Kontzeptua

Donostiako Arte eta Lanbide Eskola

Donostiako Arte eta Lanbide Eskola, urteen poderioz, lanbide heziketako erreferentziazko zentro bilakatu zen hiriko langile eta emakumeentzat. Bere sorreraren aurrekariek, 1872an, hiriak halako instituzioekiko zuen interesa erakusten dute. Azkenik, 1880. urtean gauzatu zen proiektua, Nicolas Bustunduy y Vergara industri ingeniariak 1876an proposatu eta, hiru urte beranduago, 1879an, Udalak Foru Aldundiari finantza-laguntza eskatu zionean. Urte hartan onartu zen eskola horretako jarduera-araudia. 1880-1921 bitartean On Jose de la Peña izan zen bertako idazkaria. Hark, 1894-95 ikasturteko memorian Arte eta Lanbide eskolak egiaz "txiroaren unibertsitateak" direla esan zuen, "herria erroretik edo ezjakintasunetik askatzeko" modu gisa.

Bilbokoak ez bezala, Donostiakoak sail komertziala mantendu zuen 1885eko berrikuntzaren ondotik. Ezaugarri horrek talka egiten du instituzio horiek zituzten helburu zehatzekin, izan ere, langile eta artisauak prestatzeko helburua zuten. Zabalik egon zen bitartean ikasle asko jaso zituen, izan ere, Donostian zerbitzuen sektorea zen nagusi, prestakuntza egokia izatea eskatzen zuten banku, bulego nahiz establezimendu komertzial ugari baitzeuden, besteak beste. Haatik, tarteko lanak burutzeko prestatutako langileria (langilezainak) sendotzeko saiakerek ez zuten arrakastarik izan eskola horretan, nahiz eta ikasketa-planetan, pixkanaka, ikasgai kopurua areagotu eta, era berean, ikasketa xehatuagoa eskaini, espezialitate eta kualifikazio profesional ugari sakonduz.

Eskolaren ikerketarako hiru aro finkatu ditugu bere bilakaeran, baterako zenbait ezaugarri eta gertatu ziren zenbait aldaketa aintzat hartuz. Aldaketa horiek, batez ere, ikasketa-planetan gertatu ziren, eta baita eskolaren antolaketarekin lotutako alderdi batzuetan ere. Hauek dira finkatu ditugun aroak:

  • Lehen aroa (1880-1885).

Aro horretan oinarrizko ikasketak egituratu ziren, profil profesional jakinik gabe, nahiz eta curriculuma bost ikasturtetan egituratuta egon, sailik gabe. Aritmetika Osoa eta Marrazketa (modalitate ezberdinetan) izan ziren harrera onena izan zuten ikasgaiak, lehen ikasturtean ezarri zirenak. Ikasturte amaierako memorietan jasotako datuen arabera, ikasgai bakoitzean izaten zen izen-emate kopurua adierazten zutena, ikasleen bilakaerari dagokionez, lehen urtean 158 ikasle zituen eskolak eta 1885-86 ikasturtean 269. Orokorrean, ikasleek bi ikasgaitan ematen zuten izena ikasturte bakoitzean. Eskola ireki eta hurrengo urtean "nesken sailean" ikasten zuten neskatoek. Sail horretan 26 ikasle matrikulatu ziren lehen urtean eta 1884-85 ikasturtean 56, irudien marrazketa eta apainketa zirelarik hautatzen zituzten ikasgaiak.

  • Bigarren aroa (1886-1908).

Aro horretan argiro bereizitako hiru sailetan egituratu ziren ikaskuntzak: industriala, artistikoa eta komertziala. Era berean, zentroaren araudia eta curriculuma berritu egin ziren. Ikasle maskulinoen bilakaera gorakorra izan zen, izan are, 1888-89 ikasturtean 245 ziren eta 1906-07 ikasturtean 578. Ikasleak sailka banatuta, hauek dira sail bakoitzaren portzentajeak: % 45,5 industrialean, % 35,5 artistikoan eta % 19 komertzialean. Nesken matrikulazioari dagokionez, bilakaerak ere goranzko joera erakusten du, izan ere, 1888-89 ikasturtean 63 ikasle zeuden eta 1899-1900 ikasturtean 153 zeuden. 1896. urtean ikasketa-planetan berrikuntza zenbait sartu eta "ikaskuntza orokorrago" batzuk (hiru ikastaro) eta "aplikaziozko" beste batzuk( bi ikastaro) ezarri ziren. Sail industrialean makinista, elektrikari eta eraikitzaile espezialitateak barneratu ziren. Halaber, sail guztietan ikasgaien eskaintza oso zabala zen, baina lehen ikasturtetako oinarrizko ikasgaiak ziren matrikulazio gehien jasotzen zituztenak.

