Kontzeptua

Gipuzkoako Arte eta Lanbide eskola

Gipuzkoan hainbat Arte eta Lanbide eskola sortu ziren Udalen ekimenez eta ohiko fenomeno bilakatu zen XX. mendearen lehen herenean. "Arte eta lanbide" izen arranditsua zuten eskola horien helburua apalagoa zen gehienetan, izan ere, lehen hezkuntzaren osagarri ziren eskola horiek, eta beren jarduera langile eta emakumeen prestakuntzara bideratzen zuten. Haatik, 1880an Donostian sortutako Arte eta Ofizioen Eskola egoera horretatik salbuetsi behar da. Eskola horien inguruko dokumentazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik jaso da. Aldundia bera, oso zorrotza zen diru-laguntzak eskatzerakoan, izan ere, memoriak, araudiak eta aurrekontuak eskatzen zituen. Horri esker, errazagoa izan da eskola horien bilakaera ikertzea.

Eskolak irekita zeuden bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru-laguntzekin lotutako politika bat garatu zuen, Udalek hala eskatuta. Horrela, horiek onartzeko neurri oroko batzuk ezarri ziren. Dena den, esku-hartze hori Foru Aldundiaren aurrekontu-politikaren menpe zegoen. Hala, zenbaitetan, arazo ekonomikoak zirela medio diru-laguntza horiek ez ziren onartzen. Esleitzen ziren kopuruekin eskoletako aurrekontuen % 50 ere ez zen betetzen. Aitzitik, Bizkaian aurrekontuaren % 50 betetzen zen beti diru-laguntza horiekin.

Politika horren adibide gisa, 1910an Foru Aldundiak hainbat neurri hartu zituen diru-laguntzen politika berrantolatzeko xedez. Era horretan, emakidak arautzeko zenbait arau finkatu ziren. Arau horiek gutxieneko irakaskuntza batekin zuten zerikusia, eta kopuruak irakaskuntzen emaitza praktikoen arabera banatzearekin. Foru Aldundiaren zirkularrari jarraituz, hau zen eskatzen zen oinarrizko programa:

"1.- Eskola Publiko, eskola nazional, udal-eskola edo eskola partikularren osagarria izango zen irakaskuntza orokorra, Aritmetika, Geometria, Gramatika eta Marrazki ikasgaietan bigarren maila bat eskainiz eta, besteak beste, Merkataritza Kalkuluan eta Kontabilitatean, Atzerriko Hizkuntzetan edota Trigonometrian lehen maila bat eskainiz. ; 2.- Gutxienez, irakaskuntza profesional jakin batekin lotutako bi gradu edo ikasturte. Irakaskuntza profesional hori zegokion udalerriko baldintzen arabera hautatuko zen eta, gai hauetako bat jorratuz: Mekanika, Elektrizitatea, Kimika. Arotzeria, Nekazaritza, Euskal Artea, antzeko beste batzuk; 3.- Ikasleei zuzendutako aldizkako hitzaldiak hainbat gairen inguruan, esate baterako, Higienea, Gizarte-hezkuntza eta Gorputz-hezkuntza eta Ekonomia praktikoa. Mediku tituludunak eta maisuak izango lirateke hitzaldi horiek emateaz arduratuko zirenak.

Ikus daitekeenez, ikasgai askorekin osatutako programa bat da, eskolei halako malgutasun bat ematen ziena eta, horrenbestez, eskatutako diru-laguntza jasotzea ahalbidetzen zuena. Haatik, diru-laguntza horiek ez ziren bereziki oparoak.