Dantza

Arantzako mutil-dantza

Bidasoaldean zirkulu irekian erlojuaren aurkako norantzan, gizonezko gazteek egiten dituzten dantzak mutil-dantza izenarekin ezagutzen dira; gaur egun dantza hauetan adin ezberdinetako gizonek parte hartzen dute, baita zenbaitetan emakumezkoek ere.

Ezagunenak, erroturik daudelako eta erritual kutsua hartzen dutelako Baztango mutil-dantzak dira; entziklopedia honetako beste artikuluetan azaltzen dira.

Herri batzuetan mutil-dantza bera dantza ziklo edo multzo zabalago baten baitan ageri da. Hau da Lesakako dantzen kasua edota Arantzako dantza luzearena; izen honekin ezagutzen da herrian.

Lehenengo mutil-dantza zikloaren hasieran egiten da, neska-mutilak biribilketaren erritmoarekin plazara sartu ondoren. Doinua Lesakan "zantzo-monona" izenarekin ezagutzen den mutil-dantzaren antzekoa da. Bi zati ditu, lehenengoan, gainontzeko mutil-dantzetan bezala, agurra egiten da, "aunitz urtez" deitzen dena; honetan jendea agurtu ondoren mutilek bikoteka txapelarekin elkar agurtzen dute. Bigarrenean mutilek azkar aurrerantz doaz erlojuaren aurkako norantzan, beti ere, zirkulu irekia osatuz. Musikaren zati bakoitzaren amaieran binaka eta elkarri begira iautzi batzu egiten dituzte.

Dantza zikloaren azalpen guztia Arantzako ihauteriei buruzko artikuluan irakur daiteke.

Neskak sokan sartzen direnean mutilek dantza bera errepikatzen dute (bigarren mutil-dantza izena hartzen badu ere), baina oraingo honetan sokaren baitan, hau da mutil bakoitzak zapien bitartez loturik dituen bi nesken artean dantzatzen du.

Bada mutilek bakarrik egiten duten beste dantza bat, "Hiru bueltakoa" deitzen dutena, zeinetan erritmoa biziagoa den eta honenbestez azkarrago aurreratzen dute plazan barna.

Dantza luzearen zikloa neska-dantza eta soka-dantza edo zortzikoarekin osatzen da.

Beste ohitura batzuekin gertatu zen bezala dantza hauek 1936ko guda ostean galdu ziren ere eta mende bereko 70 hamarkadan berreskurapen prozesuari ekin zitzaion, kasu honetan folklore talde hiritar batzuek partehartze zuzena izan zutelarik; besteak beste Lasarte-Oriako Erketz, Donostiako Argia edota Iruñeko Ortzadar. Herrian txistulari onak izanaren tradizioak, hala nola Biurrarena eta Errena, partituren berreskurapena erraztu zuen, eta honen ondotik, dantzarena.

Dantzeko tokia eta data denboran zehar aldakorrak izan dira. Egun abuztuko amabirjinaren omenez, abuztuaren 15ean herriko pilotalekuan egiten da. Aitzinean inauteri egunetan, astelehen zein astearteko arratsaldetan dantzatzen zen. Badira San Juan eguneko bigarrenean dantzatzen zenaren erreferentzia idatziak (ikus bibliografia).

Azken garaian belaunaldiz belaunaldiko transmisioa bermatuta dago, haurrek eta gazteek ere dantzatzen dutelako, honela, une berezietan dantzari kopurua zenbait hamarkada izatera iritsi da, etorkizuna ziurtatu delarik.

Mutilek erabili izan duten ohiko janzkera txuria da (galtza eta atorra), gerriko eta txapela gorriarekin. Lepoan zapi koloredun handi bana daramate, soka-dantza osatzeko neskekin lotzeko erabiltzen dutena. Oinetan espartin zuriak, gorri koloreko zintadunak, janzten dituzte. Azken urteetan, aldiz, galtza urdina izaten da eta gerrikoa zein txapela beltzak; zenbaitetan koadro urdineko zapia daramate.

Ihauterietan jantzi berezi eta kolore deigarrietakoa erabili ohi zuten, arlekin itxurakoa, buruan txapela zintaduna zeramatela.



Musika txistulariaren ardura izan da, danbolinaz eta atabalaz lagunduta. Azken urteetan txistu taldea ere entzun izan da. Txistularia dantzari taldea bere plaza barneko ibilbidean laguntzen du.

Mutil-dantza honen doinua Donostiako Argia taldeak 1974ean egindakoMutil-dantza honen doinua Donostiako Argia taldeak 1974ean egindako grabazioan entzungai dago.

  • FERNÁNDEZ DE LARRINOA PABLOS, Kepa. Calendario de fiestas y danzas tradicionales en el País Vasco. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2003.