Arkitektura

Noaingo akueduktua

Noain

Obra bikain hau 1790. urtean burutu zen Iruñeko ur-ekarreraren atal bat da, Elortzibarren sakonunea behar bezala zeharkatzeko diseinatua, Erreniegako eta Taxoareko mendizerren artean. Honela, Zubitzako iturburuko ura Iruñeko iturri publikoetara iritsi ahal zen, hiriburuan maiz zegoen eskasia, batez ere udan, ekiditeko, eta bide batez gangeria bezalako gaixotasunak ahal zen neurrian saihesteko. Ventura Rodríguez arkitekto ospetsuak diseinatu zuen, geroago Ángel Santos de Ochandátegui eta Alejo de Aranguren bertako arkitektoek gauzatuko zutelarik. 1780. urtean Ventura Rodríguez bera etorri zen Noainera, bere laguntzaileekin, eta hilabete batzuk iragan zituen bertan, planoak zehaztasun handiz eginez.

Hasieran, akueduktuak erdi puntuko 97 arku zeuzkan, bakoitza 8'5 metrotako argiarekin, eta gehieneko altuera 18 metrotakoa zen, luzera osoa 1250 metrotara iritsi zelarik. Akueduktuaz aparte, erregistro-etxolak, mendiak zeharkatzeko hobiak eta bigarren mailako akueduktu txikiagoak ere gauzatu egin ziren, Taxoareko Mendizerratik Taxoare herrira iristeko, eta gero Zolinara eta Mendillorrira, Luis de Paret y Alcázar eskultore neoklasikoak egin zituen Iruñeko iturri monumentaletara iristeko azkenik. 1790ko ekainaren 29an jariatu zuten hiriburuko iturri publikoek ura, lehendabiziko aldiz.

Garai hartatik hona, gertaera anitz jasan izan ditu arkitektura-lan bikain honek, 1990ko argitalpen batean jaso zen bezala. 1858an bi arku eraitsi ziren, eta haien ordez zabalera bikoitza zuen beste bat eraiki, trenbidea bertatik pasa ahal izateko. Bi mendeetan trenaren iraganak sortutako dardaraketak arriskutan paratu zuen akueduktuaren iraupena, baina haren sendotasunari eta kalitate handiari ezker ez zen zorionez hondatu. 1895an Artetako iturburuko ur-ekarrera berriak Zubitzako iturburuaren eta Ventura Rodríguezen lan honen esklusibotasunarekin amaitu egin zuen. 1941an akueduktuaren erdialdean eroritako lau arku berreraiki ziren, baina 1974an, Nafarroako Autobidearen lanak burutzerakoan, iparraldeko muturreko bi arkuak bota zituzten, lan bikain honen osotasunarekin bukatuz. 1990an Interes Kulturaleko Ondasuna (I.K.O.) izendatu zuten, eta berriztapen lanei hasiera eman zitzaien.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, III. tomoa, N.A.K.. 1982, 63 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C.: La escultura romanista en Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1986, 155 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, IV* tomoa, Merindad de Sangüesa, Abaurrea Alta-Izalzu, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1989, 257-261 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K. 1983, 178 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K.. 1983, 277 orr.
  • MENÉNDEZ PIDAL, Faustino; MARTINENA, Juan José: Libro de Armería del Reino de Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 2001, 140 zbk.
  • A.A.B.B. El Valle de Elorz. Naturaleza, Historia y Arte. Iruñea, Elortzibarreko Udala, Nafarroako Gobernua, 1990, 159-181 orr.