbat bereizgarri markatuz: nartzisismoa edo "indibidualismo berria" (113. or.), "efimerotasuna" (113. or.) edo "orainaldi labainkor [...] finkotasunik gabekoa" (114. or.)...

"Euskal Herria: Ilustrazioa eta Erromantizismoaren artean" izeneko atalean, Azkoitiko Zalduntxoez edo arrazoiaren ametsaz mintzo da lehenik (123.-130. or.) -bereziki Peñaflorida kondeaz-; eta ondoren, Erromantizismoaren geldiezinezko gorakadaz, Caro Barojak eta Rikardo Arregik esandakoetatik abiatuz (130. or.), Benda, Finkielkraut, Joseph de Maistre, Juaristi eta Kortazarren esanak eta iritziak testuratu ditu, ikuspegi erromantikoaren garrantzia nabarmentzeko (130.-144. or.); eta azkenik, "Europa, Ilustrazioa eta gu" deritzan azpiatalean, euskaldunez gogoeta egiten du, testuinguru zabalagoan kokatuz hainbat gorabehera (144.-152. or.).

Azkenik, "Ilustrazioaren aldeko apustu berri bat" deritzan atalean, Habermasek esana aintzat hartuz abiatzen da: "Modernitatea: burutu gabeko proiektu bat". Horixe da, hain zuzen ere, Suduperentzat ere modernitatea, eta horrexegatik egiten du bat Habermasekin eta gorago aipatu dugun haren proposamenarekin, izan ere, izenburuan bertan laburbildu digu egileak liburuan barna azaldu eta argudiatu duen proposamena: modernitatea burutu gabeko proiektua denez, modernitatearen alde egitea, Ilustrazioaren aldeko apustu berri bat eginez.

Sudupek proposamen bera osatu eta plazaratu zuen 1994an argitara emaniko Ilustrazioaren kriseilupean (Argi berri bila Frankfurten)saiakera-liburuan ere:

"XVIII. mendeko idealak -Immanuel Kant eta Xabier Muniberen idealak, alegia- ehortzi ez baizik berriztatu egin behar dira, egitasmo modernoa, autokritikaren bidez, burutu eta zertu ahal izateko. Beharrezkoa da, hortaz, Ilustrazioaren beraren ilustrazio berri bat" (1994: 11)

Modernitatearen alde liburuaren harira, Iturbidek (1995) moderno/postmoderno dikotomiaren inguruan zenbait euskal poetaren olerkietan aurkitu dituen pasarteak aztertu eta plazaratu ditu, Joserra Garzia, Juan Mari Lekuona eta Mikel Lasarenetan, hain zuzen.