Arkitektura

Mendoza dorretxea

Gotikoaren garaian, arkitektura zibilaren alorreari dagokionez, Arabako eraikinen kopuruak garrantzi handia izan zuen. Hiriburuan, Gasteizen, pilatzen dira eraikuntza zibil garai honetako adibiderik hoberenetako batzuk, baina, Arabako lurralde osoan eta, bereziki hiriburuaren inguruan, aurkitzen ditugu zutik dirauten jauregi eta dorretxe nagusiak.

Zenbait arrazoi eman daitezke eraikuntza mota honen agerpena adierazteko, besteak beste, azpimarratzekoak dira Arabako lurraldeak dituen kokapena eta orografia. Kokapenari dagokionez, Gaztelako mesetaren eta Ebro ibaiaren bailararen artean dago, Kantauriko kostalderantz eta Pirineotarantz, hau da, Frantziako helbiderantz. Bestalde, orografian arreta jarriz, probintzia honek daukana oso egokia da defentsarako. Adibidez, errekonkistaren garaian, Arabako mendiketak defentsa-lerro bihurtu ziren. Geroko garaietan, pasabide nagusiak eta merkataritzako komunikabideak sortu ziren.

Araban zehar aurkitzen dira adibide erakusgarriak, nabarmenduz, Aiarako, Zuiako eta Gobiarango bailaretan, Erriberabeitiako hegoaldean eta Arabako Lautadan kokatzen direnak. Adituen ustez, lurralde guzti honetan 130etik gora dorretxe altxatu ziren baina hauetako batzuk desagertu egin dira eta beste batzuen aztarnek baino ez dira heldu. Dena den, badaude eredu edo multzo oso garrantsitzuak eta esanguratsuak direnak, adibidez, Mendozan aurkitzen dena.

Arabako Lautadaren mendebaldean kokatzen da Mendoza, leku pribilejiatu batean. Gune hau aintzinetik ezaguna da, nahiz erromatarren garaian, nahiz Erdi Aroan. Izan ere, Arabako historian zehar Mendoza hiribildutik pasabide garrantzitsuak pasa ziren eta kontrolatzen ziren.

Mendoza abizen hutsak Arabako noblearen historiako familiarik garrantzitsuenetako bat gogora ekarri digu eta honekin batera lurralde honetako eta Espainia herrialdeko gertakaera politiko, sozial eta ekonomikoak. Mendozaren leinuak gune honetan dauka jatorrizko orubea eta Mendoza dorretxean, hain zuzen ere, leinu honen iraunkortasuna eta prestigioa gauzatu egiten dira.

Aipatutako dorretxea, Arratoko mendatetik gertu, Laña ibaiaren ertzean dago, zehazki, Mendoza auzotegiaren sarreran. Eraikuntza honen lehen berriak XIII. mende ingurukoak dira. Badirudi, XII. mendearen bukaeran hasi zela eraikia eta XIII. mendearen lehen hamarkadetan amaitu zutela. Iñigo de Mendoza jaunak agindu zuen dorretxe honen eraikuntza eta leinu honen eskutan iraun zuen haren jabetasunak 1856. urtera arte. Urte horretan Bruno Martínez de Aragón gasteiztarrak erosi zuen multzoa.