Arkitektura

Munarritzeko dorrea

Munárriz

Herriaren zonalde garaian Munarritzeko eraikin zibil garrantzitsuena eta ederrena ikus daiteke. Oinplano errektangeluarra duen erdi-aroko dorre sendoa da, hiru solairuekin eta 14 metrotako altuerarekin, gutxi gorabehera. Dorretzar honek jarraitzen du Nafarroako mendebaldean oso ugaria den tipologia bat, Etxauri, Elio, Otazu, Arteta, Ibero, Artazkotz, Izu o edota Aizpungo dorreekin batera. Bere kontserbazio-maila oso ona da, 1990 eta 1995. urteen artean garai hartako bere jabeek, Joaquín Otazuk, Javier Lekunberrik eta Jose Antonio Ilarregik burutu zuten errestaurazioari esker.

Dorrea, jatorriz, eraikina inguratzen zuen harresi baten erdian zegoen. Gaur egun hesi hau nahiko gaizki kontserbatu den arren, altu xamarra izan zela sumatu daiteke, eta barnealderantz barla ia erabat bete egingo zuten bigarren mailako beste eraikin batzuk izango zituen atxikiak, harriz edota zurez egina. Dorre mota honen ezaugarririk nabarmenena oinplano errektangeluar luzea da, eta honek barne distribuzioa eta eguneroko bizigarritasuna erraztuko zuen, ardatz konpositiboen sorrera ahalbidetzen zuelako, oinplanoaren zabalera handitu gabe. Munarritzeko kasu honetan, 11'30 x 6'08 metroko neurriak ditu, murruek 70 zentimetroko lodiera dutelarik, eta honek 44 metro karratuko barne-azalera sortzen du, barruko dimentsioak 9'85 x 4'48 metrokoak izanik. Azalera hau, bestalde, berdin mantentzen da goiko solairuetan, murrua ez delako mehetzen goian, eta solairuen habeak perimetro-hormetan eginiko metxinalak dituztelako euskarri, horma-mailarik erabili gabe. Solairuen zurezko egitura orijinala da, haritzezko habe eta oholekin, garai bateko barruko hormak edota trenkadak erabat galdu diren bitartean. Errestaurazioan ezarritako zurezko eskailera, eraikinaren iparraldeko murruari itsatsita, solairuak komunikatzeko bidea da.

Murruak Munarritzeko bertako harri motaren haustura naturala ongi aprobetxatzen duen lauza lau eta luzeetako harlankaitzaz egina daude, dorrea bera lurrean azaleratzen den arrokaren gainean eraiki zen bitartean. Hormataletako angeluetan, berriz, ongi eskuairatutako tamaina handiko harlanduak daude, murruen ahulezia hori orekatzeko.

Beheko solairuan ate bat besterik ez zegoen, eta leihoak, argizuloak edota gezi-leihoak falta ziren. Sarrera ekialdeko murruan zegoen, eta azken urteetan atezangoak besterik ez zeuden, errestaurazioan dobelak berreskuratu diren bitartean, utzitako hutsuneen froma eta neurriak jarraituz. Argazki zaharretan hegoaldeko aldean irekitako ate moderno bat ikus daiteke, baina azken eraldaketan ate hau eraikinaren gainerako gezi-leihoen tipologia imitatzen duen beste gezi-leiho berri batekin ordeztu dute. Lehen solairu trinko eta itxi hau, jatorriz, tresnerien eta janarien biltegi bezala erabiliko zen, antzeko eraikinetan gertatzen zen bezala, eta ukuiluak eta zalditegiak dorretik kanpo egongo ziren, barlan zeuden bigarren mailako eraikinetan ziur aski.

Lehen solairuan dorrearen egoitza-funtzioak bilduko ziren. Hegoaldeko murruan jatorrizko ate bat dago. Caro Barojak argitaratutako argazkietan ate hau XX. mendean zehar itxita egon zela ikus daiteke, leiho errektangeluar txiki bat solik utziz. Ate honen markoetako harriak azpian zegoen ate modernorako berrerabili zituzten, eta dobelak galdu ziren arren, argazkietan nabaritzen da oso ongi arku zaharraren traza. Ez dugu aurkitu, hala ere, ate jaso honetara igotzeko beharrezkoa zen zurezko patinaren arrastorik.

