Aldizkariak

Pamiela

Iruñea,1983-1986/1991-1993

Iruñeko Alde Zaharreko Auzolan liburu-dendaren inguruan sortu zen Pamiela aldizkaria literatura maite zuen hainbat lagunen biltokia bihurtu zenean. Liburu-denda eta literaturzale horien arteko bitartekaritza lana beteko zukeen buletin bat bezala jaio zen. Irakurleen informazio eta aholkularitza eskaerei modu erabilgarrian eta erakargarrian erantzuteko tresna izateko bokazioarekin ekin zioten aldizkariari.

Talde heterogeneoa biltzen zen liburu-dendan; ohikoen artean zeuden Pello Lizarralde, Xabier Eder, Miguel Sánchez Ostiz, Víctor Moreno, Santiago Echandi,... eta guztien buru, Txema Aranaz, bertako langilea. Ikuspegi guztiak errespetatzea izan zen bilkuraren oinarrietako bat.

Pello Lizarraldek berak proposatu zuen aldizkariarentzat izena. Bere aitonak kontatutako ipuinetan entzundako pamielak sorginek baserrietako atarietan uzten zituzten kutxak ei ziren. Inork irekiz gero, gaitz guztiak beraien gain eroriko zitzaizkien. Kutxa horiek urrutiratu behar zituzten, beste norbaiti salduz edota oparituz.

1983ko ekainaren 1ean aurkeztu zuten 1. zenbakia. Liburu-dendak finantzatu zuen 1000 aleko tirada eta 50 pezetatan saldu zituzten. Formatuari dagokionez, 19x26ko neurria aukeratu zuten.

1. zenbakian ageri diren parte-hartzaileak honakoak izan ziren: Miguel Sánchez Ostiz, Ana Iribar, Mikel Taberna, Jon Alonso, Josetxo Azkona, Ignacio Aranaz, Xabier Eder, Pello Lizarralde, Santiago Echandi, Jordi Mateu, Jose Maria Romera, Vicente Huici, Víctor Moreno, Carlos Bidegain eta Xabier Martinez. Portadaren diseinua Urbasarena izan zen eta marrazkia, Begoña Ziarena.

Euskararen presentziari mugarik edo portzentairik inoiz jarri ez zioten arren, gaztelerazko idazlanen kopurua nabaria izan zen lehenengo momentutik. Horren aurrean, euskaraz bere osotasunean egiteko beharra sentitu zuten Pamielako hainbat kidek eta Korrok aldizkaria sortu zuten hurrengo urtean, euskara hutsean Iruñean argitaratutako lehenengo literatur aldizkaria. Aipatutako Mikel Taberna, Jon Alonso, Ana Iribar eta Josetxo Azkonaz gaiz, Xabier Diazek eta Josune Aranburuk bideratu zuten Korrok (1984-89).

Gaiarekin lotutako liburuen bibliografia, iruzkinak eta kritikak modu eraginkorrago batean plazaratu eta aholkularitza zerbitzu osoago bat emate aldera, gai monografiko bati lotutako gehigarri, eranskin edota liburuxkekin osatu ohi zuten Pamiela aldizkaria. Ale bakoitzak sorpresa bat zekarren. 1. zenbakiko gaia, esaterako, bidaia literaturari buruzkoa izan zen. 2. zenbakia, berriz, Kafkari eskaini zioten, bere jaiotzaren mendeurrena zela eta. Geroago etorriko ziren memoria, biografia eta egunerokoak; hiperlasizismoa; kioskoa eta literatura; haur literatura; Sefardi berezia; Oulipo dosierra; errusiar banguardia; Win Wenders; euskararen bizitza; pake hauek, gerra hauek,...

2. zenbakia 1983ko uztailean plazaratu zuten, tirada 1500 alera igoz. Aldizkaria Auzolan liburu-dendatik kanpo uztea erabaki zuten, besteak beste aldizkaria liburu-denda askotara banatu behar zutelako.

