Literaturakoak

Ez balego beste mundurik (2000). Karlos Linazasoro

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Zer gerta ere (1994) nobela mozorropeko ipuin-bilduma kaleratu eta sei urtera, eta harekin irekitako bideri jarraituz, Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) Ez balego beste mundurik (Alberdania, 2000) argitaratu zuen: absurdua, umore beltza eta ironia nagusi diren ipuin-bilduma. Bereiz argitaratu baziren ere, egileak esana da dagokigun liburuak eta urtebete geroago argitaratutako Ipuin errotikoak antzerki-piezatxoen eta ipuin laburren bildumak, gai, obsesio eta tonu bertsuez idatziak, liburu bakar bat osatzen dutela.

Hamazazpi ipuin laburrez eta narrazio luze batez osatutako lana da Ez balego beste mundurik, eta paradoxaz eta kontrastez taxututako mundu-ikuskera erakusten du Linazasorok: mundu hits eta aldi berean umoretsua, errealista bezain eldarniozkoa, serioa bezain jostaria, autbiografikoa eta fantastikoa.

Absurdua da, hain zuzen ere, bilduma honi ez ezik Linazasororen narratiba lanari oro har batasuna ematen diona. "Bizitza bera da absurdua" esana du idazleak, eta ez da harritzekoa, beraz, haren lanetan birsortzen diren munduak absurduaren legeen arabera taxutuak izatea. Bilduma honetako narrazioetan, egoera ustez arruntak, egunerokoak, dira maiz abiapuntu, tonu errealista erabat sinesgarrian deskribatuak (liburu-aurkezpen bat, etxetik lanera abiatzen den gizon bat...); egoera horretan, baina bat-batean, aldez aurreko ohartarazpenik gabe egiten du agerraldia absurduak, eszenan agertzen den elementu arrotz baten bidez. J. Rojok adierazi bezala, "pertsonaiek, ordea, ez dute elementu horren arroztasunaren kontzientziarik" (Rojo, 2001). Hortik aurrera, hortaz, ipuinaren legeak mundu irrazional batekoak dira. Pertsonaiek ez dute jarrera arrazionalik eta logikorik hartuko, egoera bera baita absurdua, eta ezin baitiote azalpen logikorik aurkitu. Egoeraren zergatien bilaketa etsigarriari ekiten diote, hala ere, pertsonaiek, nolabaiteko azalpen bat, logika bat, bilatu nahirik. Absurduak araututako munduan, pertsonaien irrazionaltasuna, objetuen alienazioa, zentzurik eza, izango dira lege. Egoeraren zergatiak eta arrazoiak bilatu nahirik, maiz aski, erantzun bakarra lortuko dute pertsonaiek: konplota eta konspirazioa. Liburuko pertsonaiak konspirazio ezkutukoren baten biktima sentitzen dira, konplot batean, amarru gaizto batean harrapatuta.

Absurduaren literatura landu izan duten idazleak ditu iturri Linazasorok maisu eta erreferente ipuinotan, eta ez da falta haiei egindako keinurik narraizootan: Bagoi bat ordokian ipuinean, esaterako, Cioranen liburua lagun aurkezten digu pertsonaia nagusia eta narratzailea. Franz Kafkaren absurdua derrigor aipatu beharrekoa da erreferente gisa Linazasororen narratibaren poetika bat osatuko bada. Pragatarraren narratiba laburraren irakurle eta jarraitzaile da Linazasoro, eta nabarmena da haren narratiba-lanen (izan ipuin nahiz nobela) itzala tolosarrarenean. Hala, 4. moilan narrazioa, non gizon baten itxuraldatzea kontatzen den eta Kafkari keinu inplizitua egiten zaion, ezinbestez lotu behar da txekiarraren Metamorfosiarekin. Oinazeak orduak luze ditu narrazio luzean ere erabatekoa da giro kafkianoa, hertsia, absurdua, metamorfosirik ere baduena. Slawomir Mrozek edo Virgilio Piñera ere saihestu ezinezko erreferenteak dira idazle gipuzkoarraren narratiban.

Horiez gain, Julio Cortazar eta haren narratiba labur fantastikoa Ez balego beste mundurik liburuko iturri nagusietakoa da, ezbairik gabe. Cortazarren lanetan bezala, Ez balego beste mundurik horretan ere, errealitatearen eta fantasiaren arteko mugan jolas egiten du Linazasorok. Literaturak errealitatea isla dezakeelako ilusio positibista arbuiatzen du Linazasorok, eta fatasiari zabaltzen dizkio ateak, bien arteko muga ezabatzeraino. Errealitatea eta gizon-emakumeen ziurtasunak problematizatzea izan zen Cortazarren nahia, eta baita Linazasororena ere, pitzadurak sortzea ziurtzat jotzen den errealitate horren baitan. Horregatik, Linazasororen ipuinetan, Cortazarrenetan bezala, itxuraz erreala den egoera batean aurretiazko abisurik gabe elementu fantastikoak txertatzen dira, errealitatea dardararaziz eta fantasiaren eta errealitatearen arteko muga ezabatuz. Bestalde, literatura jolas bezala ulertzeko Cortazarren proposamena bere egiten du Linazasorok, eta literaturaren alderdi ludikoa azpimarratzen. Jolasa eta jokoa, beraz, maila eta modu anitzetan, presente daude tolosarraren narrazioetan. "Ajereza" narrazioak jolas bitxi baten berri ematen du, hitz-jokoak nonahi egiten ditu idazleak, eta jolas eta keinu intertestualak asko dira liburuan (Bernardo Atxaga, Lizardi, Cioran, Magris, Igerabide..)

