Arkitektura

Cruzat jauregia

Oriz

Orizeko hirigunean Cruzat familia ospetsuaren jauregia dago. Aipatutako familia Iruñeko San Zernin auzotik iritsi zen, hemengo jaurgoa erosi zutenean, XVI. mendean. Hala ere, lehenago beste jauregi bat egon zen Oritzen, erdi-arokoa zalantzarik gabe, eta bere armarria Nafarroako Erresumako Armeria Liburuan bildu zen (L.A.R.N. 199 eta 411 zk.).



Ver mapa más grande

Jauregia XVI. mendeko eraikina da, eta oinplano errektangeluarra du, hiru solairuekin eta lau isurialdeko teilatu batekin estalia. Lehengo solairua ongi eskuairatutako harlanduez egina dago, gainerakoa adreiluez doan bitartean. Aurrealde nagusia hamahiru dobelez osatutako arku karpanel batekin irekitzen da. Hariak kanabera erdiko moldura bat darama. Ateaz aparte, bi gezileiho eta lau leiho zuzenak daude beheko solairuan. Lehen solairuan lau balkoi dintelatu handiak daude, eta atikoan lau sabaileiho, nahiz eta jatorriz eraikinaren perimetro osoa erdi-puntuko arkutxoez osatutako arkuteria bat zegoen. Arkubarnerak bola handiez eratutako zerrendez apainduak zeuden. Jauregiaren lau angeluetan, Madozek XIX. mendean deskribatu zituen garita zilindrikoak zeuden. Zentzu honetan, penagarria izan da azken errestaurazioan arkuteriak eta garitak ez berreskuratzea, toki batzuetan oso arrasto nabarmenak gelditu diren arren. Bai kendu zuten, berriz, garai bateko armarri handi batek utzitako zuloa. Fatxadaren goialdean erlaitza bozelatu bikoitza dago, teilatu-hegalari eusteko.

Jauregiaren horma-pintura gehienak mihisera pasatu zituzten eta Nafarroako Museoan daude gaur egun. Hala ere, 1990. urtean, bertan gelditu ziren beste batzuk ikusteko parada izan genuen. Aipatu dezakegu, adibidez, Saloi handiaren ondoan dagoen logelan dagoen Kalbarioa. Sabaiak Cruzat familiaren armarrian dauden erbinude zuriez apainduak daude, estukoez egina.

Gainerako horma-pinturak, lehen esan bezala, Nafarroako Museora eraman zituzten, Arturo Ferrer jauregiko jabeak emanda. Ramón Gudiol izan zen pinturak hormetatik kentzeko eta mihisera pasatzeko arduratu zena, 1955ko azaroan museoan sartuko zirelarik. Tenperaz eta grisailaz osatutako teknika mistoaz egina daude, eta garaiko grabatuetan inspiratu ziren batez ere, 1550. urtean gutxi gora behera.

Atariaren ondoan dagoen gelan ume dantzarien bi friso zeuden. Haurrak zapi batzuekin lotuta daude, eta maskarak, banderatxoak edota musika-tresnak daramatzate, baita jostailu batzuk ere, hala nola zurezko zalditxoak edota paperezko errotatxoak. Dantzari batzuk, gainera, kriskitinak dituzten azpantarrak daramatzate, euskal dantzariek gaur egun arte erabili izan dituzten antzera. Beste pintura batzuek gai erlijiosoa dute, adibidez Adan eta Eba lana eta heriotzaren menpe, Kain eta Abel eskaintzak egiten, Abelen heriotza, Ama Birjinaren ikustaldia Santa Isabeli, Gurutziltzatzea edota Adan eta Ebaren Eroraldia eta Paradisutiko Kanporaketa. Eszena bikoitz batean Lametx itsuaren istorioa azaltzen da. Lametx Kainen bosgarren belaunaldiko ondorengoa zen, eta nahi gabe hil zuen bere arbasoa, gezi bat jaurti zuenean. Beste toki batetan Paradisua irudikatu zen, Bibliako Hasieran aipatzen den iturriarekin, kasu honetan estilo platereskoan irudikatua, animalia ezberdinez inguratua eta Cruzat familiaren armarriari eusten dioten bi tximino. Azkenik, Azeriaren Sermoia izeneko erdi-aroko fabula dago ere, non azeriari gainontzeko animaliek entzuten dioten. Gainetik latinez eginiko inskripzio bat dago: "DNE NE IN FURO (RE TUO ARGUA) S ME NEQUE IN IRA TUA CORIPIAS ME". ("Jauna, ez nazazu amorruz liskartu, ezta hiraz zigortu ere"). Seigarren Salmoaren bigarren txatala da.

Hala eta guztiz ere, horma-pintura ospetsuenak jauregiko saloi nagusian zeudenak dira, gaur egun Nafarroako Museoan ere. Espainiako Karlos V. enperadoreak Alemaniako printze protestanteen aurka izandako garaipena irudikatzen dute. Gerra-eszenak orden kronologikoan daude, eta era nahasi eta trinkoez agertzen dira, pasarte konkretuak azpimarratzeko pentsatua dagoen kanon hierarkikoa erabili zen bitartean. Anekdota eta pasadizoak bildu ziren, hala nola oinetakoak ongi jartzeko makurtu direnak, edota armak prestatzen dituzten bitartean elkarrizketan dauden soldaduak. Beste batzuetan guda horretan izandako benetako gertaerak agertzen dira, adibidez ibaia igerian zeharkatzen duten gerrariak, ahoan labana daramatela. Eszena nagusian "Saxoniako Dukearen Errendizioa" dago, inskripzio honekin: LA FELICE BATALLA QUE EN ALEMANA BENCIO COTRA LUTERANOS EL EMPERADOR CARLO V MAXIMO REY DE ESPANA FUE A 24 DE ABRIL ANO 1547 EN LA QUAL FUE PRESO EL DUQ DE SASSONIA Y EL DUQ ERNESTO DE BRANZAVIC Y OTROS MUCHOS PRINCIPALES Y LOS MAS DE SU EXERCITO MUERTOS Y PRESOS. Gai historiko honen errepresentazioa jauregi honetan justifikatu daiteke segur aski Cruzat familiako kide baten parte-hartzeagatik, behar bada 1558. urtean Oritzeko jauna zen Martin de Orizena.

Obra honen egilea XVI. mendeko erdialdean ongi dokumentatua dagoen Bosque familiako kide bat izan ahal zela esan ohi da, baina badirudi hiru pintore ezberdinen lanak bereiz daitezkeela. Batak apaingarri sinpleenak eta ume dantzarien frisoak egingo zituen. Bigarrenak Vaticanoko "loggie" delakoen eta Kapera Sixtoarren eragina duten Bibliako eszenak. Azkenik, hirugarren pintore batek gerra-eszenak egingo zituen, marrazki seguru eta hobeagorekin, non garaiko tapizen, grabatuen eta gerra-pinturen eragina ikusten den.