Arkitektura

Valdespinako Markesaren Jauregia. Ermua

Barrokoa XVII. mendearen erdialdean hasi zen zabaltzen Euskal Herrian, eta XVIII. mende osoan zehar luzatu zen. Beste lurralde batzuekin konparatuz, estiloa berandu iritsi eta motel egokitu zela esan daiteke, baina azken fasean, hau da, XVIII. mendean, obrarik garrantzitsuenak egin ziren.

XVIII. mendean Bizkaian eraiki ziren jaueregietatik, Valdespinako Markesaren jauregia izan da deigarrienetako bat. Etxaleku hau Ermuako hirigune historikoan kokatzen da, Valdespinako Markesaren kalean, hain zuzen ere. Jauregia Santiago parrokia-elizaren aurrean dago eta deigarria da eraikuntza honekin daukan harremana. Bizkaiko errenazimenduaren eredu onenetariko bat da Santiago parrokia-eliza baina, kanpandorreari dagokienez, aldi barrokoko ezaugarriak ikus daitezke, Valdespina jauregiaren parekoak, izan ere, bi eraikinak arkitekto berak, hots, Sebastian Lekuonak egin zituen.

Erdi Aroko jatorrizko etxebizitzak ia ez dira mantentzen Ermuan, baina jakina da herri sarearen egitura partzela estuetan antolatzen zela garai hartan, hortaz, litekeena da Valdespina jauregiko orubea horietako partzela batzuen elkartzearen emaitza izatea. Etxaleku urbano hau leku pribilegiatu batean proiektatu zen, ez bakarrik hiribildura irekita egoteagatik baizik eta zelaira ere. Gogora dezagun, XVIII. mendeko barrokoaren pentsamoldeari jarraiki, garai honetako jauregiak altxatzeko landarez inguratutako bizilekuak aukeratzen zirela edo, orube preziatuenek, behintzat, naturarekin harreman zuzena zeukatela, eta Valdespina jauregiaren kasuan adibide ona dugu.

1729an Andres Orbe eta Larreategik, Valentziako artzapezpikua eta inkisidore nagusiak, sustatu zuen jauregi honen eraikuntza eta Ermuako parrokia-elizaren kanpandorrea. Sebastian Lekuona arkitektoarekin hitzartu zituen obrak eta artzapezpikuaren mezenasgoari esker aurrera eraman ziren egitasmo hauek, etxalekua eta kanpandorrea. Aipatutako arkitektoa ezaguna zen lurraldean, zeren, garai hartan Loiolako santutegiko obretan aritu baitzen eta Elgoibarko udaletxeko trazatuan ihardun baitzuen. Hala ere, Sebastian Lekuona 1733. urtean zendu zen eta bere koinatua, Jose Zuaznabar hargina, arduratu zen lanetaz, 1759an bukatuz.

Estiloari begiratuz gero, Valdespina jauregiaren eraikuntza XVIII. mende erdiko barrokoan agintzen zuten joeren arabera sortuta dago, baina beste garai hartako jauregi batzuekin konparatuta, eredu hau apainketa ugariz dago egina.

Eraikin honek 520 metro karratu inguru eraikita dauka, alde guztietatik libre dago eta, antzinako grabatuen arabera, haren inguruan aurkitzen ziren tamaina handiko lorategi bat, ortu bat ibai batengatik banatuta zegoena eta zubia. Kantauri aldeko probintzietako tradizioari jarraiki, oinplano karratu gainean eraikita dago, ez dauka barruko patiorik, hiru solairu eta ganbara ditu, teilatua lau isurialdekoa da eta nabarmenena da linternadun kupulaz estaltzen dela.

Eraikuntza materialari dagokionez, hondar-harriz egina dago, baina bereiztu behar da fatxada nagusiaren kalitatea, aparailua isodomoz egina eta maila altuz landuta dagoena, eta beste hirurak, harlangaitz zarpeatuz moldatuta daudenak eta kantoietan kuxinduriko harlanduak dauzkatela, erremate gisa.

