Literaturakoak

Uztaro (1937). Tomas Agirre

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Uztaro eleberria 1937an eman zen argitara lehenengoz Editorial Vasca argitaletxean Editorial Vasca argitaletxean Onaindiak dioenez (1977) II gerra garaian hain zuzen, eta bigarrenez, berriz, 1950ean plazaratu zen Bilboko argitaletxe berean. Geu Argitaldariak Barrensoro aurkeztean adierazitakoagatik dakigu, bigarren argitalpenerako izenburuari eranskin bat ipini ziola eta honela geratu zela: Uztaro: Gure erriaren bizierari buruz, edesti jakingarria izenburuaz, eta gainera, Euskadi izena desagertu egin zen bigarren ediziorako eta gure herri edo gure ipini zuen, garaia eta giroa kontuan hartuta (1984).

Hamabi ataletan banaturik dago eleberria, eta izenburuak berak iragartzen duen gisara Euskal Herriko bizimoduaren adierazgarri izatea du xedeetako bat, baina ez da helburu bakarra, beherago diogun moduan helburu moralizatzailea ere badu-eta eleberriak. Narratzaile orojakile batek kontaturik dago Malentxo pertsonaia nagusi duen eleberri honen historia, iritziak eta gogoetak tartekatuz, zenbaitetan gainera, galdera erretoriko gisara. Hizkera bizia eta hiztegi aberatsa dira eleberri honen beste ezaugarrietako batzuk.

Ohiturazko eleberri gisara sailka daiteke, haren eragin nabaria du, "ohiturazkoaren zama handiagoa da [...] gizarte-klaseen balioespen moralari eta manikeistari dagokionez" Kortazarren iritziz, baina eleberri modernisten ezaugarriak ere aurki daitezke eleberri honetan, hala nola, "izenburu sinbolikoa, deskribapen liriko eta estilizatzailea, estilo neomodernistara hurbiltzea" (2000: 70). Horrekin loturik dago eleberrian aurki genezakeen adjektibazio ugaria. Ohiturazkoak duen garrantzia kontuan harturik, Txomin Agirrerekiko erkaketa gauzatu du Kortazarrek, edukiari nahiz alderdi formalari erreparatuz: antzekoak dira akotazioak egitean eta eleberriaren giroa aukeratzean, baina estiloaren ikuspegitik konplexuagoa da Tomas Agirreren sintaxia Txomin Agirrerena baino, eta edukiaren aldetik ikuspegi moralizatzailea areagoturik dago (2000: 70). Aldekoak berriz, hainbat paralelismo markatu ditu Uztaro eta Garoa eleberrien ezaugarrien artean: bi pertsonaia nagusiek izen bera dute -Malentxo- eta biak moja sartzen dira azkenean, Dorronsoro baserria dugu Uztaron eta Zabaleta baserria, berriz, Garoan (2004: 122).

  • ALDEKOA, Iñaki. Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein, 2004.
  • GEU. "Irakurleari (Barrensoro aurkeztuz)". In Toma Agirre (Barrensoro): Gazigozoak. Geu Argitaldaria, 1984.
  • KORTAZAR, Jon. Euskal literatura XX. mendean. Zaragoza: Pramés, 2000.
  • ONAINDIA, Santi. Euskal Literatura V. Donostia: Etor, 1976.