Kontzeptua

Itzulpengintza Euskal Herrian

Euskal itzulpengintzak historian izan duen bilakabidea bat dator Europako beste hizkuntza gutxitu eta minorizatu batzuek zapaldutako ibilbidearekin, berbeta handi edo hegemonikoena ez bezalako bide bat: nagusi ez diren mintzoetan itzulpena hizkuntza eta kultura bizirauteko baliakizun izaten da, batez ere. Beraz, politikagintzarako, erlijioa hedatzeko eta hizkuntza normalizatzeko tresna ere izan da euskal itzulpengintza.

Euskarari gagozkiola, gainera, euskal literaturaren historia hasmenetan bat dator itzulpenaren historiarekin, testu itzuliak nagusi baitira lehen euskal literaturan; nahiz eta euskal itzulpengintzan nabarmenena den abio haietan erlijio itzulpena nagusi gertatu izana eta XVI. mendetik XX. mendera bitartean sekularizatze prozesu batean murgilduta egon izana.

Euskal itzulpengintza horrek bidaide eraman ohi izan ditu hizkuntzaren beraren eta itzulpengintzaren gaineko gogoetak, batez ere hitzaurreen bitartez eginak -mundu zabalean unean-unean indarrean egoniko itzulpen hausnarketa eta teorizatze nagusietatik urrun samar, dena dela-; eta halaxe jazo zen lurralde euskaldunen gaineko eskumen politikoak zituzten antolamendu politiko-administratiboak gorabehera, 1978an Autonomia Estatutua onartu arte ez delako inoiz itzulpen politika ofizialik izan lurralde euskaldunetan -Joana Albretekoa erreginak XVI. mendean Nafarroako Erresuman protestantismoa hedatzeko bultzaturiko erlijio itzulpengintza izan ezik-.

Hasieratik bertatik, beraz, itzulpenak garrantzi handia izan du Euskal Herriko literatur ekoizpenean, eta gertaera hori bat dator teorilari batzuen ikuspegiarekin, alegia, zenbat eta hizkuntza batek gehiago ekoiztu, orduan eta gutxiago jotzen du itzultzera, eta alderantziz. Itzulpenak euskarazko ekoizpenaren % 16tik % 40ra hartu ohi izan du (administrazioko eta hezkuntzako itzulpena gogoan hartuz gero, Autonomia Erkidegoan, behintzat, % 50 izan daitekeela ere esan liteke, legeek hala behartuta).

Euskal ekoizpen itzuliaren urritasun erlatiboa ulertzeko, ezinbestekoa da faktore soziopolitikoak ondo gogoan izatea: euskarak XX. mendea arte estatus ofizialik ez izateak galarazi zuen inguruko hizkuntzek izandako literatur eta itzulpen garapenik; baina ez euskal letradunik ez zegoelako, gauza ezaguna baita euskaldunak oso ondo eta gora kokatuta egon direla betidanik administrazio, botere eta irakaskuntza egituretan, euskaraz ekoiztu ez zutelako baizik -edo gaur arte heldu ez direlako-.