Kontzeptua

Gipuzkoako irakasleak prestatzeko eskolak

Gipuzkoan irakasleen prestakuntza ikertzeko lau aro ezar daitezke, eskola arrunt izenekoekin lotuta:

  1. Maisu eta maistren eskolak XIX. mendean (1845-1848 eta 1865-1869);
  2. Maistren Eskola Arrunta eta Eskola Mistoa (1899-1936)
  3. Irakasleen Eskola frankismoan
  4. Irakasleen Prestakuntzarako Eskolak Unibertsitatean

Eskola horren aurrekariak 1840. urtean abiatu ziren. Urte hartan Foru Aldundiak pentsioa eman zion Joaquin Fernandezi 1839an Pablo Montesinok sortutako Madrileko Maisuen Seminario Eskola Arruntera jo zezan ikasle gisa. Ikasle hark ez zuen sekula bere konpromisoa bete, hau da, etorkizunean probintziako eskola arrunt bateko zuzendari izatekoa. Eskola arruntaren sorrera 1845eko uztailaren 8an Ordizian egindako Batzarretan adostu zen. Araudia betez, eskola Probintziako goi-agintariak bizi ziren herrian kokatu behar zen, hau da, Tolosan, hiriburutza berreskuratu baitzuen 1844an.

Esperientziak hiru urte eskas iraun zuen, izan ere, 1848. urtean Zumaian egindako Batzarretan ixteko erabakia hartu zen, arazo ekonomikoen ondorioz eta eskolak ez zuelako eskola-eskaintza zehatzik ematen, finean, goi mailako lehen hezkuntzako eskola baino ez baitzen. Horrela, 1848-1865 bitartean Gipuzkoa halako instituziorik gabe izan zen. 1865ean, ordea, beste eskola arrunt bat ireki zen, kasu honetan maistrentzat. Ziurrenera maisutza karrera egiteko interesa zuten ikasleak Araba edo Nafarroako Eskola Arruntera joko zuten. Bestela, Bergara, Oñati edo Donostiako bigarren irakaskuntzako zentroetan jasoko zuten prestakuntza, zentro horietako eskaintzan aukera hori baitzegoen.

15 urte eskola arruntik gabe egon ostean, 1864. urtean eskola berreskuratzeko aukera aztertzeari ekin zitzaion. Horrela, hurrengo urtean bide berri bat abiatu zuen eskolak, kasu honetan ere laburra. Instrukzio publikoko Batzorde Probintzialak eta Juan Maria Eguren probintziako ikuskatzaileak hala gomendatuta, 1864an Irunen elkartutako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskola arruntaren aukera aztertzeko eskatzea adostu zuten, probintziak alde horretatik zuen gabezia ikusirik. 1865eko uztailaren 28ko Errege Aginduz Gobernuak eskola sortzea onartu zuen, hartako barne-araudiarekin batera.

Zuzendari postuaren deialdia Donostian egin zen 1865ean. Hala, 1865eko abenduaren 1eko Errege Aginduz Regina Bizcarrondo izendatu zuten ofizialki zuzendari izateko, aurretik Donostiako oinarrizko eskola publiko osoko maisu izana. Eskolaren araudian lau ikasle kategoria ezberdintzen ziren: maistragaiak, azterketa egindako maistrak, maistra titulua ukan nahi ez duten ikasleak eta, azkenik, hamasei urtetik gorako gazteak "lehen irakaskuntzako ikasketak osatu nahi dituztenak eta bere sexuarekin bat datozen lanen ezagutza eskuratu nahi dutenak, erabilgarriak nahiz apaindurarako". Horrela, garai hartako emakumeen eskola arrunten erabilera bikoitza hori baitaratzen zuen zentroak. 1869ko uztailean eskola itxi egin zen ikasle gutxi zituelako. Hura itxi ostean, 30 urte luzez Gipuzkoa izan zen, Castellorekin batera, halako zentrorik ez zuen (ez emakumeentzat, ez gizonentzat) estatuko probintzia bakarra.

Eskola berrezarri bazen 1898an Gamazok agindutako erreformatik abiatuta Estatuko gobernuak emandako aginduz izan zen, ez Foru Aldundiaren borondatez. Hala, 1899ko martxoaren 29ko Errege Agindu batek probintzia Maistren Eskola Arrunta sortzera behartu zuen. Urte hartatik aurrera oinarrizko eskola arrunta zabalik egon zen 1914. urtera arte. Orduan, Bergaminen erreformarekin, goi mailako izatera pasa zen. Lehen urtetan hainbat arazo sortu ziren eraikinarekin, irakasleen izendapenarekin eta gainerako langileen hautaketarekin lotuta. Arazo horiek ebazteko, ezinbestekoak izan ziren Udalaren eta Foru Aldundiaren arteko harremanak. Eraikinari dagokionez, Artzain Onaren Plazako 8. zenbakiko etxea eskuratu zen. Eraikinaren beheko solairua Foru Aldundiak baitaratu zuen, alokairuan. Etxe horretan egon ziren lehen ikasturtean Idazkaritza eta Zuzendaritza. Bestalde, 10. zenbakian atxikitako beheko solairuan hiru gela, aldagela eta ataria finkatu ziren, besteak beste. Eta behegainean Zuzendariaren gela. Legez aitortutako irakaskuntza ematen zen. Hala, ikasketak ikasgaika eman behar ziren hiru irakasle tituludunen eta erlijioko irakaslearen eskutik.