Korrokeroak Pamielatik aldendu zirenetik, euskararen presentzia nabarmen ahuldu zen. 2. ale honetan; editorialaz gain, euskaraz Pello Lizarralderen narrazioa topa dezakegu soilik.

Koordinazioa, maketa eta marrazkien ardura Epik Pamiela Flip taldeak zeraman. Luis Martorell gehitu zitzaion taldeari eta, Santiago Echandiren gidoiarekin, "El" komikia egin zuen. Momentu horretatik aurrera, komikiek eta marrazkiek, baita argazkiek ere bere neurrian, garrantzia handia izango dute. 3. zenbakitik aurrera, adibidez, komikien sail berri bat hasiko dute. Komikigileen artean, besteak beste, honakoak aritu ziren hamabost zenbakietan zehar: Luis Martorell, Pedro Osés, Joaquín Resano, Ernesto Murillo "Simonides", Javier Mina, J.M. Mata, Nazario Luque, Montesol,...

Azalen egile eta marrazkilariei dagokienez, asko izan ziren kolaboratzaileak. Aipatutako komikigileez gain, Begoña Zia, Jose Mari Muñoz, Daniel Tamayo, M. Iñiguez, A. Ustarroz, Geni Etxeberria, Angel Arbe, Cristina Galobart, Fabiola Beltzutegi, Xabi Otero, Jesus Etxeberria, Mª Jesus Etxeberria, Emilio Matute, Teodoro Sabando, Jose Enrike Urrutia Kapo,... Argazkilarien artean, J.M. Zabala, Eduardo Muñoz, Luis Otaegi, Ramon Masats, J. Azanza,...aritu ziren.

1984ko otsaileko 4. zenbakian Pablo Antoñanari (1927-2009) omenaldia egin zioten eta ale hartan idazle nafarrari buruz gehigarri berezi bat atera zuten. Aitzakia horrekin batera, egile horren literatura lanen bilduma bat argitaratzeari ekin zioten. Lehenengo argitarapena Antoñanaren Pequeña crónica eleberria izan zen, 1972an Gipuzkoa Saria eskuratu eta 1975ean Kurpil aldizkariak argitaratu zuena.

Ez zuten argitaletxe izateko inongo asmorik, baina huraxe izan zen Pamiela argitaletxearen abiapuntua. Ondorioz, argitaletxearen kudeaketak aldizkariaren erritmoa moteldu eta zaildu zuen.

6. zenbakiak (1984ko ekaina-uztaila) aldizkaria lau haizeetara zabaltzea ekarri zuen. Alde batetik, Eguzki Irratian Pamielaren irratsaioa ostiralero entzun zitekeelako eta bestetik Pamiela Ustela gehigarria plazaratzeari ekin ziotelako. Grafismoari garrantzi handia eman zioten eta idazlanak tartekatu zituzten. 20.000 ale doan banatu zituzten, baina ez zuen arrakastarik izan eta tiradaren erdia banatu gabe geratu zen banaketa arazoengatik. Bestalde, doan izateak ez zion mesederik egin, kalitate gutxiagoko lanak izango zirela uste izan baitzuen batek baino gehiagok. Hiru ale atera zituzten denera; 2.a 1985eko maiatzean eta 3.a urte bereko uztailean.

7. zenbakitik aurrera (1984ko urria) Soñua diskoetxearekin harremana sortu zen, ghettoak puskatzeko asmoarekin eta musikarekin lotutako irakurlegora hurbiltzearren. Urtebete baino gutxiago iraun zuen abenturak. 1985eko Durangoko liburu azokan bertan, 9. zenbakiaren ostean, bertan behera geratu zen elkarlana.

Aldizkaria Iruñean sortu eta kudeatu zuten arren, Bilborekin izandako harremana berezia izan zen. Txema Larrea eta Bilboko lagunekin Iruña-Bilbo ardatza osatu zuten 7. zenbakitik aurrera. Txema Larreak eta Seve Callejak osatu zuten Bilboko erredakzioa (Gero Jose Enrike Urrutia, Luigi Anselmi,...). Donostiakoan Jorja Cirera zegoen. Iruñeako erredakziokoak, berriz, honakoak ziren: Victor Moreno, Pello Lizarralde, Santiago Echandi eta Txema Aranaz.

