Arkitektura

Arradako harresia

Arrada Aragoi ibaiaren gaineko terraza batetan kokatua dago, 400 metrotako altitudean, Mélida eta Caparrosoren arteko bidean. Badirudi tokia historiaurretik egon zela populatua, eta indusketa arkeologikoetan garai ezberdinetako zeramika-puskak, hezurrak eta bestelako arrastoak aurkitu dituzte. Arradako mendixkak hiruki baten forma du, eta aldapa malkartsuak ditu inguruan, batez ere iparraldean, ibaiaren gaineko frontean. Oso baldintza onak dira, beraz, defentsarako.

Erdi Aroan Arradako herri eta gotorleku garrantzitsu hau Radako leinu garrantzitsuaren jatorrizko orubea izan zen. Aznar Aznárez de Rada XIII. mendeko zaldun nabarmena izan zen, agiriek diotenez. 1102an aipatzen da lehen aldiz, eta Zaragozako birkonkistan parte hartu omen zuen 1118an. Rodrigo Ximenez de Rada 1212. urteko Jaengo Navas de Tolosako guduan parte hartu zuen, eta XIII. mendeko lehen erdialdean Gil de Rada zaldunak Nafarroako Teobaldo II. erregeari basailutza aitortu zion zalduna izan zen. Mende bukaera aldera, 1297an hain zuzen ere, Arrada erregearen eskuetara pasa zen leinuaren heredero faltagatik.

Luis I. Setatia Nafarroako erregeak Oger de Mauleón jaunari eman zion Arradako hiribildua, eta geroztik eta herria suntsitu zuten arte familia hau izan zen Arradako jaurgoaren titularra. Bere garrantziaren isla izan daiteke 1335an, Iruñeko katedraleko Errefektorio gotikoaren ganga bukatu zenean, Radako leinuaren armarria irudikatu zutela giltzarri batetan, garaiko beste familia nabarmenen armarrien artean.

XIII. mendetik aurrera, Nafarroako noblezia bitan banatu zuen beaumondarren eta agramondarren arteko burrukan, Radako leinukideak beaumondarrak izan ziren. Horregatik 1451an, Gerra Zibila piztu zenean, Arradatarrak Karlos Bianako Printzearen alde agertu ziren, Johan II.a bere aitaren aurka izan zuen liskarrean. Lau urte beranduago, Charles de Mauleón Arradako jauna zela, Martin de Peraltaren agindupean zeuden tropa agramondarrek eraso zuten Arrada. Setio gogorraren ondoren, agramondarrek erabat suntsitu zuten herria, eta birpopulatzeko saiakera batzuk egon ziren arren, ez zuten arrakastarik izan. Mendeetan zehar hutsik mantendu da Arrada, eta eraikin gehienak desagerturik, elizak soilik iraun zuen zutik, ermita bezala. 1981an Luis de Silva, Mirandako Dukeak, Nafarroako Gobernuari eman zion Arradako despopulatua, eta 1986an indusketa arkeologikoak hasi ziren, hiribildu historiko hau berreskuratu ahal izateko.