Arkitektura

Oñatiko Udaletxea

Aro Modernoak aldaketa politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak ekarri zituen eta honek izugarrizko bilakaera bultzatu zuen eremu artistiko guztietan, besteak beste, arkitektura esparruan. Kontutan hartu behar da garai honetan botere zibila botere erlijiosotik aldentzen hasi zela. Horren ondorioz, baliabide ekonomiko handieneko hiribildu eta herrietan udaletxeak edo kontzeju-etxeak eraiki ziren, udalerriko premia berriei bertatik erantzuteko eta, bide batez, botere erlijiosotik libre geratzeko.

Adituen ustez, Euskal Herriko udaletxeen egitura soila da. Eraikin neurritsuak dira, kanpotik latzak eta zorrotzak. Berezkoak dituzten ezaugarriak hauek dira: oinplano aglomeratua eta patiorik gabekoa, beheko solairu arkuduna, lehenengo solairuan batzar aretoa eta balkoi luzea, fatxada nagusiaren goiko partean tokian tokiko armarria eta teilatu hegal zabala eta zizelatua.

Eraikin mota hauek, agintarien seriotasuna, zorroztasuna eta gobernu ona adierazi nahi dute. Hortaz, ez dute, oro har, dekorazio nabarmenik eta ez dira arranditsuak izaten. Hala ere, Gipuzkoako hainbat udaletxetan XVIII. mendeko Luis XVI.aren frantses kutsuaren eragina sumatzen da. Oñatiko udaletxea da horren eredu.