Ekialdeko murruan lehenengo solairu hau leiho gotiko eder eta dotore batekin irekia doa. Barnealderantz, horma-barruko eserlekuak edo "jarralkiak" ditu. Leihoa bikoitza da, bi arkutxo zorrotzekin eta trazeria hiru gingildunekin. Haria oso molduratua dago, eta arkuarteak moldura triangeluarrak dituzte, azaletik zizelkatuak. Gaur egun ikus daitekeen leihoburua azken errestaurazioan jarri bazuten ere, dorrean bertan dagoen jatorrizkoaren diseinua jarraitu zuten, orijinala erretiratu zuten bitartean, oso hondatua zegoelako. Lanaren fineziak zonalde honetan aritu zen tailer trebe baten jarduera iragartzen du, arkuen kanon luzeak XV. mendeko data emateko eramaten gaituen bitartean, lehen erdialdean ziur aski. Murru honen ipar-ekialdeko angeluan argizulo bat dago, sabaitik gertu eta beranduago irekita edo handitua. Bi zulo karratuak ere ikus daitezke, errestaurazioan beste bi kendu zituzten arren. Bere funtzioa ez dago garbi, eta argizuloak bezala egin ahal bazituzten ere, kea ateratzeko sistema lakar batekin ere erlazionatuta egon zitezkeen. Azken finean, ez dugu tximiniaren arrastorik aurkitu, eta ezin dugu ahaztu jatorrizko egoitza-zonaldean gaudela. Errestaurazioan, zulo hauen gainean dauden habeek kedar-geruza sendoa zutela sumatu zuten, baina suteen arrastorik ez zegoen, gela honetan sutondoa zegoela ondorioztatu dezakegularik.

Bigarren solairua dorrearen azkenekoa da, eta hegoaldeko murruan gezi-leiho bat du, gehi beste hiru ekialdekoan, distantzia erregularretan irekita. Gezi-leiho hauek, gainera, eredu koherente bat mantentzen dute eraikin osoan. Tiro egiteko zirrikitua motza eta nahiko zabala da, eta barneko laprandura estuegia da, poliorzetikaren ikuspuntutik oso praktikoak ez zirela esan dezakegularik. Solairu honetako hormetan, gainera, zulo karratu anitz daude, bertan egon zen usategiaren zerbitzurako. Bere kokapena kaotiko xamarra bada ere, lerrokatze batzuk ere sumatzen dira, kanpoan dauden erlaitzekin bat etorriz, azken hauek ere usategiarekin erlazionatuta egongo zirelarik. Ezin dugu jakin, berriz, erdi-aroan erlaitza eta zulo hauek zurezko kadalso edota antzeko beste egitura defentsibo batekin lotuta egon ziren ala ez. Edozein kasutan ere, defentsarako egitura hauek usategiekin erabat bateragarriak ziren, eta azken hauek, gainera, proteinak lortzeko bide oso ona ziren.

Bigarren solairuaren gainean bi isurialdeko teilatua dago, sei astoekin. Astazaldiek nahiko angelu itxia markatzen dute, zuzena baino zertxobait irekiagoa, 100º ingurukoa. Bultzadak perimetro-hormetara doaz zuzenean, gaur egun ikus daitezkeen mentsulak errestaurazioan ezarri zituztelarik. Egitura mota hau eredu erromatarretan zuzenean inspiratua dago, eta zurruntasuna eta egonkortasuna bermatzeko asto bakoitzak azpiko tirantea du, gehi pendoloi bertikal bat, lau jabaloiekin indartua, alde bakoitzean bat, hain zuzen ere. Egitura dotore eta erakargarria da, gelari tankera ederra eta ikusgarria ematen diona. Estalki honen kanpoko itxidura harlauzekin egina doa, Nafarroan erdi-arotik oso ongi dokumentatuta dagoen sistema tradizionala. Lortzeko erraza da, oso gogorra, iraunkorra eta iragazgaitza, bere akats bakarra pisu handia delarik, azpian oso egitura gogorrak jartzera behartzen duelako. Teilatuaren gailurrean, isurialde bat bestearen gainean gainjarrita dago, gainean haize nagusiari begira dagoena utziz.