Bereizketa hau ez da sumatzen bakarrik aparailuan, baizik eta fatxaden egituran ere. Osagai deigarrienak fatxada nagusian biltzen dira. Aipatu den bezala, hiru pisu ditu bertikalean, bost bao horizontalki eta erdiko ardatzari garrantzia ematen zaio. Lehenengo solairuko erdian sarbidea kokatzen da; sarrera hau buruduna da eta lerronahasizko baketoiez apainduta dago, gainera, bi alboetan bi lehio irekitzen dira molduraz eta antzeko apainketaz hornituak. Bigarren eta hirugarren solairuak, balkoidunak dira, moldurez, girnaldaz eta oxkar zatituz hornituak; bi kasutan ardatza nagusia nabarmentzen jarraitzen da. Bao inguruetako apainketa hierarkizatzen da, hau da, gero eta konplexuagoa da, nabarmenduz, hirugarren solairuakoa non balkoiak, apaingarriaz gain, frontoi klasikoez hornitzen dira. Bukatzeko fatxada honekin, kantoietan Orbe eta Larreategitarren bi armarri berdinak, balkoietako forjaz eginiko lanak eta harrizko erlaitzetan apaingarri harburuak ageri direnek aipamena merezi dute.

Atzeko fatxadak, hau da, lorategira eta ibaira begira dagoena, aparteko antolaketa dauka espazio naturalaren gozamenerako. Galeria edo loggia ezberdinak agertzen dira hiru solairuetan. Lehenengo pisukoa puntu erdiko hiru baoren bidez irekitzen da lorategira; bigarrengo solairuko galeria bost baokoa da eta ertz batean hormara itsatsitako harrizko eskailera agertzen zen; goiko solairuko loggiak bost bao ditu eta angeluzuzen lehioekin aldikatzen dira. Bi galeria hauetako ertzetan lehioburu estu eta txikiak irekitzen dira. Antolaketa hau aztertuta, fatxada nagusian ez bezala, bistan da, argiztapenari eta aireztapenari garrantzi handia ematen zaiola baina, estetikari ezertan amore eman gabe.

Beste bi fatxadak zorrotzak eta apaindura gutxikoak dira; bi aurpegietan irekitzen diren baoak, bai lehioak bai balkoiak, angeluzuzenak dira, ia apainketarik gabe. Aipagarria da mendebaldeko aldean agertzen zen bigarren mailako eskailera, fatxada honen antolaketa baldintzatzen baitzuen.

Dena den, estalkia da eraikin honen kanpoko elementu deigarriena. Teilatuaren gainean irekitzen da kupula borobil bat, danbor oktogonal baten gainean kokatuta dagoena; linterna, pinakulu, bola eta haize-orratzarekin errematatzen da multzo guzti hau. Estalki honen osagaiek Santiago parrokia-elizaren kanpandorrearen elementuekin antza handia daukate eta, honi esker, bi eraikinen arteko ezarritako harremana, zuzena izateaz gain orekatua da.

XVIII. mendearen amaieran, 1794ko abuztuaren 29an zehazki, Frantziako tropeek sua eman zieten Ermuako eraikin garrantzitsuenei, besteak beste, Valdespina jauregia, suntsituta gelditu zena. Horren ondorioz, orduan, lehenengo berriztapena jaso zuen. Gaur egun, Valdespina jauregia Ermuako udaletxea da eta barruko aldea erabat moldatuta dago. Erabilera berri horretarako berriro egokitu behar izan zuten eraikin osoa, hortaz, jatorrizko antolaketa desagertu egin da eta elementu nagusiak kendu dituzte, adibidez, atzeko fatxadan zegoen kanpoko eskailera. Horretaz gain, inguruetako eraikin laguntzaileak eta antzinako ortua eta lorategia lorategi handi bihurtu dute.

Bukatzeko, beharrezkoa da esatea Bizkaiko etxaleku urbanoetan galeriaz tauxututa dauden fatxadak arruntak direla; Valdespina jauregia aparte, Tola jauregia (Elorrio), Casajara jauregia (Elorrio) eta Urkizutarren jauregia (Elorrio) beste adibide ona batzuk dira.

  • BARRIO LOZA, J. A. (Dir) Bizkaia. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura histórica. 3 volúmenes. Bilbao. 1989-1991.
  • BARRIO LOZA, J. A. (Dir) Monumentos nacionales de Euskadi. Tomo III: Vizcaya. Departamento de Cultura del Gobierno Vasco. Zamudio: Ed. Elexpuru, 1985.
  • FERNÁNDEZ ALTUNA, José Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
  • VV. AA. Guía del patrimonio histórico artístico y paisajístico. Editorial Etor.