1914. urtean, arestian esan bezala, oinarrizko eskola arrunt izatetik goi mailako eskola arrunta izatera pasa zen. Horren ondorioz, irakasle nahiz ikasle kopuruak gora egin zuen, izan ere, aldaketak maisutzako tituluen norabidea aldatzea eta ikasketak goitik behera berrantolatzea ekarri zuen, jite profesional eta pedagogikoa ageriago batekin. Hala ere, Kontzertu Ekonomikoak indarrean zeudenez, Foru Aldundia nakar agertu zen ordainketekin eta eskubide hori aitortzea erregutu zuen. Ebazpena 1917ko martxoaren 3ko Errege Aginduz eman zen, zeinaren arabera, "aurrerantzean Gipuzkoako Maistren Eskola Arrunteko langileen soldatak eta materiala Estatuko aurrekontu orokorrarekin ordainduko dira". Era berean, Atotxako Pasealekuan "Villa Elisa" izeneko etxea alokatu zen 1914az geroztik. Eskola arruntaren eta atxikitako eskola graduatuaren (ikasleek eskola-praktikak burutzeko) arteko distantziak arazoak ekarri zituen, izan ere, eskola hori Sanchez Toca kaleko 5. zenbakian zegoen kokatuta. 1925. urtetik aurrera, probintziako estatutuarekin, Foru Aldundia Eskola Arruntetik eratorritako edozein ordainketa egitetik libre geratu zen.

Irakasleei dagokienez, aipagarria da eskola hori ibilbide profesionalean zeharreko igarobide bat izan zela irakasle askorentzat. Irakasle asko izan zituen, gehienak Estatuko beste eskola arrunt batzuetatik iritsiak. Jarraian zenbait zuzendariren izenak aipatuko ditugu, karguan denbora gehiago izan zirelako: Luisa Diaz y Recarte, Juana Ugarte Macazaga, Leonor Mercedes Villan eta Maria Victoria Jimenez y Crozat, 1909-1921 bitartean bete zuena kargu hori. Halaber, Genoveva del Pino Valsera aipatu behar da, aurrekoaren ondotik sartu eta 1931. urtera arte postu horretan mantendu zena. Errepublikak ekarri zuen erreformaren ondorioz, Eskola Misto bilakatu zen eta zuzendaritza gizon batek hartu zuen. Idazkariei dagokienez, Josefina Oloriz aipa dezakegu, Letretako laguntzailea, karguan izan zena 1921-1929 bitartean. Urte hartan uko egin zion karguari, Foru Aldundiko Ikuskaritzan sartzeko, landa-eskolen ikuskaritza lanetan. Irakasle hori instituzio teresatarrekoa zen eta Donostiako Udaleko zinegotzi izatera iritsi zen, eta Xahuketa Batzorde frankistako kide ere bai.

Ikasle kopuruak, bada, goranzko joera izan zuen, izan ere, oinarrizko eskola gisa mantendu zen bitartean gehienez 47 ikasle ofizial izan zituen eskolak, eta 1923-24 ikasturtean 111 ikasle izatera iritsi zen. Urte horretatik aurrera 200 ikasle baino gehiago matrikulatu ziren, 1929-30. ikasturtean 269 izatera iritsi arte. Ikasle libreei dagokienez, 1922. urtetik aurrera, goranzko joera ikusten da, eta 1929-30 ikasturtean 177 ikasle libre matrikulatu ziren. Eskola zabalik egon zen bitartean, Foru Aldundiak bi beka izan zituen baliabiderik ez zuten ikasleentzat. Horrez gain, beste beka bat zuen Instituzio Teresatarrean Maisutza karrerako ikasketak egiteko pentsiodun modura.

Ikasleen jatorriari dagokienez, ikasle gehienak gipuzkoarrak ziren (% 66). Ondoren Nafarroan jaiotakoak (% 7), Madrilekoak (% 4), Bizkaikoak (% 3,7), Burgosekoak (% 3) eta Araba, Zaragoza, Logroño eta Valladoliden jaiotakoak zeuden (% 2). Gainerako probintzietatik etorritako ikasleen portzentajea ezdeusa da ia. 1916. urtean Ikasle Ohien Elkartea sortu zen, gero eta jarduera biziagoa izan zuena 1920. urtetik aurrera.

