Arkitektura

Lardizabal jauregia. Segura

Lardizabal jauregia, 1983tik Segurako Udalaren egoitza dena, Segurako hiribildu historikoan, ekialdeko harresi gainean dago kokatua, Lardizabal kaleko 5.ean hain zuzen ere.



Ver mapa más grande

Segurako onena eta Gipuzkoako handienetarikoa da jauregi barroko hau. Tipologiari dagokionez balio berezia du, patioa duen bakarrenetarikoa baita probintzia osoan.

1686an eraiki zuen Francisco Lardizabal burdin merkatari aberatsak, Segurako familia-dinastia sendoenetako bati hasiera eman zionak.

Lardizabal, oraindik ere Seguran errotuen dagoen abizenetako bat da seguruenik. Familia hau XVII. mendearen amaieran eta XVIII. mendearen hasieran aberastu zen, batez ere, merkataritza eta industria jarduerei eta, familiako kide ezberdinek Salamancako Unibertsitatean ikasketak egin eta eskuratutako, lanpostu Administratiboei esker.

Elkarri atxikitako bi gorputzez osatutako eraikin honek, erdi aroko lau orube hartzen ditu, gutxi gora behera 12 x 22m oinean. Gorputz nagusia, egun udaletxea dena, XVII. mendeko jatorrizko jauregia da, eta bestea, aldiz, Lardizabal kaleko 7.ekoa, Joaquín Lardizabalek 1756an sustatutako handitzea. Bien artean, jauregi nagusiaren hegoaldean, banaketarako patioa dago.

Fatxada nagusia: hiru solairutako eraikuntza konpaktu honen fatxada nagusia kalerantz dago orientatua. Aurrealde hau, Pedro Ercilla harginak eraiki zuen, Zegamako Bidarteko harrobiko, hareharrizko harlanduarekin.

Konposizioa, garai hartan, eta Seguran ohikoa zen irizpide barrokoa jarraitu zuen: hiru ardatz bertikaletan egituratzen da. Halere, inguruko jauregiekin alderatuta, azpimarratzekoa da, kasu honetan, erdiko ardatzari ematen zaion garrantzia: Kuxindura-harlanduz definitutako atetzarrak, oin nagusiko omenaldi balkoiak eta goi oineko armarriak, irteera handiko zurezko teilatu-hegal apainduaren laguntzaz, indar handia ematen diote ardatz nagusiari.

Gainera, ertzak kuxindura-harlanduz errematatuak eta oinen altuera ezberdinen adierazle diren inpostak ere baditu.

Aipagarriak dira, era berean, leiho eta balkoietako burdineriak, jabeen lanbide, eta ondorioz, espezializazioarekin erlazionatu beharrekoak.

Barnealdea: 1814an Juan Antonio Lardizabalek sustatutako eraberritzetik, aldaketa nabarmena eta eragin neoklasikoez gain eta 1980. hamarkadan jauregia udaletxe bilakatzeko egindako beste hainbat lanen ondorioak ikus badaitezke ere, oraindik, jauregiaren jatorrizko banaketa suma daiteke: behe oinean ukuiluak eta bodega zeuden, lehenengoan jabeen gelak eta goikoan, aldiz, mirabeenak.

Egitura: Egiturari dagokionez, eraikuntza sistema tradizionalak erabili zituzten. Kaleari paralelo diren bi karga hormen artean, hiru habearte definitzen dituzten zurezko zutabe, habe eta solairuak eraiki zituzten.

Patioa: XVIII. mendearen erdialdera, jauregiaren handitzea burutzeko, jatorrizko bolumenari hegoaldetik bolumen berria atxiki zitzaion. Une honetan sortzen da, jauregiari balio tipologikoa ematen dion, bolumen nagusiaren eta eraikitako handitzearen arteko banaketarako patioa.

Gipuzkoako patio eredugarrienetakoa da, bertan, zerbitzurako gune eta ukuiluak aurki daitezke, besteak beste.

1686an Francisco Lardizabal jaunak jatorrizko jauregia eraikitzea agindu zuenetik interbentzio ezberdinak egin dira, sakonagoak batzuk eta azalekoagoak besteak, baina guztien eragina bistakoa da.