Ale honetan beste euskal literatur aldizkarietan argitaratutako lanak plazaratu zituzten, tartean Ttu-Ttuá, Maiatz, Kandela eta Susakoak. Euskararen presentzia areagotu egin zen. Hurrengo zenbakian, 1985eko 8.zkian, fanzineek tarte berezia izan zuten.

10. zenbakian (1985eko azaroa) formatua aldatu zuten (33,5x24). 12. zenbakitik (1986eko uda) 13.era (1991eko negua) ia bost urteko etena egon zen arazo ekonomikoak eta banaketa zailtasunak izan zituztelako. Pamielako kideen artean nekea ere gailendu zen, aipatutako arazoen eraginez hein handi batean. Irakurleek adierazitako interesak bultzatu zien aldizkaria berriz kaleratzera.

Pamielak urtero krisi finantziero bat jasan behar izaten zuen, eta aurrera segitu bazuen Txema Aranazen adore, lan eta inbertsioei esker izan zen. Ez zuten apenas diru-laguntzarik inoiz jaso. Ahal zen neurrian, liburuak autofinantzatu behar izaten zituzten, eta hori posible ez zenean eurek sortu eta 1991ean legeztatutako Lamia fotokonposizio enpresaren bidez egiten zuten. Elkarte honek beste batzuentzat lanak egiten zituen (Euskal Idazleen Elkarteko Hegats literatur aldizkariaren fotokonposizioa eta diseinua ere egin izan zuen sasoi batean) eta hortik lortutako etekinekin aurrera egin ahal izan zuten. Lan egiteko modu honek independentzia handia ematen zien Pamielakoei, baina bestalde zaila egiten zuen aldizkariak maiztasun finko bat izatea, diru gorabeheren menpe baitzeuden beti.

13. zenbakiarekin bueltatu zirenean, hasierako formatua erabiltzen hasi ziren (28x21,5). 10. zenbakitik aurrera baztertutako editoriala ere errekuperatu zuten. Hiru gehigarri bildu zituzten ale horrekin: aurrena, Jules Laforgueren antzerki-lan bat, José Mª Sánchez Carrión "Txepetx"en Un futuro para nuestro pasado liburuari buruzko dosierra eta Jose Enrike Urrutiak atondutako Bertze Pamiela, zubereraz idatzitako zortzi orrialdeko aldizkariaren lehenengo eta azken zenbakia.

Hamabost urteko ibilbidearen ondoren, 1993ko neguan atera zuen Pamielak bere azken zenbakia, 15.a., euskararen egoera aztertzen zuen ale monografikoa.

Idazle berrientzat plataforma izan zen aldizkaria, baina kalitate maila bat ziurtatu behar izan zuten idazlanek. Oso kritikoak ziren idazlanak argitaratzerakoan eta gutxieneko batzuk gainditu behar izaten zituzten. Presarik gabe lan egiteko filosofia zuten, kantitateari baino gehiago kalitateari begiratuz. Euskaraz idatzi zuten egileen artean honakoak aipa genitzake, besteak beste: Mikel Taberna, Jon Alonso, Ana Iribar, Josetxo Azkona, Pello Lizarralde, Txema Larrea, Jose Enrike Urrutia, Joseba Sarrionandia, Luigi Anselmi, Amaia Iturbide, Jon Kortazar, Eneko Oregi, Ruper Ordorika, Xabier Kintana, Andolin Eguzkitza, Mirari Korta, A. Abrisketa, Pako Aristi, Patziku Perurena, Dani Salaberri, Bixente Serrano Izko, Bernardo Atxaga, Tere Irastortza, Xabier Etxaniz Erle, Juan Martin Elexpuru, Patri Urkizu,...

Pamielaren itzalak luzaroan segitu zuen euskal aldizkarigintzan, bere eskutik edo bere laguntzaz sortu baitziren Mazantini (1991-93), Garziarena berria (1997-98) eta Erlea (2009-...).