  • Hirugarren aroa (1909-1930).

Aro horretan eskola beste eraikin batera eraman zuten, hura hartzeko eraiki zena. Bigarren Irakaskuntzako institutuaren (gaur egun, Correos hartzen duena) alboan zegoen eraikin berria. Eskolaren ibilbidea Primo de Riveraren Diktaduran ezarri ziren gobernu-xedapen berriekin (irakaskuntza profesionalari buruzkoak) amaitu zen. Ikasleen bilakaerari dagokionez, 1910-11 ikasturtean 558 ikasle zituen eskolak eta 1923-24 ikasturtean 967. Sail industria zen ikasle gehien hartzen zituena (% 51), ondoren komertziala (% 31) eta, azkenik, artistikoa (%18). Nesken sekzioan 1909-10 ikasturtean 133 ikasle zeuden eskolan eta 1924-25 ikasturtean 279 ikasle. Curriculumean izandako aldaketak sekzio industrialeko hainbat espezialitatetan eragin zuen: mekanikariak, elektrikariak, kimikariak eta eraikitzaileak; nesken sailean, aldiz, sail komertziala eta artistikoa finkatu ziren.

Aro guztietan zehar, eskolako eskaintza profesionala tokiko beharrizanetara egokitu zen, unean-unean gero eta indar gehiago zuten lanbideak txertatuz, esate baterako, autoen mekanikariak, edo emakumeentzako mekanografia. Horrenbestez, curriculumean izandako aldaketen arabera banatu ditugu aroak, izan ere, modu horretan, eskaintzaren bilakaera eta malgutasuna bistara dezakezu, lanbide heziketaren eskakizunak eta hirian sortutako gizarte-beharrizan berrietara egokitu beharrak aintza hartuz. Hala ere, zentro hori Udalaren mende izan zen uneoro, izan ere, gehienetan bigarren hura izan zen eskolaren antolaketan nahiz bertan ematen zen irakaskuntzan izaten ziren aldaketen sustatzailea. Aro horiek antzekoak dira Bilboko Eskolarako ezarritakoekin alderatuz, Bilbon sortutako Langilezainen Eskolaren eta falta ziren merkataritza arloko ikasketen salbuespenarekin. Horrenbestez, ikasketa-planak pixkanaka egonkortu egin zirela ikus daiteke, eta ikasleak ere gero eta gehiago ziren. Halaber, aro bakoitzean matrikula egonkortu eta pixkanaka igo egiten dela ikus daiteke. Era berean, gero eta neska gehiago joaten da Eskolara. Hori argi ikus daiteke eskola honetako eta Gipuzkoako gainerako eskoletako memoria guztietan. Kontuan izan behar da, lehen irakaskuntza amaitu ostean, hezkuntza arloko nahiz lanbide arloko prestakuntzaren eskaintza oso urria zela neskentzat, izan ere, 1901eko erreformaren ondotik, hamabi urterekin eta derrigorrezko eskolatzea amaituta, oso murriztua izaten zuten bigarren irakaskuntzarako sarbidea eta, are mugatuagoa unibertsitaterako bidea. Horrenbestez, neskei zuzendutako eskaintza maistra izateko prestakuntzara mugatzen zen irakasleak prestatzeko eskolan. Bestela, halako eskoletara jo zezaketen, lanbide heziketa bat garatzeko.

Eskola honen arrakasta ikusteko, jarraian, aro bakoitzeko portzentaje orokorrak eskaintzen ditugu, ikasleen adinaren nahiz eskolan sartzean zuten lanbidearen arabera. Datuak eskolan zeuden sail ezberdinetan banatuta ematen ditugu 1885. urtetik aurrera. Horrela, ezaugarri horiek hobeto bereizi ahal izango ditugu, eskaintzen ziren aukera ezberdinen arabera. Ikasleen adinari dagokionez, 12-15 urte bitarteko ikasle asko zeudela ikus daiteke, batez ere, XX. mendearen hastapenean, nahiz eta sail industrialean beti batez bestekoaren azpitiko zenbakiak agertu. Lehen irakaskuntza amaitu berri zuten ikasleak dira, irakaskuntza profesional batekin ikasketak osatzeko asmoz eskolatzen zirenak. Dena den, litekeena da lanbide motaren batean aritzea ikastun modura edo, besterik gabe, lanik gabe izatea. Taula honetan ematen dira portzentajeak:

Ikasleen sailkapena adinaren eta espezialitatearen arabera, portzentajetan emanda, 1880-1921
Iturria: Berezko sorkuntza, Donostiako Arte eta Lanbide Eskolako memoria ezberdinetatik abiatuta.
Adina1880-851886-19081909-1921
IndustrialaArtistikoaKomertzialaIndustrialaArtistikoaKomertziala
12-1537,546,560,560,3485157,5
15-204237,330,229,2363527,5
20 y +20,516,29,310,5161415

Ikasleen egoera profesionalari dagokionez ere taula bat osatu da. Horretarako, lanbide-multzoak lanbide mota bakoitzaren arabera eratu dira, lanbide horiek burdinarekin, harriarekin eta zurarekin duten lotura aintzat hartuta. Gainera, merkataritza edo komertzio arloko multzoa eta ikasleen multzoa eratu dira. Hauek dira 1880-1921 bitarteko emaitzak, portzentajetan emanda:

Ikasleen sailkapena lanbidearen arabera, portzentajetan emanda, 1880-1921
Iturria: Berezko sorkuntza, Donostiako Arte eta Lanbide Eskolako memoria ezberdinetatik abiatuta
Lanbideak1880-851886-19081909-1921
IndustrialaArtistikoaKomertzialaIndustrialaArtistikoaKomertziala
Ikasleak352741,552283748
Burdina1514,5--16--
Zura2927,5-1515-
Harria11,5--717-
Merkataritza556285631
Mekanikaria----15--
Besteak20132520142521

Adinarekin batera, ikasleen lanbidea zen elementu deigarrienetako bat memoria horietan ikasleei buruzko informazioa jasotzerakoan. Datuak orokorki hartuz, ikasleen lanbideetan erreparatuta, ikasleen kategorian matrikulatutako ikasleen portzentaje handia nabarmentzen da, egonkor mantentzen dena aroz aro (% 35 40 artean). Hots, ikasle mota horrek lehen irakaskuntza egiteaz gain, arte eta lanbide eskolako gau-eskolak hartzen zituen. Horrek lanbide jakinik gabe eskolara jotzen zuten ikasleek lanbide heziketaren helburua lehenesten zutela erakusten du. Horrenbestez, ikasle askorentzat eskolak lehen prestakuntza ematen zuen, ziurrenera laneratzeko baliagarri izango zitzaiena. Lanbide motaren batean ari ziren ikasleen kasuan, orokorrean, bi ikasgai hartzen zituzten (marrazketa eta aritmetika), lehen irakaskuntzak utzitako gabeziak osatzeko. Halaber, eskola zabalik egon zen denbora-tarte guztian zehar eskola uztea nahikoa normala zela ikus daiteke, batez ere mutilen artean; izan ere, lan arloan zituzten premiak asetzeko ezinbestekotzat jotzen zuten prestakuntza jaso ondoren, eskola utzi egiten zuten. Gainera, aipatu beharra dago eskolak ez zuela inolako ziurtagiri edo diploma ofizialik ematen gerora lan egiteko baliagarria izan zitekeenik.

Donostiako Arte eta Lanbide Eskolak, hiriko Udalaren eta Foru Aldundiaren finantzaketarekin, lehen mailako helburua bete zuen, izan ere, Estatuak ez zion prestakuntza mota horri eutsi 1924. urtera arte eta, horrenbestez, gabezia hori osatzeko, eskolak ikasketa osagarriak eskaini zituen, arrakastatsua izan zena hirian eta inguruko herrietan. Gainera, funtzio sozial aski garrantzitsua bete zuen, izan ere, klase herritarreko ikasleak eta emakumeak hartu zituen, bestela prestakuntza jasotzeko aukera eskasak zituztenak. Bi kasuetan, multzo horietako herritarrek beren gurasoek baino lanpostu hobeak lortzen zituzten. Horrela, klase herrikoia sozialki mugitu egin zela ikus daiteke. Enpresen aldetik eskaera osoa ohikoa zen, izan ere, ikasle mota horrek arrakasta profesionala bermatzen zien, kalitateko prestakuntza jaso baitzuten.

1924-1928 bitartean Lanbide Heziketaren Estatutuak finkatu eta Estatuaren mendeko Lan Eskolak sortu ziren. Haatik, erreforma horiek barneratuta ere, eskolak bere bideari jarraitu zion. Dena den, frankismoan sartuta, 1955eko lanbide heziketako lege berriekin, Estatuko Araudi berrira egokitu behar izan zen.

  • DÁVILA, Paulí. Las Escuelas de Artes y Oficios y el proceso de modernización en el País Vasco, 1879-1929. Leioa: Servicio Editorial de la Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea, 1991.