Cortazarrez gainera, Borges du Linazasorok idazle gogokoenen artean, eta haren literaturaren eta, batik-bat, metafikzioarako joeraren arrastoa antzematen da Ez balego beste mundurik lanean; gainera, bada hari eginiko keinu ia espliziturik ere. Bernardo Atxagaren hitzetan, bere belaunaldiko idazleak kausalitatearen garrantziaz ohartarazi zituena Borges izan zen: "Borgesek aldarrikatzen zuen kausalitatea magie delakoarena zen. Bere definizioaren arabera, magia kausalitate desberdin bat besterik ez da." (Atxaga, 1998, 141) Linazasororen ipuinetan ere, magikoa da kausalitatea: Borgesen haritik, ez dio kausa-ondorio sekuentzia logikoei jarraitzen, fantasiari bidea emanez; hala, euli bat izan daiteke tren-istripu baten eragilea. Halaber, Borges ekarri behar dugu gogora Linazasorok subjektuaren desintegrazioaren inguruan eraikitako ipuinak irakurtzean, eta baita metafikzioarekiko tolosarraren etengabeko joera aztertzean ere. Metafikzioaren bidez, hots, narrazioaz eta fikzioaz gogoeta eginez nahiz zalantzak azaleratuz, Linazasorok sinesgarritasun itun bat egiten du irakurlearekin, konplizitate-keinu bat egiten dio, narrazioaren nondik norakoak irakurleari esplizituki azalduz. Elementu errealak eta fantastikoak konbinatzen dituen literatura horretan, idazleak metafikzioa baliatzen du sinesgarritasunari eta irakurlearen konplizitateari eutsi ahal izateko.

Absurdua lege den munduak eraikitzen ditu Linazasorok, eta, bertan, zentzurik ezarekin batera, heriotza eta oinazearen presentzia itogarria da idazlearen mundu-ikuskera beltzaren erakusgarri. Gizon-emakumeek heriotza nola hartzen duten, haren aurrean zein jarrera hartzen duten arakatzea da Linazasoren obsesioetako bat, eta horregatik ia ipuin guztietan egiten du agerraldia heriotzak (bere forma guztietan: suizidioa, hilketa, berezko heriotza...). Bizitzaren zentzurik ezak belztu, ilundu, egiten du ipuinotako mundua, pertsonaiak sufrimenduaren eta oinazearen ataka estuan jarriz, era guzietako gaitz eta gabezien eramale.

Absurduaren literaturak bezala, Linazasororenak ere erreferente ditu filosofia existentzialista eta haren mundu-ikuskera etsitua. Baina ez existentzialistak bakarrik; izan ere, bizitzaren zentzuari buruzko galderen erantzunen bila, zeharka nahiz esplizituago Wittgenstein, Schopenhauer edo Erich Frommi ere, besteren artean, keinuak egiten dizkie idazleak. Halaber, gogora dezagun Albert Camusen filosofia izan zela absurduaren literaturaren egileetako batzuen abiapuntua; haren hitzetan, gizakiaren arrazionaltasun-nahiak munduaren opakotasunarekin talka egitean sortzen da absurduaren sentimendua; horixe dago, funtsean, Linazasororen narrazio hauen sorburuan ere.

Munduaren ikuspegi tragikoak eta beltzak, baina, badu arinbide edo arnasbide bat Linazasororen narratiban: ironia eta umorea. Gizakiaren eta bizitzaren alderdirik makurrenez ari bada ere, ironiaren galbahetik irazten ditu guztiak, gainerakoan eramanezina litzatekeen zama arindu ahal izateko. Linazasorok esana da: zilegi izan dadin, ironiak beharrezko du autoironiatik abiatzea; bada, egileak ez du erreparorik azaltzen bere buruari begiratu ironikoa zuzentzeko (idazlearen isla den K.L. pertsonaiaren bitartez). Ironia baliatzen du idazleak, halaber, gizarteko hainbat joeraren eta balioren gaineko kritika zorrotza egiteko. Indibidualismorako joera, eremu pribatuaren eta publikoaren arteko muga desagertzea eta besteren mina espektakulu bihurtzea dira Linazasororen kritika ironikoaren jomugan dauden baloreetako batzuk.

Narraziootan, nonahi, barra-barra, baliatzen dituen topikoei ere (elementu folklorikoak, esaldi erabiliegiak, esaterako), ikuspegi ironikotik heltzen die Linazasorok, distantzia bat ezarriz haiekiko, eta, finean, topikoak eurak ironikoki aipatuta erridikulizatzeko. Topikoak dira, halaber, hitz-jokoekin, gaizkiulertuekin, esperpentoarekin batera, narrazioak blaitzen dituen umore beltz, surrealista eta korrosiboa da lehengaietako bat.