"Baztango mutil-dantzak" etiketaren azpian ezaugarri komuneko dantza talde bat biltzen da eta ezaugarri horiei esker bereizi daitezke beste mutil-dantzetatik. Mutil-dantza guztiak biltzen dituen ezaugarria da mutilek soilik dantzatzea.
Baztango mutil-dantzak borobil irekian eta erlojuaren orratzen ibilbidearen kontrako norantzan dantzatzen dira. Parte hartzea irekia izan da (garai modernoetan, bederen) dantzatzen jakin duen orori, beti ere gizonak baldin baziren (mutilak zein gizonak, ezkongabeak zein ezkonduak).
Gaur egunean mutil-dantzak jotzen eta dantzatzen dira, batez ere, Baztango herri eta auzo ezberdinetako herriko bestak ospatzen direnean, baina, aintzinean edozein igandean dantza zitezkeen, beti ere musikarik bazegoen.
Baztango mutil-dantzak "mutil-dantzen" taldean koka badaitezke ere (parte hartzaileen generoa da ezaugarri nagusia), ezin ukatuzko harremanak identifikatuak izan dira Baztango mutil-dantzen, Iparraldeko jauzien eta Biarnoko sautsen artean.
20 mutil-dantza identifika daitezke, horien barnean sartzen baldin badugu hasierako agurtze mugimendua:
- Aunitz urtez
- Hiru puntukoa
- Billantziko
- Zozuarena
- Xoriarena
- Biligarroarena
- Biligarroarena zaharra
- Añarxume
- Xerri-begi
- Xerri-begi zaharra
- Zazpi-jauzi
- Zazpi-jautzi zaharra
- Muxikoa
- Billantziko txiki
- Billantziko zaharra
- Zahar-dantza
- Mando zaharrarena
- Ardoarena
- Añar-haundi
- Tellarin