1756an, hiru belaunaldi Lardizabaldar geroago, ilustrazio frantsesaren garaian, Joaquín Lardizabalek jauregia handitzeko lanak sustatu zituen. Bi bolumenen artean banaketarako patioa utzi zuen, honela, jatorrizko eraikinaren barne-aldaketak saihestuz.

Geroago, 1814an, Independentzia gerraren amaieran, Juan Antonio Lardizabalek eraberritze garrantzitsua sustatu zuen. Barnealdean aldaketa sakonak eragin zituen, jauregia ia guztiz hustu eta egitura atal gehienak ordezkatuz. Era berean, ordukoak dira eskailera nagusia eta areto nagusietako gangatila neoklasikodun sabaiak. Eraikuntza lanak gerraostean burutu zirenez, erabilitako materialak nahiko eskasak ziren eta azken urteetan egin diren azterketen arabera, eraikinaren iraunkortasuna arriskuan jarri zutela baiezta daiteke.

Interbentzioan erabilitako material eta akaberen kalitate eskasaren eraginez, denbora gutxira, 1900-1910 artean, oparotasun-garaia izanik, jauregian konponketa lanak egin zituen bertan bizi zen familiak. Azaleko interbentzioa izan zen eta ez zuten egitura ukitu ere egin. Garai horretakoak dira egun jauregian aurki daitezkeen ateak eta eskailerako akabera materialak ere.

Jatorrizko jauregi aristokratikotik udal gobernuaren egoitza izatera pasatzeko eraberritze lanak, José Ignacio Linazasoro arkitektoak zuzendu zituen 1983an. Lorategi aldeko fatxadan, sarrera nagusi bilakatzeko helburuarekin, adreiluzko arku handi bat irekitzeaz gain, barnealdean, eskailerak berritu zituen eta lehen oineko banaketa aldatu. Hau guztia, era mimetikoan gauzatu zuenez, zaila da interbentzio aurreko egoera eta ondoren egindako lanak bereiztea.

Jatorrizko jauregiko atal asko mantentzen dira. Egiturari dagokionez, jatorrizko horma-kaxa osoak eta estalkiak bertan diraute. Bestalde, fatxada nagusiak ez du ia eraldaketarik jasan eta lorategi aldekoan ere elementu guztiak jatorrizkoak dira, Linazasorok irekitako arkua izan ezik.

Kontserbazio egoerari dagokionez, kanpo itxiturek, mantenu faltak eragindako azaleko arazoak dituzte.

Egituraren kasuan, sistema orokorra 1814ko interbentzioan jatorrizkoa ordezkatuz eraiki zen eta, sekzio txikiagokoak eta elementu gutxiago eraikitzeak egonkortasun arazoak ekarri zituen berekin. Alberto Santana historiagileak, Manu Izagirre, Juan Manuel Saez eta Fernando Díaz teknikariek 2008an osatutako txostenaren arabera, gomendagarria da egituraren sendotzea.

Bestalde, jauregiaren hastapenetatik bertan dirauen estalkiko egitura orokorraren egoera ona da baina gune batzuetan, hegalean adibidez, ur filtrazioek eragindako onddoak eta beste patologia batzuk aurki daitezke. Horregatik, aurrez aipatutako teknikariek, konponketa eta elementu batzuen ordezkatze lanak proposatu dituzte.

  • SEGURAKO UDAL ARTXIBATEGIA. "Segurako hirigune historikoa babestu eta birgaitzeko plan berezia", 1990
  • SEGURAKO UDAL ARTXIBATEGIA. "Proyecto de restauracion de la cubierta y bajocubierta del palacio Lardizabal (casa consistorial) de Segura" 2008, signatura: c. 60
  • SEGURAKO UDAL ARTXIBATEGIA. "Informe sobre el estado del palacio de Lardizabal en Segura y las obras que en el se precisan", 1980, signatura: c. 60
  • SEGURAKO UDALAREN WEBGUNEA. Lardizabal jauregia [Kontsulta data: 2012ko irailak 17].