Arkitektura

Varona Dorretxea. Villanañe

Jakina denez, anitz dira Arabako lurraldean kontserbatzen diren defentsarako eraikuntzak eta gotortuak. Izan ere, probintzia honek protagonismo handia izan du historian zehar, adibidez, erromatarren garaian, eta geroago, erdi aroan, arabiarren liskarretan, eta bandoen arteko gudetan.

Hori dela eta, bai hiriguneetan bai landa-inguruetan aurki daitezke arkitektura mota honen adibide esanguratsuak. Landa eremuan, hain zuzen ere, Aiara eta Zuia Bailaretan, Arabako Lautadaren ekialdean eta mendebaldean, Erriberabeitiako hegoaldean eta Arabako Mendian banatzen dira deigarrienetako multzo batzuk.

Aipatutakoaz aparte, Gobiarango Bailaran, Villanañe herrian, zehazki, kokatzen da Varonatarren dorrea. Multzo hau herriaren hego-ekialdean aurkitzen da, auzotegiaren elizatik oso gertu.

Eraikuntza honen lehen aztarna baieztatuak XII. mende ingurukoak dira. Garai hartan, Martin Perez de Barahonak landa edo lur hauen jaurerria jaso zuen Espainiako erregearen eskutik. Geroago, batez ere XVI. mendetik aurrera, leinua indartu eta Varonatarren prestigioa handitu ziren heinean arlo guztietan (sozialki, ekonomikoki eta politikoki), dorrea hasi zen berreraikitzen eta multzo monumentala sortzen. Adituen ustez, Varonatarren etxea XIV. mendearen bukaeran eta XV. mendearen hasieran egina zen. Hainbat dokumentu eta agirien arabera, XVII. eta XIX. mendean, bai kanpoko, bai barruko aldean berritzeko lanak burutu ziren. Gaur egun, esan daiteke Arabako lurraldean kokatzen diren defentsarako eraikuntzetatik Varonatarrena dela hobeto kontserbatuta dagoena.