Dantza

Dantza-luzea

Dantza luzea [dantza-korda, madari-dantza] dantza mistoa da, katean dantzatzen dena, non dantzariak eskutik edo zapiekin helduta baitoaz, ilara osaturik. Luzaiden eta Donibane-Garaziren eskualdean dantzatzen da. Izaera errituala du, hein batean solemnea eta beste batean jai-girokoa.

Erlojuko orratzen norabideaz beste aldera joanez egiten da, sokaren eskuin muturretik hasita. Brale edo Branleren oso antzeko morfologia ageri du eta Nafarroa Beherean XVI mendean dokumentatu da. Katearen lehendabiziko eta azken tokian lehentasunezko parte hartzaileei gorde ohi zaie. S. Harruguet-en arabera, halako ohorezko postuetan jarduteko ordaindu egin behar zen, bai eta ondorengoetan ere, lehendabizikotik hasita, beheranzko tarifaren arabera. Luzaiden, Done Jakueren egunerako, ohore hau araututa dator ohiturak aintzat hartuz, auzo guztiek dantza luzetik tiratzeko aukera izan dezatela nahi delarik. Ordena, Sagasetak dioenaren arabera, honako hau da: festen lehendabiziko egunean, goizez, meza nagusiaren ostean, Gainekoletakoak ziren dantza gidatzeko arduradunak eta, arratsaldez, hirigunekoak. Bigarren egunean, goizez, Azoletakoen txanda zen eta, arratsaldez, Gaindolakoena eta hirugarren egunekoa Ondarrolakoei gorde zitzaien. Ezkontzetan, emaztegaiak, dantzari aditu bat lagun duela, ohorezko postuan betetzen duen bitartean, senargaiak, azken tokian dela edo sokatik atzera, ardo-zurrutak eskaintzen dizkie ikusleei.

Luzaiden, agintearen erakusgarri, lehentasunezko dantzariek hirurogei bat zentimetrotako makil bat eramaten dute esku librean, kolore biziez pintaturik eta lau abarretan (hiru, Aita Donostiaren hitzetan) adarturik, muturretan bost madari dituela (hortik datorkio hartu ohi duen beste izen bat, hots, madari-dantza). Guilcher-ek azaldu bezala, zuhaitz baten abarra (bananondoa, ereinotza...), arto-landare berdea, bandera bat zein makil apaindua ere izan liteke. Gainontzeko dantzariak, sexu bietakoak, bikoteka gehitzen dira gerora, zapiekin loturiko soka osatuz. Urbeltz-ek jasotzen du inauterietan, ohitura zegoela neba-arrebek osatutako bikoteen dantza luzea osatzeko.

Dantza luzea azken pieza izan ohi zen, arratsaldeko dantzaldiaren ixteko, jauzi, kadrille, bals, txotis, mazurka eta polken zikloak amaitu eta gero, hauekin nahastu gabe.

De Lancre-k, 1613.ean, bi branle-mota bereizi zituen (katean egindako dantzaren sinonimoa delarik, dantzaren gizarte-erakusgarririk esanguratsuena): "Biribilean" (rond, bere hitzetan), hau da, katea itxian, honen barruan bi estilo sartzen direlarik: bata, Bohemiakoa, jauzikakoa (sauts) bestea; eta "luzean" (long), hau da, katea irekian, muturretako batek gidatua (dantza luzea). Eta Duvoisin-ek, Mgr. Daguerre-ren biografian, aipatzen du 1861.ean Larresoron XVIII mendean leila (danse mauresque), dantza luzea (danse longue) eta jauzikako zenbait dantza (saut basque) dantzatu ohi zirela.

Miguel Angel Sagasetak dantza luzearen bi bertsioa argitaratu zituen, ezagunena, Luzaiden dantzatzen dena, Bernardo Lapeire, Juan Camino, Pedro Echeverri eta Pedro Juan Etchamendy-ri hartu ziona, eta Seminario-k jasotakoa, Dassance-k jasotakoarekin bat datorrena. Bere aldetik, Aita Donostiak doinua jasota zion Michel Caminori 1944.ean (bere bildumako 1.208. zenbakikoa).



  • DONOSTIA, A.: Cancionero vasco. Eusko Ikaskuntza. Donostia, 1994.
  • GUILCHER, Jean-Michel. Tradition de danse en Bearn et Pays Basque français. Paris : Editions de la Maison des Sciences de l'homme, 1984.
  • HARRUGUET, S. La danse en Basse-Navarre. Bulletin du Musée Basque. 1927.
  • SAGASETA, Miguel Angel. Danzas de Valcarlos. Nafarroako foru-diputazioa. Iruñea 1977.
  • URBELTZ, Juan Antonio: Dantzak. Euskadiko kutxa. 1978.