Eskola finkatzeko eraikin asko okupatu ondotik, 1946an Ategorrietako Villa Soroa izenekoak hartu zuen eskola 1988. urtera arte. Urte hartan EHUren Gipuzkoako Campusera eraman zuten eskola. Frankismoan planetan eman ziren aldaketa guztietara egokitu zen eskola eta instituzio horri berezkoak izan zaizkion gorabeherak pasa zituen: irakasleen etengabeko aldaketa, irakaskuntza entziklopedikoa eta irteera profesional urrikoa, etab. Ikasleei dagokienez, egiaztatu ahal izan denez, frankismoan zehar eskolan 2.700 ikasle inguruk burutu zituzten ikasketak. Horietatik % 74 emakumeak ziren. Tituludunei dagokienez, nesken % 85ak lortu zuten titulua eta mutilen artean portzentaje hori % 79koa da. Aurreko garaian gertatu bezala, ikasle gehienak hiriburukoak ziren eta ondoren probintziatik etorritakoak zeuden. Haatik, ikasle nafarren portzentajea ere handi samarra zen. Azkenik, batez besteko adina halako zentroetan izaten dena baino handixeagoa izan zen. Halaber, aipagarria da ikasketak modu ez ofizialean egiten zituzten ikasleen portzentaje handia, batez ere, emakumeen kasuan. 1970-71. ikasturtetik aurrera ikasle kopurua bikoiztu egin zen, bai mutilena eta baita neskena ere. Arrazoia ikasketa-planetan eta eskolen izendapenean izandako aldaketak izan ziren, izan ere, 1970eko Hezkuntza arloko Lege Orokorrera egokitu behar ziren. Kontuan izan behar da, dena den, 1970-1974 bitartean matrikula, neurri handi batean, titulazio berrira egokitzeko premia zuten ikasleen ondorioz igo zela hainbeste. Hala, ziurrenera, ikasle horiek jadanik maisu eta maistrak ziren, titulazio zaharraren jabe zirenak.

Frankismoan zehar, era berean, Junkaleko Andre Maria izeneko beste Irakasleen Eskola bat zegoen Irunen, Eskola Kristauen Anaiek (La Salle) mantentzen zutena. Eskola hori 1948-1970 bitartean egon zen zabalik eta, hasiera batean, irakaskuntzara bideratutako irakasle erlijiosoak prestatzeko helburua bazuen ere, denborarekin ikasle asko pasa ziren, erlijiosoak nahiz sekularrak, eskolatik beren ikasketak Valladolideko Unibertsitateko ofizialekin baliozkotzeko. Horretarako, "irakasle aske" modalitatea erabiltzen zen, azterketa ofizialak egitea ahalbidetzen zuena. 1970. urteko lege-xedapenekin egoera horri ezin izan zuten mantendu.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan errealitate soziala eta hezkuntza arlokoa aldatu egin zen eta irakasle euskaldunen premia bizia zegoen, izan ere, eskoletan euskararen erabilera aldarrikatzen zuten ikastola eta ikastetxeek irakasle mota hori eskatzen zuen. 1971. urtean ikasketa-planak aldatzean, Eskola Arrunten izendapena aldatu eta OHOko Irakasleen Prestakuntzarako Eskola izendatu ziren, eta Unibertsitatearen egituran txertatu ziren. Lehenik eta behin Valladolideko Unibertsitatearen egituran eta, 1978az geroztik, EHU barnean. Horrela, zeuden hiru eskola ofizialak izendapen horrekin sartu ziren egitura horretan. Unibertsitatearen barnean ibilbidea antzera mantendu da. Haatik, unibertsitate-tituluetan (haur hezkuntzako irakasleak eta lehen hezkuntzako irakasleak) izandako aldaketetara egokitu dira eta, azkenik, gradu izaera hartu dute diplomatura alde batera utzita. Eskola ofizial horiez gain, baziren beste eskola pribatu batzuk ere, esate baterako, Eskoriatzakoa (Mondragon Unibertsitatean txertatua) eta Donostiako Elizbarrutikoa, 1977-1999 bitartean zabalik izan zen. Horrela, eskola asko zeudela ikus daiteke, batez ere, eskoletan eskaera handia zelako eta euskaraduna izango zen irakasleen premiak prestakuntza eskatzen zuelako.

  • DAVILA, Paulí. La profesión del magisterio en el País Vasco, 1857-1930. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 1993.
  • MURUA, Hilario. La enseñanza primaria y el magisterio en Gipuzkoa, 1936-1975. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2007.